Beasaingo Udalak 1.489.349,43 euroko inbertsioa egingo du sei hilabeteko epean, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko Europan aitzindaria izango den espazio publikoa sortzeko
Barrendain plaza, pertsonen ongizatea eta komunitatea erdigunean jarriko dituen espazio berria izango da. Beasaingo Udaleko Gobernu Batzordeak 2025eko abenduaren 4an aho batez onartu zuen Barrendain plaza urbanizatzeko obrak CONSTRUCCIONES MOYUA, S.L. enpresari esleitzea. Esleipenaren zenbatekoa 1.489.349,43 eurokoa da (BEZa barne), eta lanek sei hilabeteko egikaritze epea izango dute. Barrendain plazaren berrurbanizazioak 5.500 metro koadroko azalera hartzen du, eta Beasaingo erdigunean kokatutako espazio enblematiko hau pertsonentzat pentsatutako gune bizigarri, irisgarri eta osasungarri bihurtzea du helburu. Historikoki garraio publikoaren eta mugikortasunaren ardatz izan den plaza honek, aurrerantzean, topagune, atsedenleku eta elkarbizitzarako espazio izateko bokazioa izango du.
Proiektuaren helburu nagusia da oinezkoei eta herritarren eguneroko erabilerari lehentasuna ematea, ibilgailuen presentziaren gainetik, eta herritarren ongizate integrala sustatzea. Horretarako, espazio berriak haur-jolasguneak, atseden eta egoteko eremuak, lorategiak eta erabilera anitzeko gune irekiak izango ditu, baita oinezkoentzat eta bizikletentzako ibilbide seguruak ere.
Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko diseinatutako plaza aitzindaria
Barrendain plazaren eraberritzea berezia egiten duen ezaugarrietako bat da nahi ez den bakardadeari aurre egiteko berariaz diseinatutako proiektua izatea. Beasainen eta Gipuzkoan aitzindaria den esku-hartzea da, eta Europan erreferente bihurtzeko bokazioa du.
Proiektua KALELAGUN ekimenaren baitan garatu da, espazio publikoak pertsonen arteko harremanak sustatzeko tresna gisa ulertzen dituen ikuspegitik. Diseinuaren bidez, elkarreragina, komunitatea, belaunaldi arteko harremanak eta ongizatea indartzea bilatzen da, erabilera espontaneoa zein jarduera komunitarioak ahalbidetuko dituzten eremu moldagarrien bidez.
Altzariek eta materialen aukeraketak ere helburu horiei erantzuten diete: egurra bezalako material beroak, itzalpeko plataformak, irisgarritasuna bermatzen duten elementuak eta elkarguneak sortzera bideratutako antolamendua. Halaber, informazio-totem bat jarriko da tokiko informazioa eta jarduerak herritarrengana hurbiltzeko.
Parte-hartzea eta elkarlana, proiektuaren ardatz
Barrendain plazaren berrurbanizazioa parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da. Proiektuaren diseinuan eta garapenean Beasaingo herritarrek, elkarteek eta tokiko eragileek parte hartu dute, espazioak benetako behar sozialei erantzun diezaien.
Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) CAVIAR ikerketa-taldeko hogei ikertzaile eta ikasle baino gehiagok parte hartu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ADINBERRI Fundazioaren babesarekin. Guztira, 65 pertsona baino gehiagok hartu dute parte kosorkuntza-tailerretan, administrazioa, hirugarren sektorea eta enpresa-sektorea barne hartzen dituen elkarlan-eredu baten baitan.
KALELAGUN ekimenaren testuingurua
KALELAGUN ekimena espazio publikoak eraldatzeko diseinu-gida batetik sortu da, nahi ez den bakardadea arintzeko eta komunitatearen parte-hartzea sustatzeko helburuarekin. Gida hau Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) diziplina anitzeko ikerketa-talde batek garatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta finantzatu du ADINBERRI Fundazioaren bidez, bakardadeei aurre egitea ardatz duen HARIAK estrategiaren baitan.
KALELAGUN ekimena praktika on gisa aitortu dute KORALE proiektuan, ADINBERRIk gidatutako eta Europako beste bost eskualderekin batera garatutako ekimenean, helburu argi batekin: nahi ez den bakardadea Europako politika publikoen erdigunean jartzea.
Udalaren helburuak eta herritarrengan duen eragina
Beasaingo Udalaren ustez, Barrendain plaza berria ez da soilik azpiegitura fisiko bat, baizik eta bizikidetzaren, komunitatearen eta ongizatearen ikur bihurtuko den espazioa. Proiektu honek herritarren bizi-kalitatea hobetzea, harreman sozialak sendotzea eta Beasain atseginago, seguruago eta gizatiarrago bat eraikitzen laguntzea du helburu.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesu osoan parte hartu duten erakunde, elkarte, ikertzaile eta herritar guztiei, haien ekarpenek Barrendain plaza etorkizuneko erronka sozialei erantzuteko prestatutako espazio bihurtzea ahalbidetu baitute.



