Ekainaren 13an ur-jolasak eta Kiroldegiko estaligabeko igerilekuak ekainaren 15ean irekiko dira bertako liburutegi zerbitzuarekin batera
Ur-jolas jasangarriak, zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira eta iragazpen sistema bati esker uraren kalitatea eskatutako osasun-arauetara egokitzen dela bermatzen da
Behin uda sasoia eta eguraldi beroa iristean, Udalak eskaintzen dituen urtaro honetako zerbitzuak martxan jarriko dira. Honela bada, kokatu eta funtzionamenduan egongo dira ekainaren 13tik urrira arte (eguraldiaren arabera) Dolarea parkeko ur-jolasak. Udako igerilekuak edo Antzizar kiroldegiko estaligabeko igerilekuak, ekainaren 15ean ireki eta irailaren 15a arte egongo dira zabalik. Honi lotuta, liburutegi zerbitzua ere eskainiko da bertan.
Ur-jolas jasangarriak
Jolaserako eta bero egiten duenean freskatzeko izateaz gain, gogorarazi behar da ur-jolasak uraren kontsumo arduratsu bat egiten dutela. Zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira iragazpen sistema bati esker, milaka ur litroren kontsumoa ekidinez. Horretaz gain, uraren osasungarritasuna bermatzeko, igerilekuetako urak duen kontrol berdina du osasun arauak betetzen direla bermatuz. Hartara, astean bi aldiz egingo dira mantenu lanak sistema osoaren funtzionamendua egokia dela egiaztatzeko eta filtro ezberdinak garbitzeko. Uraren kalitatea egokia dela ziurtatzeko egunean bi analisi egingo dira eta hilean behin analitika berezia laborategian. Analisi guztiak erabiltzaileek ikusteko leku batean jarriko dira ikusgai.
Berrerabiltze sistema horretaz gain, nahiz eta ur hornidura irekita egon, jokoak martxan jartzeko eskuz aktibatu behar izango dira, egon daitezkeen ur galerak are eta gehiago murriztuz. Ur-jolasak martxan izango dira honako ordutegiaren barruan: goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara. Eguraldiaren arabera, ohiko moduan urrirarte egongo dira martxan ur-jolasak.
Eraiki zenetik, Dolarea parkea espazio publiko balioanitza da. Uda garaian, haurren jolaserako freskagarri diren ur-jolasak jartzen dira eta hau amaitzean udazkenean berriro erretiratuak izaten dira. Horrela, urritik ekainera eremu aproposa bilakatzen da Dolarea inguruan jolasean ibiltzen diren haurrek modu seguruagoan kirol eta jolas desberdinetan aritzeko. Parkeko eremu hau kultura, kirola eta beste mota batzuetako ekitaldiak burutzeko erabilgarri egoten da.
Jolas egokituen guneak parkearen erabilera jende orori zabaltzea erraztu du eta honek parkearen erabilera eta aprobetxamendua handitu du. Eskaintzaren osagarri bertako komun publikoa da.
Udako igerilekuak eta bibliopiszina
Antzizar kiroldegiko estaligabeko udako igerilekuak ekainaren 15ean zabalduko dira eta irailaren 15era arte egongo dira zabalik. Ordutegia honakoa izango da; astelehenetik ostiralera, goizeko 11:30etik 20:30era eta asteburuetan eta abuztuan 20:00ak arte. Antzizar kiroldegiko udako abonoa (ekaina-iraila) ateratzeko aukera zabalik dagoela jakinarazten da. Era berean ohiko zerbitzuak eskainiko dira, eguzkitakoak, dutxak, aldagelak, taberna eta itzalkinak.
Honi lotuta, bibliopiszina edo igerilekuetako liburutegi zerbitzua ere martxan jarriko da aldi berean. Egunero egongo dira zabalik, euririk egiten ez badu eta erabilera arautua egongo da. Etxolan dagoen materiala zaindu eta txukun mantentzea eskatuko da. Aldizkariak eta liburuak hartu eta uzteko izango da bakarrik eta ez bertan egoteko. Erabiltzaile bakoitza hartzen duen materialaz arduratuko da. 6 urtetik beherako haurrek zerbitzua guraso edo zaintzaile batekin erabiliko dute. Ordutegia, egunero, 11:30etik 20:00etara izango da. Etxolatik hartutako materiala 19:45erako itzuli beharko da.



