Udalbatza osoak babesa eman dio EAJ-PNVren mozioari, 2026ko ekainaren 24ko lurrikara bikoitzaren ostean berreraikitze lanak eta laguntza humanitarioa bultzatzeko
Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko genero ikuspegidun ikerketa-beka berria abian jarriko da, PSEren abstentzioarekin eta gainerako taldeen aldeko botoarekin
Plazape tabernaren kudeaketa berriro lehiaketara ateratzea eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko partaidetza-kuota eguneratzea ere adostu dira.
Uztaileko ohiko osoko bilkuran hartutako erabakien artean, pisurik handiena izaeraz giza-elkartasunari lotutako ekimen batek hartu du: Udalbatzak aho batez onartu du EAJ-PNV Udal Taldeak "Venezolanos en Euskadi" plataformaren izenean aurkeztutako mozioa, joan den ekainaren 24an Venezuelak jasandako lurrikara bikoitzaren ondorioak eragindako kaltetuei elkartasuna adierazteko. Horrez gain, gizarte-, kultura- eta lurralde-alorretako hainbat egitasmo garrantzitsu onetsi ditu Udalak.
Venezuelar herriari elkartasuna eta babesa
EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa izan da, udal alderdi guztiek (EAJ-PNV, PSE, Podemos eta EH Bildu) aho batez babestu dutena. “Venezolanos en Euskadi” elkarteko kideek batzar aretoan irakurritako testuak, Beasaingo Udalaren atsekabea eta elkartasuna helarazi die 2026ko ekainaren 24an Venezuelan izandako 7,2 eta 7,5 magnitudeko lurrikaren biktima, zauritu eta kaltetu guztiei. Halaber, elkartasun mezua zabaldu zaio Beasainen eta Euskadin bizi den venezuelar eta latinoamerikar komunitateari. Era berean, Udalak herritarrei dei egin die laguntza humanitarioa bideratzen ari diren gobernuz kanpoko erakundeekin (Cáritas, ACNUR, Tierra de Gracia Fundazioa, besteak beste) elkarlanean aritzeko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu die larrialdiko aurrekontu-partidak eta berreraikitze-lanetarako baliabideak indartu ditzatela.
Beasaingo emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko beka
Gure herriko gizarte-ondarea aberasteko helburuz, Udalak Beasaingo emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ikerketa-beka sortzea onartu du (EAJ-PNV, Podemos eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin).
Egitasmo honi esker, beasaindarrek aukera izango dute orain arte ezkutuan egon den herriko historiaren zati bat ezagutzeko: emakumeek Beasaingo lan, gizarte, ekonomia eta kultura arloetan izandako garrantzi eta ekarpen izugarria. 8.000 euroko laguntza honekin sortutako ikerketa-lanak herritarren eskura jarriko dira bideo, liburuxka edo erakusketa formatuan, emakumeei zor zaien aitortza publikoa emanez. Deialdian parte hartzeko eskaerak 2026ko urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrean partaidetza
Udalbatzak aho batez onartu du Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko urteko bazkide-kuota eguneratzea. Partaidetza honek Beasain mugikortasun jasangarriaren eta logistika aurreratuaren sare nagusietan kokatu eta inguruko industria zein garraio arloko berrikuntzekin lotura zuzena mantentzea ahalbidetzen du. Eguneratze honek urteko kuota KPIaren eta dagozkion zergen arabera doitzea dakar.
Plazape tabernaren ustiapen berria eta azokaren dinamizazioa
Plazape tabernaren ustiapenari, alboan dituen komun eta dutxa publikoei, zein plaza azpiaren eta azokaren dinamizazioari lotutako kontratazio publikoa abian jartzea onartu da aho batez.
Aurreko kontratua amaitzear dagoenez, prozedura irekia abiatuko da 2 urteko eperako (gehi urtebeteko 3 luzapen aukerarekin). Baldintza multzoan herritarrentzako interesgarriak diren alderdiak lehenetsi dira: lokalaren eta zerbitzuen egoera higieniko-sanitarioa hobetzeaz gain, kulturaren eta azokaren dinamizazioari pisu handia emango zaio. Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 1a izango da.
Osoko bilkurako beste erabaki batzuk
Gainera, bilkuran honako gai hauek ere aztertu eta bideratu dira. 2028ko udal egutegia osatzeko "Artea kalean, kaleko artea" gaia izango duen argazki lehiaketaren oinarriak onartu dira. Argazkiak aurkezteko epea 2027ko irailaren 30ean amaituko da. Halaber, nerabeentzako Gazteleku zerbitzuaren kudeaketa kontratatzeko datozen urteetako konpromisuzko kredituak egokitu dira, eta Udaltzaingoaren araudia ofizioz aldatzea eta behin betiko onespena ematea onartu da.
Idazkariaren agurra
Udaleko idazkari gisa hogeita hamazazpi urteko ibilbide oparoa bete ondoren, azken osoko bilkura izan zuen Itziar Arostegi Apaolazak; hitzordua, ordea, ez zen ohiko tramite hutsa izan, bilkuraren amaiera hunkigarria bihurtu baitzen Udalbatzako alderdi guztiek aho batez haren dedikazioa eta lan-ibilbide luzea goratu eta eskertzeko aukera baliatu zutenean. Une berezi hartan, Itziarrek berak ere hitz batzuk eskaini zituen, ia lau hamarkada hauetan udalaren barne-funtzionamenduak bizi izandako eraldaketa sakonak eta bilakaera deskribatzeko, esperientziaz eta esker onez betetako aro bati merezitako agurra emanez.



