Gureak Berdea enpresari esleitu zaio parke, udal lorategi, berdegune eta zuhaitzen mantentze-zerbitzua bost urterako
Azokako bertako produktuen merkaturatzea eta kontsumoa sustatzeko dirulaguntzen oinarriak ere onartu dira aho batez martxoko osoko bilkuran
Berdeguneen mantenua indartzeko kontratu berria
Beasaingo Udalak udalerriko parke, lorategi, berdegune eta bide-zuhaitzen mantendu, zaindu eta hobetzeko zerbitzua Gureak Berdea, S.L.U. enpresari esleitzea onartu du aho batez. Kontratuak bost urteko iraupena izango du, eta urteko esleipen-prezioa 368.566,12 eurokoa izango da, materialetarako 17.889,67 euro eta lan berezietarako 8.061,94 euro gehituta (BEZik gabe).
Zerbitzuak 135.000 m² baino gehiagoko azalera hartzen du, eta udalerriko espazio berdeak egoera egokian, garbi eta seguru mantentzea du helburu. Horretarako, askotariko lanak egingo dira: ureztatzea eta ureztatze sarearen mantentzea, soropilen mozketa eta aireztatzea, landaketa berriak eta birjarpenak, zuhaitzen kimaketak eta berdeguneen egokitzapen lanak. Era berean, espaloi eta hormen garbiketa, zuhaitzek eragindako arriskuen prebentzioa eta lan bereziak –hala nola altuerako inausketak edo destokonaketak– ere barne hartzen ditu kontratuak.
Mantenu arruntaz gain, erabilera intentsiboa duten guneei arreta berezia eskainiko zaie, herritarren aisialdirako eta harremanetarako espazio atsegin eta irisgarriak bermatzeko. Berdeguneek, gainera, ingurumenari egiten dioten ekarpena nabarmena da: biodibertsitatea zaintzen dute, airearen kalitatea hobetzen dute eta bero-uharte efektua murrizten laguntzen dute.
Esleipen honek gizarte-balio erantsia ere badu, gizarte-ekimeneko enplegu-zentroei eta gizarteratze-enpresei aukerak emanez eta enplegu inklusiboa sustatuz. Horrela, Beasainek udalerri jasangarri eta pertsonen ongizatea erdigunean jartzen duen herri izaten jarraitzen du.
Bertako produktuen sustapena eta azokaren indartzea
Osoko bilkuran, halaber, bertako produktuen merkaturatzea eta kontsumoa sustatzeko dirulaguntzen oinarriak onartu dira aho batez. Neurri honen helburua da Beasaingo larunbateko azoka indartzea eta tokiko ekoizleen lana balioan jartzea.
Dirulaguntza lerro honen bidez, bertako lehengaiak, garaian garaiko produktuak eta tokiko elikadura jasangarria sustatu nahi dira. Azokak funtzio sozial eta ekonomiko garrantzitsua betetzen du herrian: tokiko ekoizleentzako salmenta- eta ikusgarritasun-gunea da, eta aldi berean herritarren arteko topagune eta harreman-espazioa.
Ekimen honek, beraz, helburu anitzak uztartzen ditu: bertako ekonomia sustatzea, kontsumo arduratsua bultzatzea, elikadura osasuntsua defendatzea eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa indartzea.
Gainerako gaiak
Aipatutako erabakiez gain, osoko bilkurak gai-zerrendako gainerako puntuak ere onartu ditu. Besteak beste, kreditu-aldaketa espedientea, udal inbentarioaren eguneraketa, kultura, kirol, berdintasun, migrazio eta merkataritza arloko dirulaguntza-lerroak, garapen bidean dauden herrialdeetarako laguntzak eta etxebizitzen irisgarritasuna sustatzeko udal ordenantzaren hasierako onespena onartu dira.
Beasaingo Udalak, erabaki hauen bidez, herritarren ongizatea, ingurumenaren zaintza eta tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko konpromisoa berretsi du.



