Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Beasaingo Udalak ia 23,5 milioi euroko aurrekontua onartu du aurkako bozkarik gabe

2025/12/23

Beasaingo Udaleko osoko bilkurak 2026ko udal aurrekontuak onartu ditu, 23.413.825 euroko guztizko zenbatekoarekin. Etxebizitza publikoa, politika sozialak eta irisgarritasun unibertsala ardatz nagusiak izango dira 

Udal gobernuak osoko bilkuran onartzeko aurkeztutako 2026ko aurrekontuak legealdiaren hasieran ezarritako ardatz estrategikoei jarraikiz diseinatu dira, herritarren beharrak eta udalerriko erronka nagusiak erdigunean jarriz. Udal gobernuak lehentasunezkotzat jotzen dituen ildo nagusiak honako hauek dira:

  • Etxebizitza duina eta eskuragarria: gazteen eta familien beharrei erantzutea, lurzoruaren erabilera optimizatzea, alokairurako etxebizitza soziala sustatzea eta erabilera txikiko hiri-ondarea aktibatzea.
  • Ongizate soziala, autonomia eta komunitate-kohesioa: zaintza-sareak indartzea, gizarte-bazterkeriaren aurkako neurriak, adinekoentzako proiektuak, gazteen ongizate emozionala eta herritarren partaidetza sustatzea.
  • Ingurumen-jasangarritasuna eta bizi-kalitatea: herri-ingurunea zaintzea, berdeguneak eta irisgarritasuna hobetzea, eta klima- eta ingurumen-politikak sendotzea.
  • Enplegua, tokiko ekonomia eta merkataritza: kalitatezko enplegua, formazioa eta tokiko jarduera ekonomikoa indartuko duten egitasmoak babestea.
  • Irisgarritasuna, espazio publikoaren kalitatea eta bizikidetza: herrigunearen egokitzapena, mugikortasun jasangarria, segurtasuna eta espazio inklusiboen diseinua, herritarren parte-hartzearekin.

Kudeaketa arduratsua eta orekatua

23.413.825 euroko aurrekontuak udalerriaren behar sozial eta estrategikoei erantzuteko aukera ematen du, egungo zerbitzuak sendotuz eta inbertsio berriak ahalbidetuz. Hazkundea udal finantzen oreka eta jasangarritasuna bermatuz gauzatu da: gastu arrunta kontrolpean mantentzen da, udalaren zorpetzerik gabe, eta inbertsio nagusiak modu orekatuan txertatzen dira aurrekontuaren barruan.

Kudeaketa zuhurrari esker, 2026ko aurrekontuek legealdi honen erritmoari eusten diote, herritarren ongizatea eta Beasainen garapen estrategikoa lehenetsiz, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna indartuz.

Etxebizitza-politikak: alokairu publikoa eta gazteen emantzipazioa

Etxebizitza arloan, alokairuko etxebizitza publikoak sustatzeko lurzorua erostera bideratutako 400.000 euroko partida txertatu da, Ugartemendi eta Bernedoenea eremuak jomugan hartuta. Plan Orokor berriak aurreikusten duen moduan, Ugartemendin alokairurako 90 etxebizitza publiko eraikitzea proposatzen da, eta Bernedoenean hiri-zabalgune berri bat garatzea, guztira 600 etxebizitza berri aurreikusiz; horietatik 270 babes publikokoak.

Horrez gain, Beasainen identifikatutako 252 etxebizitza hutsak merkaturatzeko dirulaguntzak eta pizgarriak mantenduko dira. Gazteen emantzipazioa sustatzeko laguntzen bidez, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek eta mugikortasun urria duten pertsonek hilean 100 eta 250 euro arteko dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango dute.

Ongizatea eta komunitatea: zaintza-ereduaren indartzea

Ongizate Sailaren aurrekontuak %10eko igoera orokorra izan du. Bereziki aipagarria da etxez etxeko laguntza zerbitzuaren indartzea: 1,3 milioi euroko diru-lerroa ezarri da, %44ko gehikuntzarekin, herritarren eskaerei erantzuteko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Etxelagun ekimena garatuko da, autonomia pertsonala eta elkarren arteko zaintza sustatuko dituen etxebizitza tutelatuen eredu berria bultzatuz. Era berean, Zaintza Mahaia sortuko da, arreta, mendekotasuna eta gizarte-zerbitzuak koordinatzeko gunea.

Nahi ez den bakardadearen aurka, “Beasain konektatzen da kafe baten bueltan” bezalako ekimenak abiatuko dira, herritarren arteko harremanak sustatzeko. Ikastetxeekin elkarlanean, ongizate emozionalerako programak garatuko dira, eta gazteriari dagokionez, hasierako diagnostikoan oinarritutako Gazteriaren Plan berria landuko da. Gazteentzako programen artean daude aisialdi irekia, euskara-ohiturak sustatzeko ekimenak eta udalekuetarako laguntzak.

Ingurumena, espazio publikoa eta irisgarritasun unibertsala

Ingurumenaren zaintzan, ibaien garbiketa eta espezie inbaditzaileen erauzketa lanekin jarraituko da, baita hirigunean babesgune klimatikoak sortzeko esku-hartzeekin eta desamiantatze lanekin ere. Mugikortasun jasangarriaren esparruan, CarSharing edo auto elektriko partekatuaren zerbitzua egonkortuko da, herritarren beharretara egokitutako alternatiba gisa.

Espazio publiko atsegin eta inklusiboak helburu, Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala landuko da lehen aldiz, udalerri osoko behar nagusiak diagnostikatu eta espazio zein eraikin publikoetan egin beharreko esku-hartzeak planifikatzeko. Halaber, Mateo Mujika eta Arantzazu kaleen arteko igogailuaren proiektuak lehen urratsak emango ditu, eta Arana Gaiztarro parkearen birmoldaketarako parte-hartze prozesua jarriko da martxan, igogailu publiko bat txertatzeko proposamenetik abiatuta.

Lehen fasearen arrakasta ikusita, Senpereko horma-irudia handituko da uda partean, Beasaingo sarrera nagusietako bati izaera propioa eman dion artelana zabaltzeko.

Landa-auzoei dagokienez, AuzoTaxi dirulaguntza lerroa eguneratuko da, landa eremuetan bizi diren herritarrak erdigunearekin modu eroso eta malguagoan lotzeko. Gudugarreta auzoa programa honetara gehitu da, eta landaguneetako bide publikoen mantentze lanek 80.000 euroko urteko inbertsioa izango dute.

Tokiko ekonomia, enplegua eta merkataritzaren sustapena

Goiekirekin lankidetzan, formazioa eta enplegua sustatzeko laguntzekin jarraituko da. Tokiko merkataritza indartzeko, negozioen jarraikortasuna bermatzeko dirulaguntzak, azokaren sustapena, saltoki hutsen berrerabilera eta dinamizazioa bultzatuko dira. Halaber, “Zero hondakin – rexcatering” proiektuaren jarraipena egingo da, ekonomia zirkularra sustatzen duten neurriekin batera.

Tori! banaketa jasangarrirako zerbitzuak tokiko produktuak —merkatarienak zein azokakoak— etxebizitzetara eta takilla publikoetara banatzen jarraituko du. Gainera, eskaera egiten duten etxebizitzetako atarietan takillak doan eta mantentze-kosturik gabe instalatuko dira.

Oposizioaren ekarpenak jasotzen dituen aurrekontua

Kontrako bozik gabe onartu dira aurrekontuak. Oposizioko hiru taldeak abstenitu egin dira bozketan, udal gobernuak aurrekontuen negoziazioan izan duen gertutasuna eta prestutasuna balioan jarriz. Izan ere, onartutako aurrekontu orokorrek oposizioko talde politikoek egindako hainbat ekarpen ere barne hartzen dituzte, besteak beste: gaztetxo eta nerabeen artean zientzia eta profil teknologikoak sustatzeko STEAM tailerrak, Ezkiagako haur parkearen estalkiaren proiektua, aisialdian euskara biziberritzeko egitasmoak eta Seaska haurreskolako ataria berritzeko esku-hartzeak.

Aurrekontuen onarpenak instituzionalki funtsezko urratsa dakar: udalaren jarduna egonkortzen du, zerbitzu publikoen jarraipena bermatzen du eta legealdiko kudeaketa-planaren konpromisoak gauzatzeko tresna nagusia bihurtzen da. 2026ko aurrekontuek, beraz, udal gobernuaren norabide politikoa berretsi eta Beasainen etorkizuneko garapenerako oinarriak sendotzen dituzte.