23.413.825€-ko aurrekontu proiektuak etxebizitza eskuragarria, politika sozialak, ingurumenaren zaintza, enplegua eta tokiko ekonomia lehenesten ditu, legealdiko konpromiso estrategikoekin bat eginez
Etxebizitzaren arloan, alokairu publikoa sustatzeko lursailen erosketarako 400.000€-ko partida eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko dirulaguntzak nabarmentzen dira
Ikuspegi sozialean, proposamenak etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren %44-ko gorakada jasotzen du, Zaintza Mahaiaren eraketa eta ongizate emozionalerako programei bultzada herriko ikastetxeekin elkarlanean, besteak beste
Udal gobernuak 2026ko Aurrekontu Proiektua aurkeztu du, guztira 23.413.825 eurokoa. Proposamenak legealdiko kudeaketa-planaren jarraipena bermatzen du, emandako hitza eta konpromisoa betetzen jarraitzeko eta etxebizitza, ongizate soziala, jasangarritasuna, enplegua eta auzotarren arteko kohesioa sendotzeko inbertsio berriak biltzen ditu.
Helburuak eta lehentasunak
2026ko aurrekontua legealdiaren hasieran ezarritako ardatz estrategikoei jarraipena emanez diseinatu da. Hauek dira udal gobernuak lehentasuntzat jotzen dituen ildo nagusiak:
- Etxebizitza duina eta eskuragarria: gazteentzako eta familien beharrak asetzeko bideak zabaltzea, lurzoruaren erabilera optimizatzea, alokairurako etxebizitza soziala sustatzea eta erabilera txikiko hiri-ondarea aktibatzea.
- Ongizate soziala, autonomia eta komunitate kohesioa: zaintza-sareak indartzea, gizarte-bazterkeriaren aurkako neurriak, adinekoentzako proiektuak, gazteen ongizate emozionala eta partaidetza sustatzea.
- Ingurumenaren jasangarritasuna eta bizi-kalitatea: herri-ingurunea zaindu, berdeguneak eta irisgarritasuna hobetu, eta klima- eta ingurumen-politikak sendotzea.
- Enplegua, tokiko ekonomia eta merkataritzaren dinamizazioa: kalitatezko enplegua, formazioa eta tokiko jarduera ekonomikoa babestuko duten egitasmoak indartzea.
- Irisgarritasuna, kalitatezko espazio publikoa eta bizikidetza: herrigunearen egokitzapena, mugikortasun jasangarria, segurtasuna eta herritarren partaidetzarekin diseinatutako espazio inklusiboak.
- Ardatz hauek udal gobernuaren dokumentu programatikoan jasotako konpromisoak dira, eta 2026ko aurrekontua tresna nagusietako bat izango da horiek betetzen jarraitzeko.
Aurrekontuaren ikuspegi orokorra eta kudeaketa ona
2026ko udal aurrekontuak 23.413.825 euroko guztizkoa izango du; proposamen berriak udalerriaren beharrizan sozial eta estrategikoei erantzuteko aukera emango du, aldi berean egungo zerbitzuak sendotuz eta inbertsio berriei bidea irekiz. Hazkunde hori, gainera, udal finantzen oreka eta jasangarritasuna bermatuz egiten da, gobernu taldeak jarraitzen duen kudeaketa zuhurraren ondorioz: gastu arrunta kontrolpean mantentzen da, zorrik gabe eta inbertsio nagusiak aurrekontuaren barruan modu orekatuan txertatzen dira. Horrela, 2026ko aurrekontuak herritarren ongizatea eta udalerriaren garapen estrategikoa lehenetsi dituen legealdi honen erritmoari eusten dio, betiere ardura ekonomikoari eutsiz eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gaitasuna indartuz.
2026ko proiektu eta inbertsio nagusiak
Etxebizitza arloan, alokairuko etxebizitza publikoentzako lurzorua erosteko 400.000€-ko partida bat txertatu da, begiak Ugartemendi eta Bernedoeneako orubeetan jarrita. Izan ere, Plan Orokor berriak iragartzen duen bezala, Ugartemendin alokairurako 90 etxebizitza publiko sustatu nahi dira eta Bernedoenean hiri zabalkunde berri bat proposatzen da, guztira 600 etxebizitza berri izango lituzkeena, horietatik 270 babes publikokoak.
Beasainen identifikatuta dauden 252 etxebizitza hutsen merkaturatzea sustatzeko diru-laguntzak eta pizgarriak mantenduko ditu Udalak. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntzak dira adibide, non 18-35 urte bitarteko gazteek eta mugikortasun urria dutenek hileko 100 eta 250 euroko dirulaguntza jasotzeko aukera izango duten.
Ongizatea eta komunitatea
Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, herritarren eskaerei erantzunez, zerbitzuan hobekuntzak emango dira. Horretarako 1,3 milio euroko diru-lerroa jarri da, %44ko igoera ezarriz. Etxelagun ekimena garatuko da, autonomia eta elkarren arteko zaintza sustatuko duen etxebizitza tutelatuen eredu berria. Zaintza mahaiaren sorrera, arreta, mendekotasuna eta gizarte-zerbitzuak koordinatzeko. “Beasain konektatzen da kafe baten bueltan” bezalako ekimenak, nahi ez den bakardadearen aurka herritarren arteko harremanak sustatzeko abiatuko da. Ikastetxeekin elkarlanean, ongizate emozionalerako programak. Gazteriaren plan berria, Hasierako diagnostikoaren gainean eraikia izango da. Gazteentzako programak: aisialdi irekia, euskara-ohiturak, udalekuetarako laguntzak…
Ingurumena, espazio publikoa eta irisgarritasuna
Ingurumenaren zaintzarako, Ibaien garbiketa eta espezie inbaditzaileak erauzten jarraituko du Udalak, baita hirigunean babesgune klimatikoak sortzeko esku-hartzeekin eta desamiantatze-lanekin ere. Bestetik, CarSharing edo auto elektriko partekatu zerbitzua egonkortu egingo da herritarren beharretara moldatzen den mugikortasun zerbitzu berriak eskaintzeko.
Espazio publiko atsegin eta irisgarria helburu, Irisgarritasun Plana eguneratuko da, udalerri mailan dauden behar nagusiak diagnostikatu eta proiektu desberdinak planifikatzeko. Halaber, Mateo Mujika - Arantzazu kaleen arteko igogailuaren obrak lehen pausoak emango ditu eta Arana Gaiztarro parkearen birmoldaketarako parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan, igogailu publiko bat txertatzeko proposamenetik abiatuta.
Lehen fasearen arrakasta ikusita, Senpereko horma-irudiaren handitzea egikarituko da uda garaian, Beasaingo sarrera nagusietako bat apaindu eta izaera propioa eman dion artelana hedatzeko.
Landa-auzo eta eremuei dagokionez, AuzoTaxi dirulaguntza lerroa eguneratuko da datorren urtean, landa auzoetan bizi diren beasaindarrak erdigunearekin modu eroso eta malguagoan lotzen dituen zerbitzua ahalbidetzeko. Gudugarreta auzoa gehitu da programa honetara. Landaguneetako bide publikoen mantenuak garrantzia izango du, urteroko 80.000€-ko inbertsioarekin.
Tokiko ekonomia, enplegua eta merkataritzaren biziberritzea
Goiekirekin lankidetzan, formazioa eta enplegua sustatzeko laguntzen konpromisoari tinko eusten zaio. Tokiko merkataritza indartzeko ekimenak, negozioen jarraikortasuna sustatzeko laguntzak, azokaren sustapena, saltoki hutsen berrerabilera eta dinamizazioa aurkitzen dira. “Zero hondakin – rexcatering” proiektuaren jarraipena eta ekonomia zirkularra sustatzen duten neurriak bultzada berria izango dute.
Tori! - banaketa jasangarrirako zerbitzuak tokiko produktuak, merkatarienak zein azokakoak, etxebizitzetara eta takilla publikoetara banatzen jarraituko du. Gainera, etxebizitzetako atarietan takillak doan eta mantenu kosturik gabe instalatuko zaizkie eskaera egiten duten jabekideei.
Udal gobernu taldeak aurrekontu proiektua oposizioko gainerako talde politikoei aurkeztu zien aztertu zezaten haien ekarpenak jasotzeko. Honela, dokumentuaren azken bertsioa abenduaren 22an egingo den Udalbatzaren osoko bilkuran onartzeko aurkeztuko da.



