Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Udalaren adierazpena LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

2025/06/27

Ekainaren 28an, Beasaingo Udalak bat egiten du LGTBIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin, eta aniztasunetik eskubideekin eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu.


LGTBIQA+ pertsonen aurkako gorroto-diskurtsoek gora egin dute eta normalizatu egin dira pixkanaka. Diskurtso horiek 34 indarkeria-kasu eragin dituzte Euskadin 2024an. Eraberean Sarearen arabera, argi geratzen da kolektibo horren eskubideak eta askatasunak indartzeko jarduerekin jarraitu behar dela.


Ekainaren 28a ospakizun bat izateaz gain, egindako bidea eta benetako berdintasuna lortzeko oraindik egiteko dagoen lana gogoraraztea ere bada. Beasaingo Udalak gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasunarekiko irekiagoa eraikitzen jarraituko du, udal-politika publikoen bidez eta herritar guztien ekintza kolektibo eta indibidualari lagunduz.


Euskal gizarteak aurrera egiteko gai dela erakusten jarraitzen du, oztopoak hausteko eta guztiontzako askatasun-eremuak irekitzeko; eta, alde horretatik, gure udal-eremuan gizarte bat eraikitzen laguntzen ari garela esan dezakegu, non pertsona bakoitza armairurik eta loturarik gabe izan eta bizi daitekeen, aurreiritzi, estigma eta beldurrik gabe. Baina badakigu oraindik bide luzea dugula egiteko.


Beasaingo Udalak berretsi egiten du giza eskubideekin eta LGTBIQA+ pertsonen eskubideekin duen konpromisoa, eta Beasaingo herritarrak irmotasunez jokatzera animatzen ditu, gorroto-diskurtsoen aurrean isilik ez egoteko eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide urraketa salatzeko. Berdintasuna eta askatasuna ezin dira negoziatu.


LGTBIQA+ eskubideen aldeko borroka herritar guztien erantzukizuna da. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizunaren alde batera lan eginez; horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu egun honetako sentsibilizazio eta aldarrikapen ekintzetara batu daitezen, LGTBIQA+ pertsonen eskubideen defentsa eta sexu eta genero aniztasunaren aldeko borroka gure herriaren nortasun elementu izan daitezen.