Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Legealdiaren erdibidean balorazio baikorra egin du udal gobernuak agintaldiaz

2025/06/27

Egitasmo eta proiektuak ezarritako epeen barruan betetzen doaz: ingurumenaren zaintza, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna izan dira gobernu-ekintzaren ardatzak

Beasaindarren ongizate integrala helburu, datozen proiektuekin udalerri hobeago bat eraikitzeko lan ardatzak jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa izaten jarraituko dute

Udal gobernua 2023-2027 legealdiaren erdira iritsi da, eta agintaldiaren hasieran aurkeztutako planaren betetze maila positiboki baloratu du. Lehenengo bi urte hauetan, gauzatu diren proiektuak eta hemendik aurrera bideratuta daudenak edota abian jarriko direnak zerrendatu ditu Udal Gobernuak. 

"2023an hartutako konpromisoak betetzen ari gara, helburu bezala beasaindarren bizi kalitatea hobetzea dutenak. Bide honetan, herritarren partaidetza ezinbestekoa izaten ari da eta laguntza hori eskertzen dugu, funtsezkoa baita herri bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko" adierazi du Leire Artola alkateak. Hori horrela, hitza betez, aurreikuspenak betetzen doazela adierazi du.

Ingurumena errespetatzen duen udalerri gizatiarragoa eraikitzeko asmo horretan, jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa dira egitasmo guztien lan ardatzak.   

Gauzaturiko ekimenak

Osatu diren proiektuen artean, ingurumenaren zaintza, mugikortasun jasangarria, irisgarritasuna, tokiko ekonomiaren sustapena eta etxebizitza politikekin lotuakoak aurkitzen dira. 

Azpimarratzekoak dira Ezkiaga auzoan uholdegarritasun arriskua gutxitzeko bukatutako lanak, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteaz gain eremu berri eta atsegin bat sortzea ahalbidetu dutenak. Ingurumenaren ildo beretik, kale argiteria LED teknologiara aldatzeko lehen bi faseak burutu dira baita Salbatoreko bidegorria argiztatu eta Loinaz futbol zelaian plaka fotovoltaikoak instalatu ere. Bestetik, ibaietako ekosistemarekin zerikusia duten garbiketak eta landare inbaditzaileen erauzketak egin dira ibaira zaborrik ez erortzeko zokaloak jarri dira. 

Mugikortasun jasangarri eta seguruago bat bultzatzeko, Igartza Oleta zein Antzizarreko bidegurutze arriskutsuak biribilgune bilakatu dira eta auto elektrikoa alokatzeko zerbitzu berritzaile bat eskaintzen da Gernikako Pasealekuan pasa den apiriletik. Alkartasuna Lizeora gerturatzen direnek ere irisgarritasun baldintza hobeak dituzte, frontoi estaliraino doan arrapala berriari esker.

Tokiko ekonomia sustatzeko Beasaingo Udalak partaidetza aktiboa izan du Goiekin, Hazilan+ edo Elkar Ekin bezalako ekimenak sustatuz. Hauen helburua prestakuntza espezializatua, orientazio pertsonalizatua eta praktikak eskaintzea da, lan-merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsona kualifikatuentzat, bereziki emakumeentzat. Bestalde, Tori! banaketa sistemari esker, azokako ekoizle eta Beasaingo merkatari txikiei etxez-etxeko zerbitzu berritzaile bat eskaini zaie erosketak banatzeko, bizikleta eta takilla adimentsu bidez osatzen dena eta bezeroei erosotasuna eta malgutasuna eskaintzen diena.

Etxebizitza politiketan, alokairu bidezko emantzipazioa babesteko dirulaguntzekin jarraitu du Udalak, 18-35 urte bitarteko gazteei eta desgaitasuna duten pertsonei zuzendurikoak, baita lokal komertzialak etxebizitza tasatu bilakatzeko ordenantza eguneratuarekin ere. Bestetik, Etxebizitza Hutsen azterketa burutu da, Beasainen hutsik dauden 252 higiezinak merkaturatzeko estrategiak proposatzen dituena. 

Abiarazitako proiektuak

Eginda daudenez gain, epe honetan hainbat proiektu estrategiko aktibatu dira eta martxan daude. Tartean, San Inazio–Esteban Lasa ardatzaren berrurbanizazioa.

Legealdi planaren ildoarekin bat eginez, kultur azpiegituren modernizazioa eta hedapena udal gobernuaren xede dira. Honela, Loinatz Udal Musika Eskolaren eraberritze osoa (375.000 euroko inbertsioa), eta 2025ean hasiko den Bonberia Kultur Gunea izeneko gune kultural berriaren eraikuntza prozesuak aktibatuta daude. Ondarea eta artearekin lotuta, Andra Mari Zeruratuaren parrokiko horma-irudi errenazentistak udalerriari egin dioten ekarpen garrantzitsuaz jabetuta, Udalak Diputazioa eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, zaharberritze lanen finantziazioan parte hartzen du. 

Datozenak

Barrendain plazaren eraberritzea urte amaieran hastea espero da. Sozializaziorako eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko espreski sortutako lehen eremua izango da Adinberri, arkitektura, psikologia zein infromatika eskola (EHU) eta ASMUBE, Nagusilan eta herriko beste hainbat eragileekin landuriko proiektua. Urte amaierarako ere Gazteleku berriaren lanak hastea espero da eta nerabeentzako zerbitzu berriaren aktibazioa datozen hilabeteetan emango da. 

Bi egitasmo hauen atzetik, Anbulategia eta Indar lotuko dituen Bide Berdea, Arana-Gaiztarro parekaren eraberritzea, Olaran Talentu Faktoria eta Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria etorriko dira, besteak beste.

Laburbilduz, Beasaingo Udalak legegintzaldiaren erdian gobernu-ekintza sendoa erakusten du: azpiegituren exekuzio eraginkorra, politika sozial sendoak, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzearen sustapena uztartzen dituena. Udal gobernuak konpromisoa berresten du Beasain herri inklusiboago, jasangarriago eta parte-hartzaileago baten alde lan egiteko, Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat etorriz eta herritarren lehentasunak kontuan hartuz.

2023/2027 Legealdi plana