Diputatuen Kontseilu Nagusiaren bilkura ibiltaria Goiekin egin dela aprobetxatuz, Antzizargo biribilgune berria ikusten izan dira Foru eta Udal agintariak
Eider Mendoza Ahaldun Nagusia, Félix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurraldearen Antolamendurako diputatuarekin batera Beasainen izan da. Diputatuen Kontseilu Nagusiaren bilkura ibiltaria Goiekiren egoitzan (Goierri) egin dela aprobetxatuz Leire Artola alkatearekin eta Adur Ugartemendia Lurralde arloko presidentearekin elkartu dira. Udal agintarien eskutik legealdi honetan esku artean dituen proiektuen inguruko xehetasunak jaso eta amaitu berri den Antzizargo biribilgunea ikusten izan dira.
Antzizargo biribilgune berriak segurtasuna hobetuko du
Udal eta Foru agintariak Antzizarreko biribilgune berria ikusten izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko urrian hasi zituen lanak eta zortzi hilabeteren ostean amaitu da. Guztira ia 600.000 euroko inbertsioa izan du. GI-2632 errepidearen eta Igartza-Oleta bidearen arteko gurutzagunea zen aurretik, eta orain biribilgune moderno eta segurua bihurtu da. Ibilgailuen abiadura moteltzen duen diseinu kurbatua eta oinezkoentzako segurtasun handiagoa ekarri duen azpiegitura honetan, argiteria, drainatzea, seinaleztapena eta segurtasun-elementu berrituak jarri dira. Beasaingo sarrera nagusietako bat den honetan ibilgailuen abiadura moteldu, trafikoa ordenatu eta auzoari segurtasuna ekarri dio.
Erakundeen arteko lankidetza eta etorkizun partekatua
Bisitaldiak Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren arteko lankidetza estua azpimarratu du. Azpiegitura estrategikoen hobekuntzatik espazio publiko partekatuen sorrerara arte, bi erakundeek ikuspegi bateratua dute: Beasain herri seguruago, moderno eta jasangarriagoa izatea.



