Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Haurren artean euskararen jakintza eta erabilera bultzatzeko udalaren konpromisoa

2025/05/30

Eskola orduetatik kanpo, Udalak haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasleei euskararen erabilera eta ezagutza indartzeko zerbitzua esleitzeko oinarriak eta deialdi publikoa onartu ditu Gobernu batzordean

Halaber, Gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua kontratatzeko baldintzak eta deialdi publikoa ere onartu dira

Udalbatzak aho batez Pépe Mujika herriko seme kuttun izendatzeko eskaera mozioa onartu zuen

Badira ia hamar urte Beasaingo Udalak, herrian euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Hizkuntza Errefortzua programa martxan jarri zuela. Haurren euskara-maila indartzeko eta familiak hizkuntza-prozesuan parte har dezaten laguntzeko ikastetxeekin lankidetzan jarritako ekimenak ikasturtez ikasturte euskarazko trebetasunak hobetzen lagundu die Beasaingo haurrei. 

Udal gobernuak programa abian jarri zuenetik bere helburu nagusien artean hizkuntza politikarekin eta euskararen presentzia eta normalizazioarekin lotura zuzena duen egitasmoari segida ematen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran zailtasunak dituztenei doakoa den zerbitzua eskaintzea izan du xedea. Hargatik, ikastetxeek behar hori duten erabiltzaileak atzeman eta zerbitzura bideratzea izan da lehentasuna.

Hori horrela, aurtengo ikasturtean bi udal espazioetan, Loinazko San Martin plaza azpian eta Ezkiaga auzoan, 154 haur egon dira izena emanda (asistentzia bataz beste 118 haurrekoa izan da). Oro har, haurrei laguntza eskaintzen zaie euskararen ikuspegitik, eskolako lanetan eta euskararen lanketa eskatzen duten dinamika eta jolasetan. Ondorioz, maiatzeko Gobernu batzordean, zerbitzu hau emateko lizitaziorako oinarriak onartu eta deialdi publikoa egitea erabaki da. Kontratua bi ikasturterako izango da eta beste bi urtez luzatzeko aukera egongo da urtez urte.

Gizarte hezkuntza laguntza herritarrei

Gizarte ongizate arloari lotuta, Beasaingo biztanleei, haien beharretara egokituz, gizarte hezkuntza eta laguntza psikosoziala eskaintzeko zerbitzuari jarraipena emateko kontratazio berrirako baldintzak eta deialdi publikoa egitea onartu ditu Gobernu batzordeak. 

Zerbitzu hau, batipat Haurtxoak eta gazteak (eskola-jazarpena, etxeko arazoak, portaera-desafioak dituzten haur eta gazteei zuzenduta dago. Baita familia desegituratuei, adinekoei (bakardadea, zaintza beharrak), etorkinei eta arazo sozial edo pertsonalak dituzten familia, gazte edo helduei. Kolektibo hauek dituzten arazoetan laguntza, aholkularitza, trebakuntza edo talde-laguntza antolatzea da zerbitzuaren lana.  

Zerbitzuaren epea bi urterako izango da eta bi luzapen egin daitezke, bakoitza urtebetekoa. 

Gobernu batzordean ere, Udalaren eta Andre Mari zeruratuaren parrokiaren arteko hitzarmenari oniritzia eman zaio. Honen arabera, horma-irudien birgaitzearen lanei segida emanez, erretaula eraberritua kokatu eta ekitaldi publikoak hartuko dituen espazioa egokitzeko lanen azken fasea amaitzeko 130.000 euroko dirulaguntza emango zaio.

Euskaltegia eta Musika Eskolako tasak

Maiatzeko osoko bilkurari dagokionez, datorren ikasturterako Udal Euskaltegiaren eta Loinatz Udal Musika Eskolako tasak onartu dira aho batez. Guztietan KPIaren %2,8 igoera ezarrita onartuak izan dira. 

Pepe Mujika herriko seme kuttun

Osoko bilkuran hiru mozio aztertu ziren. Olaran proiektuari buruz EHBildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos taldeek aurkeztutako mozioa ez da onartua izan. Bai aldiz, EAJ-PNV eta PSE-EEk Gazako biztanleria zibil palestinarraren aurkako genozidioa gaitzesten duena eta baita Elkarrekin Podemos Ezker Anitza/IU Alianza Verdek José Mujika Beasaingo seme kuttuna izendatzeko aurkeztutakoa.