Skip to main content
Udal gobernua

Euskara ikasteko eta kultura, kirola eta genero berdintasunera zuzendutako dirulaguntzen oinarriak onartuta

2022/07/26

Hirigunean oinezkoen segurtasunerako ibilgailuen norabideak aldatzeko, Trafiko ordenantzaren aldaketa proposamenari alegazioak aurkezteko epea irekiko da

Uztaileko Udalbatzaren osoko ohiko bilkurak onartutako proposamenen artean euskara ikasteko eta kultura eta gizarte arloko hainbat ekimenetarako dirulaguntzen atalak aurkitzen dira. Hizkuntzari dagokionean, Beasaingo Udalaren helburu eta eskumenen artean dago bere lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea eta esparru honetan Beasaingo herritarren euskalduntzea sustatzen du. Hizkuntzaren aldeko konpromiso horren baitan, datorren ikasturtean euskaltegietan euskara ikasten ari diren herritarrei dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea eta deialdi publikoa egitea adostu du osoko bilkurak. EHBilduren taldeak aurka bozkatu du (5) eta EAJ (9) eta PSEk (2) alde.

Oinarrien arabera, euskara ikasteko dirulaguntzen onuradunak 16 urtetik gorako herritarrak izango dira. Beasainen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da dirulaguntzako xede den ikastaroa egiten duten bitartean. A1, A2, B1 eta B2 mailetako ikastaroetan, ikasleak ordaindutako matrikularen %75 lagunduko da. C1 eta C2 ikastaroetan, matrikularen %50. Diru sarreren araberako dirulaguntzak ere onartu ziren: Lanbide arteko Gutxieneko soldata bider 1,5 baino txikiagoko sarrerak jasotzen dituzten herritarrek, matrikularen %90eko dirulaguntza jasoko dute.  Eta langabetuek, matrikularen %100a. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde batzuek emandako dirulaguntzekin.

Gehieneko zenbateko osoaz gain (28.000€) aurkeztutako eskabideak ikusita, zenbateko gehigarri bat onartu ahal izango da, dagokion aurrekontu- aldaketa onartu ondoren.

Kultura, kirola eta berdintasuna

Kultura, kirola eta genero berdintasunera zuzenduta dauden ekintza eta jardueretarako dirulaguntza emateko oinarriak aldiz aho batez onartuak geratu dira. 

Beasaingo Udalak hainbat urtez kultura, kirol eta genero berdintasuneko jarduerak bultzatu ditu herriko hainbat eragilerekin egindako hitzarmenen bidez. Hala ere, kulturarekin, kirolarekin edo genero-berdintasunarekin lotutako ekimen berriak sortu ohi dira urtean zehar. Diru laguntza hauen helburua da beasaindarren parte-hartzea sustatzea, ekimen berri horietarako diru laguntzaren bidez. 

Elkarte-bizitza edo dinamika bultzatzea eta Beasaingo emakume eta gizonen parte hartzea sustatzea udalerriko bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaren esparru guztietan izango dute helburu laguntza hauek. Beasaingo elkarte, klub eta herritarrak izan daitezke oinarri hauetan araututako diru laguntzen onuradun. 10.000 euroko diru lerroa aurreikusita dago.

Trafikoa eta zirkulazioa, eta segurtasuna arautzen duen ordenantzaren aldaketa

Hiri izaerako bide publikoetako erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautzen duen udal ordenantzaren aldaketaren proposamenari hasierako onespena eman zaio. Bozketan PSE aurka azaldu da (2), EHBildu abstenitu egin da (5) eta EAJk alde (9). Araudian egin diren aldaketa proposamenak honako hauek izan dira:

Oinezkoen segurtasunerako eta ibilgailuen presentzia modu eraginkorragoan kudeatzeko, hiriguneko oinezkoen gunean ibilgailuen ibilbideak eta ordutegiak aldatuko dira. Eskuartze hau, garatu berri den mugikortasun planaren diagnostikoaren ondorioz proposatu da. 

Behin behineko onespen honekin, jendaurrean jarriko da 30 laneguneko epean, ez bada inolako alegazio edo erreklamaziorik aurkezten, hiri izaerako bide publikoetako erabilera, trafiko, zirkulazio eta segurtasuna arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa behin-betiko onartua geratuko dela.