Skip to main content
Udal gobernua

“AITORPENA EUSKARARI” errenta aitorpena ere euskaraz

2017/04/04

Lazkao, Ordizia eta Beasaingo Udalek aurtengo AITORPENA EUSKARARI kanpaina jarri dute martxan. 2009az geroztik urtero egiten den kanpaina da, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin.

Kanpaina honen baitan, etxez etxe esku-orriak banatu dira eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira edonoren eskura. Horrekin batera, Udaletako Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete.

pdf 2016ko errenta aitorpena euskaraz (2.00 MB)

Kanpainaren helburua

Helburua, hastear den errentaren aitorpenaren kanpaina honetan, iaz baino herritar gehiagok deklarazioa euskaraz egitea da,.

Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen portzentajeak  urtez-urte:

Urtea

Beasain

Ordizia

Lazkao

2009

8,37

8,29

15,52

2010

9,77

11,79

16,55

2011

11,42

13,49

19,24

2012

13,50

14,89

22,15

2013

14,44

16,73

23,76

2014

15,60

17,10

25,61

2015

17,49

18,19

27,01

Aipatzekoa da, azken zazpi kanpainetan portzentajeak hiru udalerrietan bikoiztu egin direla eta Lazkaon esaterako lau herritarretik batek euskaraz egiten duela errenta aitorpena.

Errenta aitorpena ere euskaraz

 

2016 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 18an hasi eta ekainaren 26ean amaituko da, baina apirilaren 6tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onartu daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi duenak, apirilaren 18tik aurrera egin ahal izango du.

Hiru bide daude aitorpena egiteko:

  1. Autolikidazio proposamena
  2. Mekanizatua
  3. Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela ere,  aitorpena euskaraz egiteko aukera dago; nahikoa da errenta aitorpena euskaraz egin nahi dela esatearekin. Nola?

Autolikidazio proposamena

Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dira, eta, onartzeko garaian,  informazioa euskaraz jaso nahi dela esatea nahikoa da. Hartara, aurtengo behin betiko deklarazioa, zein aurrerantzean bidaliko diren guztiak, euskaraz jasoko dira.

Mekanizatua

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi direla esan behar da.  Horrez gain, aitorpena egitera joatean, agiria euskaraz jaso nahi dela eskatu behar da.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi behar da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Errenta programa Internet bidez jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu beharko da.

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi bada behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak ematea; hau da, bakoitzak hizkuntza hautatzeko duen aukeraz baliatzea. Beraz, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko Udaletatik euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi dira herritarrak.

Errenta aitorpena euskaraz eginez, arlo honetan ere euskarari aitorpena egiten zaio eta.