Skip to main content
Udal gobernua

Merkataritza biziberritzeko laguntzak bideratuko ditu Udalak

2022/01/31

Lokal hutsak alokatzeko, erosteko edo eskualdatzeko laguntzez gain, errotulazioa eta web-ak euskaraz egiteko dirulaguntzen oinarriak onartu ditu azken osoko bilkurak

Udalak lankidetzara bideratzen duen diru sarrera arrunten %1 banatzeko irizpideak onartu ditu

Udalbatzaren osoko bilkurak onartu dituen laguntzen oinarrien xedea, merkataritza jardueraren bat lokal huts batean abian jarri edo martxan dagoen negozioa eskualdatu nahi duten pertsonei diru laguntzak ematea da. Honela, Beasaingo merkataritza sektorea biziberritzea da udalaren helburua.

Helburu horrekin, Beasaingo Udalak dagoeneko itxita dagoen lokala eskuratzeko edo alokatzeko edo oraindik irekita dauden baina ixteko asmoa duten enpresen transmisioan laguntzeko dirulaguntzak emango ditu.

Honetarako hiru dirulaguntza lerro ditu Udalak: oraindik martxan dagoen negozioa eskualdatzeko dirulaguntzak, jarduera bat garatzeko dagoeneko hutsik dagoen lokal hutsa alokatzeko dirulaguntza, eta jarduera bat garatzeko, dagoeneko hutsik dagoen lokal hutsa erosteko dirulaguntzak.

Eskualdatzeko dirulaguntzetan eta hutsik dagoen lokala alokatzeko laguntzetan, lehenengo urtean alokairu gastuaren %50, gehienez ere 300€ hilean lagunduko da. Bigarren eta hirugarren urtean alokairu gastuaren %40, gehienez ere 200€ hilean.  Establezimendua erosiz gero, dirulaguntza Katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000€. Oinarriak onartzeko bozketan, EHBildu abstenitu egin zen eta EAJ eta Alderdi Sozialistak alde bozkatu zuten.  

Merkataritzan hizkuntza paisaia euskaratzearen alde 

Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera, eta gaztelaniaz dauden errotulu nagusiak eta irudi korporatiboko elementuen kopurua murrizte aldera, diru laguntza emateko oinarriak ere onartu dira aho batez osoko bilkurak. Horrela errotuluak euskara hutsean izateagatik kostuaren %50 izango da (gehienez 240€). Irudi korporatiboaren kasuan testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 lagunduko da (gehienez 180€). Web orrien kasuan, euskara hutsez eginez gero kostuaren %50 izango da dirulaguntza (gehienez ere 450€) eta euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan egonez gero, kostuaren %40 izango da (gehienez 360€).

Diru sarrera arrunten %1 lankidetzara

Beasaingo Udalak aurten lankidetzarako bideratzen dituen laguntzen banaketaren oinarriak onartu zituen aho batez. Honela, diru-sarrera arrunten %1, lankidetzarako banatuta geratu dira: %70, garapen proiektuetarako erabiliko da, %45 Euskal Fondora eta %25 Garabide elkartearentzat. Gainerako %30etik, %23 garatze bidean dauden herrialdeei zuzendutako larrialdietarako edo ekintza gizatiarrentzako laguntzetara bideratuko da eta beste %7 garatze bidean dauden edo zoritxarren bat jasan duten herrialdeetatik datozen haurren denboraldirako harrera programatara. 

Urtarrileko udalbatzaren osoko bilkurak aztertu zituen gai zerrendako beste gaiak honako hauek izan ziren; 2022ko Loinatz jaietako kartel lehiaketaren oinarriak, udaleku itxietan parte hartzeko ordaindu beharreko tasak, XXV. Igartza Literatur Sorkuntzako Bekaren oinarriak, TicketBAi fakturazio sistemarako euskarazko softwarea instalatzeko laguntzen oinarria eta deialdia, Sasieta mankomunitateko estatutuen aldaketa eta Mugaketa eta mugarriak aztertzeko batzorderako kideen izendapena.