Skip to main content
Udal gobernua

Leire Artola Beasaingo emakumezko lehen alkatea

2020/12/23

Aitor Aldasorok aginte makila bere esku utzi zuen urteko azken osoko bilkuran   

Abenduko osoko bilkuran alkate karguari dagokion aldaketa burutu zen. Leire Artola Ugaldek legeak hala behartuta zin egin zion alkate karguari eta honela Beasaingo Udalak bere historian lehen emakumezko alkatea izango du. 

Aitor Aldasorok, alkate karguari uko egin ostean, udal idazkariak adineko mahaia osatu zuen alkate berria hautatzeko prozesua hasteko. Adineko mahaia, idazkariaz gain adinez zinegotzi helduenak eta gazteenak osatu zuten eta legeak adierazten duenari jarraituz hautagaiak aukeratzeko bozketa egin zen. 

Gobernu taldeak alkateorde izan den Leire Artola proposatu zuen alkatetzarako eta udalbatzaren gehiengoarekin (10 boto) alkate hautatua izan zen. Gainerako udal alderdiek ez zuten hautagairik aurkeztu eta zuri bozkatu zuten (7 boto). Aitor Aldasorok ere zinegotzi karguari uko egin zion bilkura amaitu aurretik. Alkateorde kargua, Adur Ugartemendia Leunda zinegotziak beteko du. 

leire alkatea 3

Kontsumorako bonuak erabiltzeko epea luzatuta 

Alkate berriaren hautaketa egin aurretik, osoko bilkuraren gai zerrendako gainerako proposamenak aztertu ziren. Horien artean, tokiko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzari Covid 19ak eragindako kalteak arintzeko, kontsumoa herrian sustatzeko bonuen oinarrien aldaketa aurkeztu zen. Oinarrietan, bonuak abenduaren 31a baino lehen erabili behar direla jarrita bazegoen, proposamenean epe hori luzatzea adierazten zen. Ostalaritza aretoak itxita daudenez, bonuak erabiltzeko aukera otsailaren 1etik maiatzaren 31ra zabaltzea proposatu zen. Erabakia udal talde guztiek aho batez onartu zuten.   

Aurrera atera ziren beste gai batzuk honako hauek izan ziren; 2021erako udal plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzea (PSE eta EHBilduren 7 boto aurka, EAJren 10 boto alde); XXXI. Beasain idazlehiaketaren oinarriak onartzea (aho batez onartua); Loinatz eguneko zentroa finantzatzeko tarifei buruz Aldundiarekin sinatuta dagoen kontratu-programaren aldaketa (aho batez onartua) eta hirigintza arloan udal-ondareari dagokionez laguntza teknikoa emateko zerbitzua esleitzea onartu zen EAJren 10 botoekin, PSEren aurkako 2 botoekin eta EHBilduren 5 botoen abstentzioarekin. 

leire alkatea plenoa