Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Urbieta Arte Plastikoen Zentroak izen emateak ireki ditu 2026/2027 ikasturterako

2026/07/20

Beasaingo Udalak eta tokiko elkarteekin elkarlanean antolatutako formakuntzetan izena emateko epea zabaldu du, ballet, pintura, zeramika, argazkilaritza, antzerki eta irrati zaletasuna herritarrei hurbiltzeko asmoz

Beasaingo Udalak prest du dagoeneko Urbieta Arte Plastikoen Zentroan (Gipuzkoa plazan kokatua) eskainiko den 2026/2027 ikasturterako kultur eta arte ikastaroen programa berezia. Urteetako ibilbideari jarraituz, Udalak herriko elkarte eta eragileekin dituen hitzarmenen bidez bultzatzen du ekimen hau, herritarren sormena, topagunea eta bizi-kalitatea aberasteko helburu sendoarekin. Ikastaro ezberdinetan izena emateko epeak iada zabalik daude eta disziplina bakoitza dagokion elkartearen bidez kudeatuko da. 

Kultura herritar guztien eskura

Urbieta eraikinak, 1997an inauguratu zenetik, funtsezko papera betetzen du Beasaingo bizitza sozialean eta kulturalean. Udalaren xede nagusia arte plastiko eta eszenikoen inguruko jarduera sustatzea da, herriko taldeei azpiegiturak eskainiz eta beasaindarrei euren sormen bidea garatzeko aukerak zabalduz. Elkarlan honi esker, instalazioak (astelehenetik igandera 9:00etatik 21:30era irekiak) bizirik mantentzen dira urte osoan zehar, herritarren eta elkarteen arteko sinergia indartuz.

2026/2027 Ikasturteko Eskaintza

  • Balleta (Beasaingo Ballet eskola elkartea): Urritik maiatzera edo ekainera bitartean luzatuko da. 4 urtetik aurrerako haurrentzat (ballet aurrea, hastapena eta erdi maila) zein helduentzat (dantza neoklasikoa) saioak eskainiko dira, astelehenetik ostiralera.
    • Izen-ematea: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
  • Marrazketa eta Pintura (BEAR Pintura zaletuen elkartea): Iban Aranburuk zuzendutako ikastaroak urritik ekainera egingo dira. 7-12 urteko umeentzako taldeak (astelehenetik ostiralera, hainbat ordutegitan, asteko 1,5 edo 2 ordu) eta heldu/gazteentzako taldeak (astean 2 edo 4 ordu aukeran, goiz zein arratsaldeko ordutegietan) egongo dira.
    • Izen-ematea: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. / Tfnoa: 608 478 097
  • Zeramika eta Esmaltea (BUZTINGINTZA zeramika zaletuen elkartea): Urriaren 5etik abenduaren 3ra arte, astearteetan edo ostegunetan (18:00-20:00, astean 2 ordu). Helduei zuzendua, hastapen eta jarraipen taldeetan banatuta. Prezioa 120 €-koa da (materiala barne) eta Beasainen erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Plaza mantentzeko, nahitaezkoa da irailaren 24an, 19:00etan, tailerrean egingo den bilerara joatea.
  • Argazki Tailerra (ARGIZPI Argazkizale Elkartea): 20 orduko iraupena izango du, urriaren 1etik 31ra. Astearte eta ostegunetan izango dira eskolak (18:30-20:30) gehi irteera praktiko bat. Plaza mugatuak dira helduentzat.
    • Izen-ematea: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
  • Antzerki Tailerra (Hijos de Martin y Loinaz Antzerki elkartea): Irailaren 14tik ekainaren 18ra. 5 urtetik aurrerako pertsonentzat. Ordutegiak: 5-10 urte (astelehenetan 17:00-19:00); 11-14 urte (astearteetan 17:30-19:30); eta 14 urtetik gora (ostegunetan 17:30-19:30).
    • Izen-ematea: Uztailean eta iraileko lehen astean: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. / Tfnoa: 619 336 420
  • Irratizaleak (Goierriko Irratizale elkartea): Doako aholkularitza teknikoa eskaintzen zaie irrati zale, ehiztari zein mendizaleei. Urteko kuota 20 €-koa da eta komunitatearen zerbitzura dauden errepikagailuak mantentzeko erabiltzen da.
    • Izen-ematea: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. 

Instalazioen erabilera eta araudia

Ikastaro hauetan izena ematen duten ikasleek esleitutako eskolen ordutegian bakarrik erabili ahal izango dituzte gelak. Elkarteetako bazkideek, aldiz, zentroa zabalik dagoen edonoiz erabili dezakete, betiere beste jarduerak oztopatzen ez badituzte. Ordutegi eta elkarteen arau guztiak errespetatzea eta materialak eta espazioak txukun uztea nahitaezkoa da zentroaren bizikidetza bermatzeko.

Informazio osagarria nahi duenak Beasaingo Udaleko Kultura Sailera jo dezake (Loinazko San Martin Plaza z/g, Tlfn: 943 028 065 edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ).

Informazio eskuorria