Loinatz jaiak maiatzaren 15etik 24ra izango dira eta iragarriko dituen kartel irabazlearen egilea Loinaz Arizmendi Asla beasaindarrarena da. Haurren mailan La Salle ikastetxeko ikasleena izan da aukeratua
Jaien hasierako danbatekoa La Salle ikastetxeko ordezkariek piztuko dute eta gaueko Mariren jaitsiera zuzenean ikusi ahal izango da udalaren Youtubeko kanaletik
Jai berdinzaleagoak, errespetuzkoak eta gizalegezkoak izan daitezen egin du aldarria alkateak aurkezpenean. Horren harira, maiatzaren 6an indarkeria matxistaren aurkako lanketa egingo da herriko ostalariekin
Beasaingo Udalak gaur goizean aurkeztu ditu herriko jai nagusiak: Loinatz Jaiak 2026. Maiatzaren 15ean hasi eta 24ra arte, herria ilusioz eta emozioz beteko da, belaunaldi guztiak elkartuko dituen ospakizun partekatu honetan
Leire Artola alkatea eta Amaia Gomez de Segura kultura teknikaria izan dira xehetasunak ematen. Gonbidatuen artean jaiak iragartzeko kartel nagusiaren egilea eta haurren mailan La Salle ikastetxeko ikasleak izan dira. Alkateak aurkezpenean azpimarratu duenez, "Beasaingo Udalak adin tarte guztiei zuzendutako egitarau oparoa prestatu du, herriaren nortasuna aldarrikatuz eta sormenari ateak zabalduz".
Jaien aurtengo egitaraua eta festen aldarria egingo duen irudiaren egilea zoriondu eta aurkeztu dute. Helduen mailan Loinaz Arizmendi Asla beasaindarra izan da. Haurrenean berriz, La Salle ikastetxeko Yago Rodriguez, Danel Cuadrado, Unax Remirez eta Unai Aramburu ikasleak.
Ildo beretik, ohiko aipamena egin die urteroko gomendioei. Jaiez gozatzeko moduari dagokionez, normaltasunez igaro daitezen, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin gizalegez bizikidetzaren alde egiteko eskaera luzatu du udal agintari nagusiak. Arduraz eta errespetuz, jokaera oldarkorrak alde batera utzi eta eraso sexistak salatu eta baztertu daitezela eskatu du. Eta egun hauetan, kontsumo arduratsuaren alde egin du baita ere.
Formakuntza ostalarientzat
Honi lotuta, jai berdinzaleak izan daitezen, maiatzaren 6an indarkeria matxistaren aurkako lanketa egingo da herriko ostalariekin udaletxeko batzar aretoan. Bi orduko saioa izango da, 9:30etik 11:30era. Ostalarien rola funtsezkoa da arriskuak identifikatzeko eta prestakuntza eta sentsibilizazioa landuko da erasoak identifikatzeko eta prebentzioa eta arreta hobetzeko. Amaitzean “espazio segurua” bereizgarria emango zaie parte hartzen duten establezimenduei.
Mariren jaitsiera zuzenean
Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak, egitarauaren xehetasunak azaldu ditu. Egitaraua etxe guztietara banatuko da eta norbaitek jasoko ez balu Igunean eskuratu ahal izango du. Horretaz gain, udalaren web atarian ere zintzilikatua egongo da telefono mugikorrean eduki ahal izateko.
Jaiei hasiera ematen dien ekitaldi ikusgarriena sare sozialen bidez zuzenean emitituko da. Mariren jaitsierak sortzen duen ikusmina nabarmena da eta udalaren Youtube kanaletik eskainiko da zuzenean. Etxeetan, tabernetan eta Beasaindik kanpo dauden beasaindarrek ikusi ahal izango dute. Baita ondoren ere, grabatua geratuko baita. Udalerriko pantaila digitaletan ere ikusiko da.
Dronen ikuskizuna indartuta
Dronen ikuskizuna aurten ere izango da. Gauez zeruan argi LEDekin hornitutako dronen erakustaldi artistikoa aurten indartuta eta hobetuta etorriko da, musika eta soinu-efektuen erritmoan sinkronizatuta.
Barraken irekiera dela eta “Zaratarik gabeko ordua” ekimena ere izango da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin.
Gazteentzako eta nerabeentzako espazioak
Gazteek indar handia izango dute aurtengoan, sormena eta parte-hartzea sustatzen duten jarduerekin, esaterako:
- Holi Festa: Kolorez eta musikaz betetako hitzordua Iturralde plazan, maiatzaren 23an.
- Zirko Tailerra: 12-17 urte bitartekoentzat, Zirkum Zirko eskolaren eskutik.
- Talo Tailerra: Gastronomia tradizionala gazteengana hurbiltzeko aukera.
- Kontzertu eskaintza zabala: Neomak, Maskak, Zutik erromeria, Puro Relajo, DJ Bull, Muxutruk, Zinema paradise, Nafar jotak eta Pho-Bo eta IC&Hodi herriko taldeek girotuko dituzte arratsalde eta gauak.
Belaunaldiartekotasuna sustatzen
Adin guztietako herritarrak elkartzeko, proposamen digitalak eta herrikoiak tartekatu dira. Alde batetik, teknologia berriek lekua izango dute 360 graduko bideomatoiarekin. Bestetik, sustraiei helduko zaie Gynkana Baserri euskal joko tradizionalekin, non familia osoak parte hartu ahal izango duen.
Jaiak ez lirateke berdinak izango arlo ezberdinetako hitzordu kuttunik gabe:
- Gastronomia: Txistor-jana , elkarteen arteko XLVIII. sukaldaritza lehiaketa eta prozesio ondorengo barraskilo eta odolki dastaketa.
- Kirola: Eskuz binakako pilota, emakumezkoen pala txapelketa, xake txapelketak, toka eta igel txapelketak eta herri-kirol jaialdia.
- Kultura eta Dantza: Udalbatzaren eta haurren sokadantza , haur eta helduen danborradak, gaiteroak, joaldunak eta XXIV. Dantza Topaketa.
- Herri-giroa: Koadrilen eguna, bertsolari saioak, esnadeiak, txarangak eta elektro txaranga, mozorro eguna eta azoka berezia. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du Beti Bizi elkarteak 2026ko alea.
Txikienentzako gozamena
Haurrek puzgarriz betetako parkeak izango dituzte egunero. Erraldoiak eta buruhandiak ere egunero aterako dira kalera. Jaien itxiera gisa, maiatzaren 24an, Goierriko Erraldoi eta Buruhandien Topaketa ospatuko da, eskualdeko talde ugarirekin.
Zaintza eta prebentzioa
Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere prebentzio kanpainak errepikatuko dira. Alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira. Ikastetxeetan egongo dira udaltzaingoko agente tutorea ertzaintzarekin hitzaldiak ematen.
Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak egongo dira ordutegi ezberdinetan (Gune morea). BotilTZAR edo BotilTXAR egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.
Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak normaltasunez ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Alkateak Udalaren ahalegina aipatu du nabarmenduz kale garbiketa zerbitzua indartuko dela eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko da. Etxerako bidean doazenentzako zaintza lana egingo dute. Hartara, jaiak ongi burutu daitezen lanean ari direnentzako errespetua eskatu da.
Banderak balkoietan eta zapiak lepoan
Bestalde, jai giroa pizteko eta aldarrikatzeko, herritarrei ere dei egiten zaie etxeetako balkoietan Beasaingo bandera zintzilikatzeko. Banderak 5 eurotan eta lepoko zapiak 3 eurotan egongo dira salgai herriko merkataritza saltokietan.
Bestalde, egitaraua etxe guztietara banatuko da baina jaso ez duen herritarrik balego, oharra jarriko da atarian ezin izan dela sartu adieraziz. Honela bada, udaltzaingoaren harreran, Igunean, liburutegian edo kultura sailean jaso ahal izango da.
"LOINATZ JAIAK 2026" EGITARAUA DESKARGATU





