Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

2026ko Loinatz Jaien antolaketari ekin dio Beasaingo Udalak

2026/02/19

Haurren sokadantzako izen-ematea eta kartel lehiaketan parte hartzeko deialdia dira lehen urratsak 

Jai batzorderik osatu ez bada ere, martxan dauden batzordeekin hasiko da lanean baina herritarren parte hartzeari ateak zabalik utzita

Beasaingo Udalak 2026ko Loinatz Jaien antolaketa lanak martxan jarri dituela jakinarazten du. 2026ko Loinatz Jaiak maiatzaren 15etik 24ra ospatuko dira. Urtero bezala, herriko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat prestatzeko lehen pausoak eman dira, eta, hasieratik bertatik, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa izango dira antolaketa prozesuaren oinarri.

Antolaketa lanak haurren sokadantzako izen-ematearen irekierarekin hasi dira, belaunaldi berriek jaietako ohitura eta tradizioetan parte har dezaten. Aldi berean, 2026ko Loinatz Jaien kartel lehiaketen deialdia zabaldu da, herritarren sormena eta ekarpena jaien irudian bertan islatu daitezen.

Batzordeetan parte hartzeko deia

Iaz hartutako erabakiari jarraituz, aurten ez da jai batzorde orokorra osatzeko deialdi berririk egingo. Horren ordez, 2025eko jaien balorazio prozesuan herritarrek egindako iritzi, proposamen eta ekarpenak kontuan hartuko dira aurtengo egitaraua hobetzeko eta egokitzeko.

Udalak dagoeneko martxan dauden batzordeekin lanean jarraituko du, bakoitzari behar duen laguntza tekniko eta logistikoa eskainiz. Besteak beste, Besteak beste, Haurren eta helduen danborradeko batzordeak eta haurren sokadantza batzordea hasi dira lanean eta berehala hasiko dira sukaldaritza lehiaketakoa, Mariren jaitsierakoa, txoznak, buruhandi eta erraldoiak… 

Batzorde horiek guztiek jaietako programaren aniztasuna eta bizitasuna bermatzen dute, eta urte osoan zehar egindako lanari esker bihurtzen dira Loinatz Jaiak herri osoaren topagune.

Edonola ere, parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. Batzorderen batean aritu edo proposamen zehatz bat egin nahi duenak udalarekin harremanetan jar daiteke: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidean edo 943 028 065 telefonoan.

Kartel lehiaketa: jaien irudia denon artean sortzeko aukera

Loinatz Jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa urtero bezala antolatu da, eta irabazlearen lana jaietako egitarauaren azala izango da. Lehiaketaren helburua argia da: herritarren sormena sustatzea eta jaien sinboloak eta balioak irudi bakar batean biltzea.

Bi kategoria izango dira: A taldea (helduak), 2010era arte jaiotakoak. B taldea (ikastetxe artekoa), 7 eta 15 urte bitarteko ikasleak. Edozein teknika artistiko onartuko da, eta lanek nahitaez jaso beharko dute “2026ko LOINATZ JAIAK, maiatzaren 15etik 24ra” testua.

Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 22a (23:59) izango da eta honako saria jasoko dute irabazleek: 600 euro (A taldea) eta 180 euro (B taldea).

Gainera, herritarrek ere parte hartuko dute kartel irabazlea aukeratzeko bozketan, epaimahaiaren balorazioarekin batera. Lehiaketako oinarriak hemen ikusi daitezke.

Denon artean eraikitako jaiak

Beasaingo Udalaren helburua argia da: jai parte-hartzaileak, irekiak eta inklusiboak antolatzea, non elkarteek, eragileek eta norbanakoek protagonismoa izango duten. Beasainek duen baliorik handiena bere elkartegintza sarea eta auzolana dira, eta Loinatz Jaiak horren isla dira.

Horregatik, udalaren mezua argia da: parte hartu, proposatu eta gozatu. Jaiak herritarrengandik eta herritarrentzat antolatzen dira.