Aldi berean, 2027ko egutegia osatzeko lehiaketa abian jarri du “Beasaingo baserriak, nekazaritza, abeltzaintza eta azoka” gaiaren pean
Beasaingo Udalak 2026ko udal egutegia aurkeztu du, eta herritarren eskura jarri du jada Igunean, herritarrentzako arreta eta informazio bulegoan. Egutegia doan banatuko da eta euskaraz soilik argitaratu da. Edukia urte osoan martxan egon den argazki lehiaketan saritutako lanekin osatu da; aurtengo edizioak “Urtaroak Beasainen” gaia izan du ardatz. Guztira 74 lan aurkeztu dira eta horietatik 13 saritu dira (12 hilabeteak eta azala).
Saritutako egileak eta jasotako sariak honakoak izan dira:
– Tomas Sarasola Villahoz (azala eta apirila, 120 euro)
– Francisco Javier Quirós Fernández (urtarrila, 60 euro)
– Lázaro Gonzalez Ramos (otsaila eta maiatza, 120 euro)
– Andres Lekuona Ayestaran (martxoa eta abuztua, 120 euro)
– Fernando Anza Rey (ekaina, 60 euro)
– Marian Segovia Segovia (uztaila, 60 euro)
– Maite Donazar Cubillas (iraila, 60 euro)
– Iñaki Erauskin Urretabizkaia (urria eta abendua, 120 euro)
– Jose Angel Amuchastegui Esnaola (azaroa, 60 euro)
Egutegiko testuen egileak, Andoni Aizpuru Muruak, aipamen berezia jaso du. Telebistako aurkezle gabiriarrak hausnarketarako testuak idatzi ditu argazkien oinetan.
Euskara eta herria, Udalaren konpromisoan
Beasaingo Udalak herritarrei eta ingurukoei egutegia doan eta euskaraz eskaintzen die, hizkuntzaren ezagutza eta presentzia sendotzeko helburuarekin. Urtez urte harrera bikaina duen egutegiak lotura estua dauka Beasaingo herriaren izaerarekin; gainera, azken urteotan funtzio didaktikoa hartu du, herriko bizimodua, ondarea, kirola, ohiturak edo txoko esanguratsuak ezagutaraziz. Orotara, 2.600 ale argitaratu dira eta agortu arte banatuko dira.
2027ko egutegirako lehiaketa martxan
2027ko egutegia osatuko duen argazki lehiaketaren oinarriak argitaratu dira eta Beasaingo Udalaren webgunean daude ikusgai. Aurtengo gaia: “Beasaingo baserriak, nekazaritza, abeltzaintza eta azoka”.
Parte-hartzaileek Beasaingo landa-ondarea eta bizimodu tradizionala islatzen dituzten irudiak aurkeztu beharko dituzte: baserriak, eguneroko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak, pertsonen eta ingurumenaren arteko lotura, baita azokaren dinamismoa ere, tokiko produktuak eta ekoizleen eta herritarren arteko harremanak nabarmenduta.
Argazkiak derrigorrez Beasainen ateratakoak izan behar dira, edo irudian argi antzeman behar da kokalekua Beasain dela. Udalak gogorarazi du azken urteetako egutegiak euskarri digitalean kontsultagai eta eskuragai daudela bere webgunean.



