Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Beasain eta Ordiziak kalitatezko zortzi emanaldi eskainiko dituzte urtarriletik apirilera

2025/12/12

Urtarrilaren 9an izango da 2026ko Antzerki Garaia egitarauaren hasiera. Guztira zortzi antzezlanek osatzen dute proposamena: sei euskaraz eta bi gaztelaniaz. Sarrerak 12 euroan egongo dira salgai, eta ziklo osoko abonua 72 euroan eskuratu ahal izango da urtarrilaren 4ra arte

Beasaingo eta Ordiziako udalen arteko lankidetza sendoari esker antolatu da beste behin Antzerki Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen laguntzarekin. Antzokietako jarduna indartzea eta, bereziki, euskarazko antzerkia sustatzea dira egitarauaren zutabe nagusiak. Bi udalerrietako alkateek Usurbe antzokian egindako aurkezpenean nabarmendu dutenez, helburu nagusiak bere horretan mantentzen dira: antzerkira joateko ohitura sendotzea eta publiko berria erakartzea, batez ere gazteak. Horretarako, ezinbestekoa izan da bi udalen arteko koordinazioa eta antzerki konpainien kalitatea lehenestea.

Talde eta antzezlanak aukeratzeko irizpide nagusiak honakoak izan dira: kalitate eszenikoa, muntaiaren egokitasuna, hizkuntza, konpainien ibilbidea eta obren ibilbide arrakastatsua.

Sarrerak eta abonuak

2026ko programazioa zortzi antzezlanek osatzen dute; horietatik sei euskaraz izango dira eta bi gaztelaniaz. Emanaldi bakoitzerako sarreraren prezioa 12 eurokoa da. Denboraldi osorako abonua 72 euroan eskuratu ahal izango da urtarrilaren 4ra arte.

Abonua erosten dutenek aukera izango dute egitarauko emanaldi guztietara bertaratzeko, Beasainen nahiz Ordizian. Gainera, programazioan gerta daitezkeen aldaketen berri jasoko dute, baita urtean zehar bestelako antzezlanen ingurukoa ere. Eserlekuak udalerri bakoitzean esleituta geratuko dira denboraldi osoan.

Salmenta-lekuak honakoak dira: Ordizian, Herri Antzokiko leihatila; Beasainen, Usurbe Antzokiko leihatila.

Programazioa

Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira. Aurtengo edizioa Usurbe Antzokian abiatuko da.

URTARRILA
9 – Escape Room (euskaraz)
Usurbe Antzokia, Beasain

23 – Etxea (euskaraz)
Herri Antzokia, Ordizia

OTSAILA
6 – Desobedienteak (euskaraz)
Usurbe Antzokia, Beasain

13 – 52 Hercio(s) (gaztelaniaz)
Herri Antzokia, Ordizia

MARTXOA
13 – R&J (gaztelaniaz)
Usurbe Antzokia, Beasain

27 – Kandida (euskaraz)
Herri Antzokia, Ordizia

APIRILA
17 – Loreen Hizkuntza (euskaraz)
Usurbe Antzokia, Beasain

24 – Trajea (euskaraz)
Herri Antzokia, Ordizia

Ordizian, sarrerak aurrez Herri Antzokiko leihatilan eta Kutxabankeko kanalen bidez eskuratu daitezke; emanaldi egunean, leihatilan eta Kutxabanken, sarrerarik balego. Beasainen, sarrerak www.usurbe.eus webgunean eta Usurbe Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira, aurrez eta emanaldi egunean. Antzerki garaiko esku-egitaraua Beasain eta Ordiziako etxeetan banatuko da eta bi antzokietan ere egongo da eskuragarri.

Egitarauaren eskuorria