Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Gau beltzari nortasun propioa emango zaio Udazken kulturalean

2025/09/18

Erromeria antolatu da Bideluze plazan gau horretan eta berrikuntzen artean ere Wikiemakumeok Donk dokumentalaren emanaldia eta Jone eta Mattin erraldoitxoen salmenta aurkitzen dira 

Irailaren 24tik azaroaren 9a bitartean burutuko diren ekitaldiekin, herritarrak eta herri eragileen lana balioan jarri nahi dute udal agintariek

Aurtengo Udazken kulturaleko pdf egitaraua (15.80 MB) ezagutarazi du Udalak. Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultur zinegotzia eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikaria izan dira honen xehetasunak ematen. Herriko elkarte eta eragileak dira balioan jarri nahi direnak ekimen honetan, Udala eta beraien elkarlanaren emaitza baita Udazken kulturala. 

Alkateak azpimarratu duenez, Udazken Kulturalaren egitaraua Beasaingo elkartegintzaren eta herritarren indarraren isla da, eta horren bidez agerian geratzen da gure herria elkarlanaren, batasunaren eta nortasun kolektiboaren bidetik bizirik dagoela. Gogorarazi du elkarteek betidanik izan dutela Beasainen bihotzaren funtzioa, eta Udal Gobernuaren konpromisoa dela haiekin elkarlanean jarraitzea, jarduerak babestu eta belaunaldi berriak ere elkartegintzara erakartzea. Egitarauak, bere esanetan, herritar guztien gozamenerako eta onurarako eskaintza zabala eta anitza eskaintzen du.

Gau beltza ospatzeko

Egitarauaren edukian sartuz, Amaia Gomez de Segurak azpimarragarrienak diren hiru ekimen aipatu ditu. Aurten, bereziki, hiru ekitaldi nabarmendu nahi dira: “WikiEmakumeOK DOnk” (emakumeen presentzia euskal wikipedian) dokumentalaren proiekzioa eta Marisa Barrenaren parte-hartzearekin egingo den mahai-ingurua Igartzan, Gau Beltza ospatzeko erromeria Bideluze plazan, Balantza erromeria taldearen eskutik, eta gomazko erraldoiak (miniaturazkoak) erosteko aukera; Beasaingo erraldoiak diren Jone eta Mattin deituriko bikoteak jarriko dira salgai azaroaren 8an erraldoien topaketaren egunean. Salmenta prezioa eta puntu zehatzak aurrerago jakinaraziko dira. Herritarren eskariei erantzunez gauzatu den ekimena izan da hau. Urriaren 31an, Gau beltzari nortasun propioa eman nahian, Igartzan kalabaza tailerra, eta antzerki emanaldia izango dira aipatutako erromeriaz gain. 

Programazioa irailaren 24tik azaroaren 9ra luzatuko da. Azken urtetan egin den bezala, sortzen diren azken orduko aldaketak direla eta, egitaraua bi atal desberdinetan argitaratuko da. Honela, etxeetan banatu da iada irailaren 24tik urriaren 21era zehaztuta daudenak. 

Ohiko ospakizunak eta ikuskizun berriak

Egitarauan sakonduz ohikoak diren ekitaldiak eta berriak azaldu ditu kultur teknikariak. 

Dantza
Udazken Kulturalaren barruan, bi ikuskizun berezi izango dira dantzaren inguruan. Alde batetik, “Ilauna” Bilaka kolektibo iparraldeko taldearen eskutik. “Ilauna” edo Ilargi iragankorra gaskoi eta euskaraz gauza guztien izaera iragankorra berraztertzeko gonbita da. Sei antzezleren ahotsak eta musika —alboka, adarra eta perkusio soinu arrotzak— uztartzen dira, gorputza musikaren eta dantzaren bidez bihurtuz.
Bestetik, “Amama”, Aukeran Dantza taldearen lana. Amon batek bilobari ipuinak kontatzen dizkio, eta ipuin horiek zazpi koreografietan islatzen dira, zazpi euskal lurraldeetan kokatuta, pertsonaia eta gai ezberdinen bidez. Euskal dantzetan oinarritutako proposamen poetiko eta hunkigarria da.

Igartza Musika
Musikazaleek aukera izango dute Olaia Inziarteren kontzertuaz gozatzeko, baita Letoniatik etorriko den Kamer Youth Choir abesbatzaren emanaldiaz ere, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketaren zirkuituaren barruan.

Antzerkia
Udazken Kulturalak antzerki eskaintza zabala ekarriko du. Ste Xeito konpainiaren “Neura”, Urrup taldearen “Biztanlerik gabeko etxeko biztanleak”, eta Goaz Antzerki Taldearen “Lotura basatiak” performanzea eskainiko dira. Horrez gain, “Garbitzailearena”, Markel Oiartzabal eta bertsolariak (June Aiestaran eta Iker Ormazabal) protagonista izango dituen antzerki familiarra, azaroaren 8an izango da Erauskin plazan. Txikienek ere izango dute bere tartea, Txalo konpainiaren “Estela eta Merlin” haur antzerkia Usurbe Antzokian ikusteko aukera izango baitute. Kalean ere izango da antzerkirako tartea. “Flama Viva”, Spinish Circo konpainiaren ikuskizuna, Iturralde plazan izango da. Sutan oinarritutako proposamen zirraragarria izango da, ikus-entzule guztientzat erakargarria.

Ohiko ekitaldiak
Aurten ere ez dira faltako herriko elkarteek antolatutako ohiko jarduera maitatuak. Horien artean, Elkarteen eguna, Marrazketa urbanoa (marrazkilari adituak izan gabe edonork parte hartu ahal du), mendi astea, jendaurreko margo sariketa, argazki erakusketak, Lemniskatak antolatutako Zientziaroa hitzaldiak, saloiko dantzen erakustaldia, ipuin kontaketak, Aurtzakaren jaialdia, Txistularien alardea, bertso saioak, Asmubeko kideen emanaldia, liburu aurkezpenak eta literatura solasaldiak, Kantujira, erraldoi eta buruhandien irteerak, Odolkiaren kofradiaren eguna, eta Ekaitz konpartsaren eguna erraldoien topaketarekin. Halaber, izango dira argazki rallya, mendi martxa eta hainbat irteera.

Udal egutegirako argazki lehiaketa

Udal ordezkariek, 2026ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 30ean bukatzen dela gogorarazi dute eta lanak bidaltzera gonbidatu dituzte argazkilari eta argazkizaleak. Argazkietan isladatu behar den gaia “Urtaroak Beasainen” da.

2027ko gaia aldiz “Beasaingo baserriak, nekazaritza, abeltzaintza eta azoka” izango da. Urte bete izango dute partaideek argazkiak ateratzeko eta bidaltzeko. Oinarriak udalaren webean argitaratuko dira.

Agendaren kontsulta

Ekitaldien egunak, ordutegia eta tokiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua, beasain.eus udal webgunearen agendan aurkitu daiteke. Telefono mugikorraren bidez, Beasain aplikaziotik ere informazio berbera eskuratu daiteke.

Honekin batera, hileroko agenda pdf formatuan deskargatzeko aukera ere badago eta udalaren sare sozialetatik, webgunetik eta aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango da.

uk aurkezpena