Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991) izan da aurtengo Igartza Literatur-sorkuntza Beka irabazi duena. Nafar kazetaria, bertsolaria eta idazlea da. 2020ean eta 2021ean Iruñeko Bertso paper lehiaketa irabazi zuen eta 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Igartzako jauregian burutu den ekitaldian, garaikurra eta 10.000 euroko sariaren erdia jaso ditu idazle gazteentzako Igartza Literatur sorkuntza Bekaren babesle diren Beasaingo Udala, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeko ordezkarien eskutik.
Olatz Mitxelena, Esti Martinez eta Garazi Kamio epaimahaikideek hala erabakita, iruindarraren “Katu ileak txandaletan” eleberri proiektua izan da saritua. Nahiz eta hainbat poesia lan eta ipuinekin sariak irabazi, hauxe izango da bere lehenengo eleberria. Sariaren irabazlea zela jakitean beldurra sentitu zuela hasieran aitortu badu ere, gerora poza izan da bere sentimendu nagusia. Eleberriaren ardatzean Nahia dago, miseria eta indarkeriak markatutako familia batean hazitako alaba. Bizitza arruntago baten ametsari eutsi nahian, hainbat erronka pertsonali egin beharko die aurre: aitarekiko harreman konplexua, bikotekidearen traizioak utzitako zauria, amatasunerako azken aukerak eta lanaren ezegonkortasuna.
Egileak adierazi du proiektuak gai sakon eta mingarriak ukituko dituela, baina beti ere umorea eta ironia tartekatuz, “errukiaren eta autosuperazioaren inguruko diskurtsoetan erori gabe”. Oraingoz, hamabost-hogei orriko zatia aurkeztu du, eta urtebeteko epea izango du eleberria amaitzeko. Hori dela eta, Alkaizak berak ohartarazi du litekeena dela prozesuan zehar aldaketak egitea.
Euskaraz sortzen duten gazteei aukera eman
Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek 28. edizioa bete du. Igartzako jauregian irabazlearekin batera Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAFeko euskara arduraduna Bianditz Iraola izan dira.
Alkateak azpimarratu du Igartza Bekaren helburu nagusia euskaraz sortzen duten gazteei aukera ematea dela, eta Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkarrek konpromiso sendoa dutela euskararen eta kulturaren alde. Nabarmendu du beka ez dela soilik diru-laguntza, baizik eta euskal literaturari eta sortzaile gazteen ausardiari aitortza egiten dien ekimena, beren proiektuak liburu bihurtzeko aukera eskainiz. Azkenik, gogorarazi du Beasain euskararen eta kulturaren topaleku izateko borondatea dagoela, eta Igartzako jauregia gaur egun euskal literaturaren erreferente bihurtu dela, gure nortasuna sendotzeko ezinbesteko oinarri gisa.
28. edizio honetara aurkeztutako lanak 16 izan dira, horietatik 6 gipuzkoarrak, 8 bizkaitar eta nafar 2. Generoari dagokionez 9 emakumezkoak dira eta 7 gizonezkoak.
Ekitaldian ere, Ane Garcia Lopezek, iazko irabazleak, behin bere liburua amaituta, sariari dagokion bigarren zatia jaso du (5.000 euro). Datorren udan ez gara hemen biziko nobela datorren udaberrian aurkeztuko da toki berean.
Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.
Orain arteko sarituak:
| PROIEKTUA | IGARTZA BEKA | URTEA | PUBLI. URTEA | EGILEA |
|---|---|---|---|---|
| TUBABU | I.ª | 1994 | Jon Arretxe Perez | |
| CONNEMARA GURE BIHOTZETAN | I. beka | 1998 | 2000 | Julen Gabiria Lara |
| EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN | II.beka | 1999 | 2001 | Xabier Etxeberria Garro |
| KORAPILOAK | II. bekaaccesit | 1999 | 2001 | Jasone Osoro Igartua |
| ORTZADARRA SUTAN | III.beka | 2000 | 2002 | Fernando Morillo Grande |
| VAN´T HOFFEN ILEA | IV.beka | 2001 | 2003 | Unai Elorriaga Lopez de Letona |
| HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA | V.beka | 2002 | 2004 | Julen Gabiria Lara |
| KARONTE | VI.beka | 2003 | 2005 | Asel Luzarraga Zarrabeitia |
| AMAREN ESKUAK | VII.beka | 2004 | 2006 | Karmele Jaio Eiguren |
| LILE | VII. bekaaccesit | 2004 | 2006 | Peru Magdalena Arriaga |
| AULKI BAT ELURRETAN | VIII.beka | 2005 | 2007 | Uxue Alberdi Estibaritz |
| ERO | IX.beka | 2006 | 2008 | Jon Martin Etxebeste |
| HABITAT | X.beka | 2007 | 2009 | Katixa Agirre Miguelez |
| NORA EZ DAKIZUN HORI | X. bekaaccesit | 2007 | 2009 | Irati Jimenez Uriarte |
| KATU JENDEA | XI.beka | 2008 | 2010 | Eider Rodriguez Martin |
| MEA CULPA | XII.beka | 2009 | 2011 | Uxue Apaolaza Larrea |
| BESTE NORBAITEN ZAPATAK | XIII.beka | 2010 | 2012 | Garazi Kamio Anduaga |
| GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK | XIV.beka | 2011 | 2013 | Goiatz Labandibar Arbelaitz |
| ERRAIAK | XV.beka | 2012 | 2014 | Danele Sarriugarte Mochales |
| EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI | XVI.beka | 2013 | 2015 | Mikel Ayllon Corral |
| HAUTS HAIETATIK | XVII.beka | 2014 | 2016 | Unai Villena Camarero |
| NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO | XVIII.beka | 2015 | 2017 | Kattalin Miner Perez |
| ZALDI MAMARROA | XIX.beka | 2016 | 2018 | Ekaitz Goienetxea Cereceda |
| BASA | XX.beka | 2017 | 2019 | Miren Amuriza Plaza |
| ZENDABALITZ | XXI.beka | 2018 | 2020 | Erika Elizari Salvador |
| HERRIAK EZ DU BARKATUKO | XXII.beka | 2019 | 2021 | Irati Goikoetxea Asurabarrena |
| EZ ERRAN INORI | XXIII.beka | 2020 | 2022 | Maddi Ane Txoperena Iribarren |
| ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN | XXIV.beka | 2021 | 2023 | Olatz Mitxelena Larreta |
| ITZALKIAK EGUZKITAN | XXV.beka | 2022 | 2024 | Lizar Begoña Madariaga |
| ILARGI-KUTSADURA | XXVI.beka | 2023 | 2025 | Irati Irizar Alvarez |
| DATORREN UDAN EZ GARA HEMEN BIZIKO | XXVII. beka | 2024 | Ane Garcia Lopez | |
| KATU ILEAK TXANDALETAN | XXVIII. beka | 2025 | Saioa Alkaiza Guallar |



