Haur eta gurasoentzako saioak berriro eskainiko dira, euskal haur literaturan oinarrituta
Aurten berrikuntza gisa, 8-12 urteko gaztetxoei zuzendutako komikien inguruko irakurketa kluba izango da
Irakurketa ohiturak eta euskarazko literaturarekiko konpromisoa
Beasaingo Udal Liburutegiak 2025-2026 ikasturteko irakurketa klubak aurkeztu ditu, udalaren hezkuntza eta kultur politikaren baitan finkatutako ekimen gisa. Proiektu honek irakurketarekiko zaletasuna piztu eta sendotzea du helburu, euskarazko literaturan oinarrituta.
Irakurtzea ez da bakarrik ohitura bat, baizik eta pertsona baten garapen kognitibo, emozional eta sozialerako tresna eraginkorra. Euskaraz irakurtzea, gainera, gure hizkuntza eta kultura propioa bizirik mantentzeko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ezinbesteko urratsa da. Liburutegiak, udalaren laguntzarekin, konpromiso argia erakusten du horretan: haur eta gaztetxoentzako kalitatezko eskaintza bermatzea eta familien artean irakurtzeko gune partekatuak sortzea.
Familian partekatzeko saioak
Haur txikiak eta gurasoak izango dira berriro ere protagonista Irakur-Jolas Txokoan. Bertan, euskal haur literaturan oinarritutako ipuinak, kantuak, olerkiak eta jolasak eskainiko dira. Dinamizatzaile batek gidatutako saio hauen bidez, bi helburu lortzen dira: batetik, haurrek irakurketaz modu atseginean gozatzea, eta bestetik, gurasoek seme-alabekin irakurtzeko baliabideak eta teknikak eskuratzea. Horrela, etxean euskarazko liburuen erabilera eta gozamen partekatua indartzen dira.
8-12 urteko gaztetxoentzat: komikien kluba
Aurtengo berrikuntza nagusia 8-12 urteko haurrei zuzenduriko irakurketa kluba izango da, komikien generoa ardatz hartuta. Komikiak haurrentzat erakargarriak eta eskuragarriak dira, eta irudien bidezko narrazioak irakurle gazteak mundu berrietara hurbiltzen ditu.
Saioetan, parte-hartzaileek irudien hizkuntza berezia ezagutuko dute, eta dinamizatzaileak komiki mutuak, zintak eta beste hainbat lan aurkeztuko dizkie. Ez da jarduera pasiboa izango: haurrek irakurketa ozenak egingo dituzte, liburuak aurkeztuko dituzte, antzerki txikiak prestatu eta literaturarekin lotutako sormen-jardueretan arituko dira. Helburua da irakurketaz gozatzeko modu berriak ezagutzea eta euskarazko bibliografia garaikide zein klasikoak gertutik bizitzea
Helburu nagusiak
- Euskarazko irakurketaren ohitura sustatzea.
- Haur eta gaztetxoak euskal literaturako kalitatezko lanetara hurbiltzea.
- Irakurketarako giro atsegin eta motibagarria sortzea.
- Guraso eta seme-alaben arteko harreman literarioa sendotzea.
- Liburutegia herritarrentzat topagune aktibo eta bizia izatea.
Informazio gehiago eta izen-emateak egiteko:
Beasaingo Udal Liburutegia – Loinazko San Martin plaza z/g
943 028070
www.beasain.eus/biblioteka



