Loinatz jaiak aurten maiatzaren 30etik ekainaren 8ra izango dira eta iragarriko dituen kartel irabazlearen egilea Luis Angel Argote gasteiztarra izan da. Haurrenean Alkartasuna Lizeoko Nahia Altuna Gonzalez
Murumendi eskolako 5. LHko haurrek piztuko dute jaien hasierako suziria eta gaueko Mariren jaitsiera zuzenean ikusi ahal izango da udalaren youtubeko kanaletik
Iazko balorazioaren ondotik gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak areagotu dira eta eguerdiko giroa indartzeko txarangak izango dira kalez kale. Kontzertuei dagokionez Zea Mays eta Süne taldeak ekainaren 6an eta 7an izango dira. Alkateak jaiak, arduraz, errespetuz eta gizalegez gozatzeko deia egin du
Beasaingo udaletxeko batzar aretoan egindako agerraldian, aurtengo Loinatz jaien kartela eta pdf egitarauaren (3.83 MB) xehetasunak eman dituzte jakitera udal ordezkari, teknikariek. Aurkezpenean Leire Artola alkatea, eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariarekin batera, kartel lehiaketako irabazleak izan dira. Egitarauaren ardatza betiko ekitaldiek osatzen badute ere berrikuntzetan egin dute azpimarra.
Alkateak beste behin, herritarrak eta elkarteek osatzen duten jaietako batzordearen lana eskertzeaz gain, partehartzea eta lankidetza oinarri duen egitarauko ekitaldi azpimarragarrienak nabarmendu ditu. Beasaingo nortasunaren ikur diren tradizioak eta ohiturak berritu eta berrikuntzak gehituta dator egitaraua. Iaz jaien ondoren egindako balorazioaren ondotik jasotako ekarpenak kontuan izan dira horretarako.
Ildo beretik, ohiko aipamena egin die urteroko gomendioei. Jaiez gozatzeko moduari dagokionez, normaltasunez igaro daitezen, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin Beasain bizigarriago baten alde egiteko eskaera luzatu du. Arduraz eta errespetuz, jokaera oldarkorrak alde batera utzi eta eraso sexistak salatu eta baztertu daitezela eskatu du. Eta egun hauetan, kontsumo arduratsuaren alde egin du baita ere.
Mariren jaitsiera zuzenean
Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak, egitarauaren xehetasunak azaldu ditu. Aurtengo jaiak eta egitarauaren azala iragartzeko kartel irabazlearen egilea Luis Angel Argote Martin gasteiztarra izan da eta haurren mailan Alkartasuna Lizeoko Nahia Altuna Gonzalez (LH 5). Aipatu, egitaraua etxe guztietara banatzen hasi dela eta norbaitek jasoko ez balu Igunean eskuratu ahal izango duela. Horretaz gain, udalaren web atarian ere zintzilikatua egongo da telefono mugikorrean eduki ahal izateko.
Iaz izandako erantzun onaren ondotik, jaiei hasiera ematen dien ekitaldi ikusgarriena sare sozialen bidez zuzenean emitituko dela jakinarazi da. Mariren jaitsierak sortzen duen ikusmina eztabaida ezina da eta berriz ere udalaren youtube kanaletik eskainiko da zuzenean. Iazkoak lau mila ikustalditik gora izan zituen eta argi dago edozein lekutik ikusteko aukera eskaintzea zeharo interesgarria da. Edonon, pantaila bat eta internetarako konexioa edukita, etxeetan, tabernetan eta Beasaindik kanpo dauden beasaindarrek ere ikusi ahal izango dute. Baita ondoren ere, grabatua geratuko baita. Udalerriko pantaila digitaletan ere ikusiko da.
Dron ikuskizuna
Berritasunen artean, ekitaldi nagusia Drone ikuskizuna izango da. Dron ikuskizuna gauez zeruan argi LEDekin hornitutako hamarnaka edo ehunka dronen erakustaldi artistikoa da, musika eta soinu-efektuen erritmoan sinkronizatuta hegan egiten dutenak. Drone hauek software espezializatu baten bidez kontrolatzen dira, ikus-entzunezko esperientzia paregabea sortuz.
Flock Drone Art Studio enpresa, Espainian aitzindaria den enpresa, izango da ikuskizuna eskainiko duena. 120 drone erabiliz, mugimenduen bidez irudiak osatuko dituzte, hizkiak, hitzak eta ikonoak sortuz. Ikuskizun hauek, teknologia, artea eta jasangarritasuna uztartzen dituzte, su artifizial tradizionalei alternatiba berritzaile eta ingurumenarekiko errespetuzko bat eskainiz. Ohiko lekuan eskainiko da ikuskizuna eta publikoaren kokapenari dagokionez ere betiko tokian jartzea gomendatzen dute antolatzaileek ikuspegi ona izateko.
Haurren danborrada eguerdian eta gazteentzako tailerrak
Haurrek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin, aurten Murumendi Eskolako haurrak izango dira (LH 5ekoak). Maiatzaren 30ean 18:00etan izango da. Barraken irekiera dela eta aipatu aurten ere “Zaratarik gabeko ordua” ekimena ere izango dela. Aniztasun funtzionala duten pertsonen alde, mozorroen egunean ezik, barraketako musika etengo da egunero ordu betez 18:00etatik 19:00etara. Haurrentzako puzgarrien egunetan ere berdin.
Larunbatera pasaz, danborradak hartuko dituzte kaleak egun osoan. Izan ere aurten haurren danborrada eguerdira itzuliko da. Koxkola txaranga eta Musika Eskolako bandak lagunduta 12:00etan irtengo dira haurrak Igartzatik.
Aipatzekoa da baita ere, iazko iradokizunei jarraituz, eguerdiko kale giroa indartzeko lehen larunbatean eta ingandean Koskola txaranga eta Matraka elektrotxaranga izango direla kalez kale.
Ekarpenei lotuta, gazteei zuzendutako eskaintza haunditzeko, hainbat tailer antolatu dira. Esaterako, lehen larunbatean Iturralde plazan Skate erronkak, graffitia eta DJ-a izango dira arratsaldean 12-18 urte bitartekoentzat eta hurrengo egunean arratsaldeko lauretan 12-16 urtekoentzat toki berean eskulan tailerra. Ekainaren 7an arratsaldez, familiei zuzenduta eskulan tailerra egongo da toki berean.
Zea Mays eta Süne
Kontzertuei dagokionez, Süne eta Zea Mays taldeak izango dira kartel-buru. Bigarren asteburuan, ostiralean Zea Mays eta larunbatean Süne izango dira. Biak Bideluze plazan. Beasaingo Muxutruk erromeri taldea ere lehen ostiralean izango da hutsik egin gabe Bideluze plazan. Larunbatean Goxua´n salsan taldea. Gainerakoan jaietako musika eskaintza talde hauekin osatuko da: Trannce taldea, Nafar jotak, eta saloiko dantzak DJ Txominen eskutik. Hauez gain, txistulariak, gaiteroak, Loinatz udal musika eskolako banda eta trikitilariak ez dira faltako.
Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak, eta kirol jarduerek bere lekua dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du Beti Bizi elkarteak 2025ko alea.
Prebentzioa eta oharrak
Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere prebentzio kanpainak errepikatuko dira. Alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira. Ikastetxeetan egonak dira udaltzaingoko agente tutorea ertzaintzarekin hitzaldiak ematen.
Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak egongo dira ordutegi ezberdinetan (Gune morea). BotilTZAR edo BotilTXAR egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.
Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zoritxarrik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Alkateak Udalaren ahalegina aipatu du nabarmenduz kale garbiketa zerbitzua indartuko dela eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko da. Etxerako bidean doazenentzako zaintza lana egingo dute. Hartara, jaiak ongi burutu daitezen lanean ari direnentzako errespetua eskatu da.
Banderak eta zapiak jaiak girotzeko
Bestalde, jai giroa pizteko eta aldarrikatzeko, herritarrei ere dei egiten zaie etxeetako balkoietan Beasaingo bandera zintzilikatzeko. Banderak 6 eurotan eta lepoko zapiak 3 eurotan egongo dira salgai herriko merkataritza saltokietan.
Bestalde, egitaraua etxe guztietara banatuko da baina jaso ez duen herritarrik balego, oharra jarriko da atarian ezin izan dela sartu adieraziz. Honela bada, udaltzaingoaren harreran, Igunean, liburutegian edo kultura sailean jaso ahal izango da.





