Skip to main content
Kultura

“Kontaidazu liburua” pandemia garaian irakurzaletasuna bultzatzeko

2021/04/06

Libururaren Nazioarteko egunaren inguruan Udalak urtero antolatzen duen egitarauan antzerkia, bakarrizketa eta Beasain idaz-lehiaketaren sari ematea izango dira ekitaldi nagusiak

Udalak urtero bultzatzen duen kanpaina honen helburuak euskarazko literatura ezagutaraztea, irakurzaletasuna bultzatzea eta, era berean, herritarrak bibliotekara hurbiltzea dira. Aurtengo leloa “Kontaidazu liburua” da. Ohi bezala, Liburuaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 23a) izango da egitarauaren ardatza eta honen bueltan antolatu dira hainbat ekitaldi. Iaz “orriz orri, eskutik eskura” lelopean izan zen eta pandemia zela eta, bertan behera geratu zen. Duela bi urte aldiz, “Irakurri, gozatu eta oparitu” izan zuen izenburu kanpainak.

Segurtasun irizpideak kontuan hartuta pentsatutako kanpaina da aurtengoa: elkarren artean kontaktua saihesteko eta liburuetan oinarritutako proiektuak ezagutzera emateko. “Kontaidazu liburua” lelopean antolatu den egitarauan biltzen diren ekitaldiak apirilean hasiko dira eta maiatzaren 7an amaituko dira. 

Lehena apirileko azoka bereziaren baitan antolatutakoa izan zen, non bertan liburutegian xahututako hainbat liburu banatu ziren erosleen artean. Hurrengo hitzordua apirilaren 16an izango da bi ekitaldiekin: lehena 17:30ean irakurle taldearen saioa Igartza Monumentu Multzoan. Beasaingo Idazlan-lehiaketan saritutako lanak landuko dituzte. Toki berean eta 19:00etan, Amaia Zinkunegiren bakarrizketa izango da helduentzako honako kontaketa honekin “Otxandreak korrika”. “Las mujeres que bailan con lobos” liburua aitzakia hartuta (liburutegian eskuragarri). Apirilaren 24an eguerdiko 12:00etan Beasain idazlehiaketaren sari-emate ekitaldia egingo da Igartzan. Eta egitarauari amaiera emanez, maiatzaren 7an 19:00etan Usurbe antzokian “Antigone eta ezetzaren beharra” antzezlana taularatuko da Horman Poster konpainiaren eskutik, Sofoklesen liburuan oinarrituta. Azken 2.500 urtetan garai guztietan gehien moldatu den obra izan da. Sarrera prezio berezian salduko da, 6€.

Liburutegian zer aurki dezakegun ezagutzera emateko bideo bat ere egingo da eta, 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin batera, zabaldu eta jarriko da Udalaren web orrian.