Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Maiatzaren 31an piztuko da Loinatz jaietako txinparta

2019/05/24

Jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea Ruben Lucas Garcia murtziarrak egin du eta haurren mailakoa Maren Higuero Larreategik

Murumendi eskolako haurrei dagokie ostiraleko danbatekoari txinparta piztea eta gauean Mariren jaitsierak emango dio hasiera Loinatz jaiei

Ekainaren 9an omenaldia eskainiko zaio Iñaki Muxika “Arritta” zenari eta helduen tanborradak hiru pieza joko ditu geldialdia eginez Erauskin plaza berrituan

2019ko Loinatz jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea iragarriz egin zuten udal arduradunek aurtengo jaietako egitarauaren aurkezpena. Kartel nagusia eta egitarauaren azala jantzi duena, Ruben Lucas Garcia murtziarrak egindakoa da. Bereak jaso zituen boz gehien eta Murtziatik bidali zuen esker oneko mezua bideo bitartez. Udalaren sare sozialetan ikusi daiteke. Haurren mailan berriz Maren Higuero Larreategik egindakoa izan zen irabazlea eta ekaineko udal agendaren azala izango da.

Xabier Matarranz kultura zinegotziak 180 euroko zegokin saria eman zion aurkezpenean. Helduenak 600 euroko saria jaso du. Aurten guztira 432 lan jaso dira horietatik 406 lan  7-15 urtekoek bidalitakoak eta 26 lan helduenetan.

Kartel lehiaketaren sari ematearen ondotik Xabier Matarranzek 2019 Loinatz jaietako egitarauan nabarmentzekoak diren ekitaldiak aurkeztu zituen. Finean, egitarauaren hezurdurak ez du aparteko aldaketarik izan. Errespetuan oinarritutako Loinatz jai guztiz alai eta atseginak izatea da helburu nagusia eta horretarako herritarren proposamenak jasota parte hartzean oinarritutako egitaraua dela aurtengoa nabarmendu zuen kultura zinegotziak.

Egitarauan nabarmentzekoak

Ume eta gaztetxoek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin jaiei, aurten Murumendi ikastolakoen txanda izango da maiatzaren 31an 18:00etan.  Gauen berriz Mariren jaitsiera eta pregoiaren irakurketak barreiatuko du herrian zehar jai giroa.

Nabarmentzekoen artean honakoak azpimarratu ditu udal arduradunak. Lehen larunbatean helduen danborradak gune berri bat estreinatuko du. Erauskin plaza berrituan konpainia guztiek geldialdia egingo dute eta hiru pieza joko dituzten bertan. Aurtengo danborraden irteerak, haur zein helduena, Ezkiaga auzotik izango dira.

Haur eta gaztetxoei eskainitako jolas parkea errepikatuko da lehen larunbatean eta astelehenean Barandiaran parkean baina euria egingo balu Ezkiaga auzoan kokatuko da.

Kirol jardueren artean aipatzekoa da heriotzarik gabeko amuarrain arrantza lehiaketa berreskuratu dela. Iaz lortu ez ziren baimenak aurten lortu ondoren egingo da. Gimnasia erritmikoaren emanaldia ere izango da Tximeleta eskolako La Salle ikastetxeko ikasleen eskutik dantzaokearen ondoren. Eta ekainaren 8 eta 9an Loinatz futbol zelaian Goierri Gorri futbol taldeak antolatuta Berdintasunaren aldeko Infantil Mailako Nesken I. Futbol Txapelketa burutuko da.

Asteartean haurren sokadantzaren txanda izango da. Aurten lehenengoz neskek ere protagonismo bera izango dute eta mutilen pare dantzatzen irtengo dira genero bereizketarik gabe.

Ekainaren 9an, bigarren igandean eta jaietako azken egunean, omenaldia egingo zaio Iñaki Mujika “Arritta” zenari. Herri kirolen sustatzaile urte luzetan izan ondoren, urtea beteko da utzi gintuela eta Herri Kirolen saioan arratsaldean eta dantzarien topaketan goizean gogora ekarriko dute. 

Musikari dagokionez, herriko taldeei protagonismo berezia emateko helburuari eusten jarraitzen du Udalak. Muxutruk, Phobo eta AZR & Javi Bujeda Dj-ak herritarrez gain, Liher, Marlik, Nogen, Joselu anaiak,  Txamuko mariatxiak, , Karea, eta Bad Sound Sistem taldeek joko dute Loinatz jaietan. Txoznek ere euren egitaraua antolatu dute eta ekaineko udal agendaren barruan txertatuta egongo da.

Prebentzio kanpainak jaietan

Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin iaz bezala aurtengo jaietan ere mantenduko dira prebentzio kanpaina ezberdinak. Funtsean, alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak mantenduko dira.

Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak urtero bezala bi egunez egongo dira ordutegi ezberdinetan; ekainaren 1ean eta 3an. BotilTZAR edo BotilTXAR  egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.

Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zorigaiztorik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Aurtengo jaietako aurrekontua guztira 127.000 eurokoa izan da.

 JAIETAKO EGITARAUA

KARTELA JAIAK HELDUAK 2019Egilea: Ruben Lucas GarciaKARTELA JAIAK HAURRAK MAREN HIGUERO LARREATEGIEgilea: Maren Higuero Larreategi