Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Udal langileek atxikimendua adierazi diote Euskaraldiari

2018/11/14

Herritarrei begira euskara erabiltzeko konpromisoan berretsi dira udal langileak eta horretarako prestakuntza saio bat jaso dute Euskaraldiari buruz

Beasaingo Udalak sustatutako Euskaraldiak hizkuntza ohituren aldaketan eragitea eta euskal hiztunak aktibatzea du helburu azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko den ekimenak

Beasaingo Udaleko langileak ere batu dira Euskaraldira. Euskaraldiari buruz prestakunta saio bat jaso dute euskara erabiltzeko zein den egin beharreko ariketa ezagutzeko. Honela herritarrei begira euskera erabiltzeko konpromisoa berretsi dute eta Euskaraldiaren hizkiekin argazkia atera dute udaletxe aurrean.

Beasaingo Udalak sustatuta, Beasaingo Euskaraldiaren talde eragileak urte bete darama biltzen bertako Euskaraldia antolatzeko. Beasainen hizkuntza ohituren aldaketan eragitea helburu du egitasmo honek.

Igartza jauregian ekainean burutu zen Beasaingo Euskaraldiaren aurkezpena. Aitor Aldasoro alkateak orduan azaldu zuen “urtebete lehenago hasitako lanek ekarri gintuztela honaiño. Lehenik iazko “Txuku Mutxu” lelopean euskararen nazioarteko egunaren festaren antolakuntzan lan eginez eta orain nazio mailako ekimen honetan parte hartuz”.

Beasaingo Euskaraldiaren lan taldeak antolatutako egitaraua Beasaingo Euskaraldiaren web gunean kontsultatu daiteke www.beasain.euskaraldia.eus  

Parte hartzeko izenematea irekita jarraitzen du

Euskaraldia azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3a arte luzatuko da, euskararen nazioarteko egunera arte. Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako beasaindarrak  Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dira. Ahobizi,  ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira. Belarriprest berriz, gutxienez euskara ulertzen dutenak, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera irekita jarraitzen du. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio txapa erabiliko dute parte hartzaile guztiek.