Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kirola

Antzizarko bazkidetza kanpainak mugikorrerako App berria aurkeztu du kirol-zerbitzuak modernizatzeko eta hurbiltzeko

2026/09/02

"Konekta zaitez Antzizarrekin" lelopean, aplikazio berriak kiroldegiko zerbitzuak eta entrenamendu zein nutrizio birtualak poltsikoan izatea ahalbidetuko du eguneko 24 orduetan

Bazkide berrientzat matrikula doakoa izango da irailaren 15era arte, % 50eko deskontua izango du irailaren 16tik 30era bitartean, eta udako bazkideek ere doan berritu ahalko dute urteko abonua

Beasaingo Udalak gaur goizean aurkeztu du Antzizar Udal Kiroldegiko 2026-2027 ikasturterako abonatu kanpaina berria. Agerraldian Leire Artola alkateak, Elena Ruiz kirol zinegotziak eta kiroldegia kudeatzen duen Masquatro enpresako ordezkari Jorge Garciak hartu dute hitza. Aurkezpenaren nobedade nagusia kiroldegiko App berria izan da; zerbitzu digital horren bidez, Udalak azpiegituren zein kirol-zerbitzuen kalitatearen aldeko apustu integrala berretsi du, pandemia osteko orain arteko abonatu kopuru handiena lortu den unean (6.300 bazkide baino gehiago).

Udal inbertsioa eta eraldaketa digitala: "Konekta zaitez Antzizarrekin"

Leire Artola alkateak azpimarratu du beasaindarren bizi kalitatea eta osasuna hobetzea direla Udalaren lanaren oinarrizko zutabeak. Horregatik, azaldu du urtero inbertsio ekonomiko handia egiten dela Antzizar kiroldegiaren azpiegitura erraldoia mantendu, modernizatu eta gaurkotzeko, izan kontsumo energetikoan, mantentze-lanetan edo makineria teknologiko berria erosteko orduan. Alkatearen hitzetan, "gure helburua hobekuntza integrala da, bai azpiegituretan zein eskaintzen dugun zerbitzuan bertan; kiroldegia bezalako azpiegitura bat gaurkotzeak ahalegin etengabea eskatzen du Beasain udalerri aurreratu gisa mantentzeko". Ildo horretan, aurtengo kanpainaren ardatz nagusia eraldaketa digitala dela nabarmendu du, "Konekta zaitez Antzizarrekin" leloaren bidez.

Kiroldegiaren zerbitzuak eta bizi-estilo osasuntsua mugikorrean

Prentsaurrekoan, Masquatro enpresako Jorge Garciak irailaren 2tik aurrera erabilgarri dagoen aplikazio berriaren xehetasunak eta erakustaldi praktikoa eman ditu. Azaldu duenez, tresna hau ingurune digital bakar batean kokatzen da kiroldegiaren zerbitzuak gailu mugikorrera hurbiltzeko eta eguneroko harremana errazteko. App-ak erraztasun administratiboak zein kirol-esperientzia hobetzeko edukiak uztartzen ditu, herritarrei bizi-estilo osasuntsua mantentzen laguntzeko.

Aplikazioaren bidez, erabiltzaileek zuzeneko oharrak eta berrikuntzak jaso ahalko dituzte, zuzendutako jardueren programazioa kontsultatu eta erreserbak egin, eta zentrora sartzeko QR kode bidezko sarbidea erabili. Horrez gain, kiroldegian zein modu autonomoan egiteko entrenamendu-proposamenak, ariketa saioak eta nutrizio-programa pertsonalizatuak kontsultatzeko espazioa du, norberaren jardueraren jarraipena egiteko atal pertsonalarekin batera. 

Irailaren 2az geroztik doan deskargatu daiteke "Antzizar" bilatuz Android zein iOS sistemen denda nagusietan, eta lehen aldiz posta elektronikoaren bidez erregistratzeko prozesu erraza eskaintzen du. Edozein zalantza izanez gero, kiroldegiko langileek laguntza zuzena emango dutela gogorarazi du Garciak.

Bazkide kopuru handiena eta matrikulazio abantailak

Elena Ruiz kirol zinegotziak azken urteetako datu positiboen berri eman du. Azaldu duenez, pandemiak eragindako beherakadaren ondoren hazkunde jarraitua izan da urtez urte: 2021eko 4.614 bazkidetik 2022ko 5.195era igaro zen, ondoren 2023an 5.642 izatera iritsiz, 2024an 6.162ra, 2025ean 6.264ra, eta azkenik 2026ko ekainean 6.300 abonatuen muga gaindituz (sasoiko 417 udako abonatuz gain). Zinegotziak adierazi du datu hauek herritarren konfiantza erakusten dutela eta lanerako pizgarri direla.

Fidelizazioa eta bazkide berrien sarrera sustatzeko, 2026-2027 ikasturteko baldintza ekonomiko abantailatsuak jakinarazi ditu. Irailaren 15era arte matrikula erabat doakoa izango da; irailaren 16tik 30era bitartean matrikularen % 50eko deskontua egingo da eta iraileko kuota doan utziko da; eta udako abonua egin dutenek urteko bazkide bilakatzeko urratsa ematen badute, matrikula ordaindu gabe egin ahal izango dute. Ruizek gaineratu du helburua kirola egiteko aukera ororen eskura jartzea dela, bai kalitatezko azpiegiturengatik, bai abantaila digital zein ekonomikoengatik.

Udal laguntzak

Gizarte-kohesioarekin eta kirolaren irisgarritasunarekin konprometituta, Elena Ruizek gogorarazi du Beasaingo Udaleko Gizarte Ongizate Sailak kiroldegiko tarifak ordaintzeko laguntza-sistema kudeatzen duela, laguntza behar gehien dituzten pertsona eta familiei bideratuta.

Nabarmentzekoa da udal laguntza hauek udako sasoiko abonua egiten duten herritarrek eska ditzaketela. Eskaerak egiteko epea irailaren 1etik 30era bitartean egongo da zabalik eta aurreko urtean ordainditako tarifetan oinarritutako hobaria aplikatuko da. Informazio osoa, matrikulen xehetasunak zein tarifa guztiak www.antzizar.eus atarian daude kontsultagai.

pantalla antzizar sep2026 sinoferta

pantalla antzizar app