Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kirola

Antzizar kiroldegiak emakumezkoen pilota profesionalaren finalerdiak hartuko ditu

2026/03/18

Beasain emakume pilotarien erreferente bihurtzen jarraitzen du, bosgarren urtez jarraian txapelketa hartuta

Udalak kirolaren bidez berdintasuna sustatzeko konpromisoa berretsi du, emakumeen presentzia eta aitortza indartuz bertako kirolaren apustu sendoan

Datorren larunbatean, martxoaren 21ean, 17:30ean, Beasaingo Antzizar kiroldegiko pilotalekuak emakumezkoen Binakako Txapelketako finalerdiak hartuko ditu, asteburuko pilota hitzordu nagusietako bat bihurtuz. Txapelketaren une erabakigarria iritsi da liga fasea amaitu ondoren, eta Beasainek beste behin ere protagonismo berezia izango du emakumezkoen pilota profesionalaren egutegian.

Azken urteotan bezala, Beasain erreferente bihurtu da emakumeen pilotaren sustapenean, eta aurten ere bi finalerdi jokatuko dira bertan: promozio mailakoa eta lehen mailakoa. Lehen norgehiagokan, Iriarte - Ernaga eta Sagardui - Etxeberria bikoteak ariko dira aurrez aurre; ondoren, maila nagusiko finalerdian, Iturriaga - Orbegozo eta R. L. Mujika - O. R. Larramendi lehiatuko dira.

Berdintasuna eta kirola lehentasun

Leire Artola alkateak azpimarratu duenez, “plazer handia da beste urte batez emakumezkoen pilota profesionala Beasainen aurkeztea”, eta gogorarazi du aurten bosgarren urtea dela txapelketa herriko frontoira ekartzen dela. Alkatearen hitzetan, “hori ez da kasualitatea; gure herriak euskal kirolarekin eta, batez ere, berdintasunarekin duen konpromiso irmoaren erakusle da”.

Udal gobernuak argi du helburua: emakumezkoen eta gizonezkoen kirol ekitaldiek baldintza eta oihartzun berdinak izatea. “Normaltasun hori lortzea da gure erronka”, nabarmendu du Artolak, eta bide horretan ezinbestekotzat jo du Ados Pilota elkartearekin elkarlanean jarraitzea, emakume pilotariek dagokien lekua izan dezaten mundu profesionalean.

Erreferentea izateko bidean, belaunaldi berrientzat ispilu

Beasaingo Udalaren apustua ez da soilik kirol ekitaldiak antolatzea, baizik eta balioak sustatzea ere bada. Zentzu horretan, emakume pilotarien presentziak eragin zuzena du herriko gazteengan, bereziki nesken artean, kirola maila gorenean jokatzeko aukerak ikusgarri bihurtzen baititu.

“Gure herriko frontoia erreferente bihurtu nahi dugu; emakume gazteek ispilu bat izan dezatela”, adierazi du alkateak. Helburua argia da: bertako kirola indartzea, emakumeen parte-hartzea sustatzea eta berdintasunean oinarritutako kirol eredua sendotzea.

Beasaingo jardunaldiak emango dio hasiera finalerdien asteburuari; ondoren, igandean Legazpin jokatuko da bigarren finalaurrekoa, emakumezkoen pilotari eskainitako jardunaldi berezi baten barruan.

Hala ere, Beasaingo hitzordua izango da ardatz nagusietako bat, bai maila altuko lehiagatik, bai herriak emakumezkoen kirolaren alde egiten duen apustu sendoagatik. Udalak beasaindar guztiak gonbidatu ditu Antzizarrera hurbiltzera, “berdintasunaren bidea denon artean eta pilotaz gozatuz egiten jarraitzeko”.