Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kirola

Beasain Kirol Sarien 10. edizioa hautagaiak jasotzeko prest

2025/11/06

Azaroaren 21era arte hautagaiak proposatzeko epea zabalik aurkitzen da ohiko bideetatik 

Hamargarren edizioko gala abenduaren 22an ospatuko da Igartzako jauregian 

Beasain Kirol Sariek mugarri berezia ospatuko dute aurten: hamar edizio beteko dira Beasaingo Udalak lehen aldiz herriko kirolarien, elkarteen eta sustatzaileen lana publikoki aitortu zuenetik. Hamar edizio hauetan zehar sari hauek sendotu dira, eta urtean behin, Beasainen kirol komunitatearen topagune bihurtu dira. 

Udalak herritar guztiei eta kirol elkarteei luzatu die gonbita: hautagaiak proposatzeko epea azaroaren 21era arte egongo da zabalik. Proposamenak egiteko hiru bide daude: Beasain mugikorreko aplikazioa, udalaren webgunea, edo Antzizar Kiroldegiko harrera-gunea, bertan eskuragarri dagoen inprimakia erabiliz.

Herritarren parte-hartzea, sarien bihotza

Beasaingo Udalak herritarren inplikazioa azpimarratu nahi du, izan ere, sari hauen indarra komunitatearen parte hartzean eta konplizitatean datza. Beasaingo herritarrak eta elkarteak dira benetako protagonistak, eta haien proposamenek osatzen dute sarien oinarria. “Kirolaren bidez Beasainek bere balioak erakusten ditu: esfortzua, elkarlana eta harrotasuna. Sari hauek herriaren beraren esker ona dira”, adierazi dute udal arduradunek.

Kategoriak eta sariak

Beasain Kirol Sariek bi atal nagusi izango dituzte: Urteko Kirol Sariak eta Ohorezko Kirol Sariak.

Urteko Kirol Sarien artean hauek banatuko dira:

  • Emakumezko kirolaria edo taldea
  • Gizonezko kirolaria edo taldea
  • Kirol jardunaldia
  • Erakunde babeslea

Herritarrek eta elkarteek proposatutako hautagaien artean epaimahaiak sarituak aukeratuko ditu, eta haien artetik erabakiko du 2025eko Sari Nagusia jasoko duen hautagaia.

Bestalde, Ohorezko Kirol Sarien artean bi berezi nabarmenduko dira. Udalak eskumena izango du egoki ikusiko balu hauek emateko. 

  • Kirol ibilbideari Ohorezko Saria
  • Ohorezko Beasain Saria

Abenduaren 22ko gala: ospakizuna eta aitortza

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 22an ospatuko da Igartzako Jauregian, urteko kirol une zirraragarrienak bilduko dituen jaian. Hamargarren edizio hau izango da ospakizun, oroimen eta bultzada berrien topagune.

Beasainek, hamar edizioko ibilbide oparoa ospatzeaz gain, bere kirol komunitatearekin duen konpromisoa berritzen du, bidea eginez jarraituz.

Oinarriak udalaren webgunean daude ikusgai.