Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Beasain parekide

Beasaingo Emakumeentzako Jabetze Eskolak udazken-neguko edizio berria abiatuko du

Urriaren 1ean irekiko da ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea eta otsailera arte luzatuko dira

Ikastaro anitzak, topagune seguruak eta aholkularitza-zerbitzuak prestatu ditu Beasaingo Udalak gizarte-eraldaketa eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko

Beasaingo Udalak Emakumeentzako Jabetze Eskolaren 2026ko udazken-neguko egitarau berria aurkeztu du. Aurten otsailetik ekainera bitartean lehen edizioa arrakastaz burutu ondoren, udazkeneko eta neguko edizio hau urritik otsailera luzatuko da. Udalaren helburu nagusia emakumeentzako topagune seguru, hurbil eta ireki bat eskaintzea da, berdintasunaren alde lan egiteko, errealitatea ikuspegi feministatik aztertzeko eta emakumeen arteko sororitatea nahiz parte-hartze aktiboa indartzeko. Izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da, online izen-emate formularioaren bidez.

Jabetze Eskolaren helburuak

Jabetzea gizartea eraldatzeko prozesu pertsonal zein kolektiboa da. Beasaingo Udalak azpimarratu nahi du emakumeok pairatzen ditugun desoreka eta desberdinkeria egoerak ez direla arazo isolatu edo pertsonalak, gizarte-antolaketa matxistaren ondorio zuzena baizik.

Kontzientziazio horren bidez, Jabetze Eskolak honako xedeak ditu:

Ikasteko eta elkartzeko gunea izatea: Esperientziak partekatzeko, elkarri laguntzeko eta emakumeen arteko sororitatea sendotzeko.

Trebatzeko eta hazteko aukera ematea: Autoestimua indartzeko, eskubideak ezagutzeko eta eguneroko zein gizarte-eremurako trebetasunak bereganatzeko.

Gizarte-aldaketa eragiteko tresna izatea: Bidegabekerien aurrean kontzientzia hartu eta bai bizitza pribatuan (gorputza, harremanak, lana) bai eremu publikoan (politika, kultura, gizartea) erabakitzeko boterea eta parte-hartze aktiboa berreskuratzeko.

Udazken-neguko ikastaroen egitaraua

Jabetze Eskolak arlo desberdinak ukitzen dituzten ikastaro eta tailer praktikoak bildu ditu udazken-neguko egitarauan eta Beasaingo etxe guztietara banatu da:

  • Polit Zahartzea: Autozaintza aktiboa eta osasungarria: Asteazkenetan (urriak 14, azaroak 11, abenduak 9, urtarrilak 13, otsailak 10), 10:00-12:00, Damazuloan (Oriamendi 18). Gaztelaniaz. Dinamizatzailea: Kontxi Lopez. Norberaren maitasuna eta autozaintza ahalduntze-ekintza gisa lantzeko.
  • WikiEmakumeok: Asteazkenero, urriaren 14an hasita, 10:00-11:30, Aranealden. Euskaraz. Dinamizatzailea: Izaskun Salazar (Aittu Euskara Elkartea). Wikipedian dagoen genero-arrakala murrizteko eta ezkutuko emakumeen ekarpenak ikusgarri egiteko.
  • Irakurle Eskola Feminista: Asteazkenetan (urriak 14, azaroak 11, abenduak 9, urtarrilak 13, otsailak 10), 18:00-20:00, Damazuloan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Iratxe Retolaza. Pentsamendu kritiko-feminista garatzeko irakurgaien bidez.
  • Biodantza: Bizitzaren erritmoak dantzatuz: ostiraletan (8 saio: urriak 16, 30; azaroak 13, 27; abenduak 11; urtarrilak 8, 22; otsailak 5), 17:30-19:30, Urbietan. Elebitan. Dinamizatzailea: Ana Zurutuza. Musikaren eta mugimendu librearen bidez emozioak eta ongizatea lantzeko.
  • LGTBIQ-ren "I"-a ulertzen: Zer da intersexualitatea?: Urriaren 22an (osteguna), 18:00etan, Udal Batzar Aretoan. Gaztelaniaz. Dinamizatzailea: Asmi Molina (Observatorio Vasco LGTBIAQ+). Pertsona intersexualen errealitatea eta pairatutako diskriminazioak ulertzeko.
  • Bizikletaren oinarrizko mekanika: Urriaren 24an (larunbata), 09:30-13:30, Plaza azpiko eremuan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Idoia Elosegi Urteaga. Gurpil-zulatuak konpontzen, balaztak doitzen eta mantentze-lanak egiten ikasteko.
  • Intersekzionalitatea eta genero-ijitofobia: Azaroaren 9an (astelehena), 18:00-20:00, Batzar Aretoan. Elebitan. Dinamizatzailea: KERA Emakume Ijitoen Elkartea. Emakume ijitoen historia eta eguneroko diskriminazioak ikuspegi feministatik aztertzeko.
  • Etxeko elektrizitatea eta erraminten erabilera: Ostegunetan (azaroak 12, 19, 26 eta abenduak 3), 18:00-20:00, Damazuloan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Amaia Sara Saenz Escribano. Autonomia sustatzeko eta oinarrizko elektrizitate-lanak segurtasunez egiten ikasteko.
  • Orientazio proba Sagastigutian: Azaroaren 14an (larunbata), 10:00-13:00, Sagastigutia Parkean. Euskaraz. Dinamizatzailea: GOT / Aizkorri Mendizale Elkartea. Natura, mendizaletasuna eta erabakiak hartzea uztartzeko.
  • Migrazio-doluari buruzko tailerra: Asteazkenetan (azaroak 18, 25 eta abenduak 2, 9), 17:00-19:00, Damazuloan. Gaztelaniaz. Dinamizatzaileak: Paola Neyra Perez eta Renata Olcese. Migrazio-esperientzia adierazteko eta babes-sareak sendotzeko.
  • Xilografia tailerra (Linoleo gainean): Ostegunetan (urtarrilak 14, 21, 28 eta otsailak 11, 18, 25), 18:00-20:00, Urbietako Arte Plastikoen Zentroan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Oihana Ugarte Iriarte. Estanpazio-tekniken bidez aldarrikapenak eta sormena lantzeko.
  • Gure gorputzaren jabe: Astearteetan (otsailak 1, 8 eta 22), 18:00-20:00, Damazuloan. Euskaraz. Dinamizatzailea: Anne Sanz de Galdeano Legarda (Badakit Sexologia). Zikloak, hormonak, loak, desioak eta osasuna autonomiaz bizitzeko.

Berdintasun Saileko doako zerbitzu osagarriak

Jabetze Eskolarekin batera, Beasaingo Udalak aholkularitza-zerbitzu espezializatuak ere eskaintzen ditu:

Aholkularitza Juridikoa: Hileko azken asteazkenean (15:00-18:00, Damazuloan) Macarena Mugicaren eskutik (Irule Abokatuak). Doako laguntza juridiko feminista (indarkeria matxista, familia-zuzenbidea, enplegua...).

Sexu-aholkularitza eta Informazio Gunea: Hilean behin (16:00-19:00, Gaztelekuan) Lahia 3.0-ren bidez. Konfidentziala eta doakoa (sexualitatea, plazera, sexu-orientazioa eta genero-identitatea). Harremana: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko..

Parekatu (Atzerriko tituluak homologatzea): Hilean behin asteazkenez (10:00-13:00, Udaletxeko Sarrerako gelan) BIDEZ BIDE elkarteko Katia Reimbergen eskutik.

Izen-ematea eta informazio gehiago

Izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da. Tramitea on line egin daiteke izen-emate galdetegia betez.

Informazio zabalagoa jasotzeko edo izen-ematearekin zailtasunik izanez gero, Beasaingo Udalaren webguneko Berdintasuna atalean (www.beasain.eus/beasain-parekide) sartu, edota Berdintasun Sailarekin harremanetan jarri telefonoz (943 08 76 63 / 688 76 86 08) zein posta elektronikoz (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.).