Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo laurehun ikasletik gora parte hartu dute "Gizaki Bitxidunak" prebentzio eta hezkuntza-ekimenean

2026/10/13

Beasaingo Udalak eta dar-dar Gizarte Ekimen Kooperatibak sustatutako ekimenak antzerkia, hausnarketa eta parte-hartzea uztartu ditu giza eskubideak, nahi ez den bakardadea eta ongizate emozionala lantzeko

Andramendi Ikastola, La Salle, Murumendi eta Alkartasuna Lizeoko ikasleen erantzun eta hausnarketekin amaierako txosten bat osatuko da etorkizuneko hezkuntza-ekintzetan eragiteko

Nahi Ez Den Bakardadea eta Buru Osasuna proiektua 2023an abiatu zen Beasainen, 2024an garatu eta Beasainen ez ezik, Goierriko beste sei herritara zabalduko da 2026an

Gaur amaitu da Beasaingo lau ikastetxetan garatu den «Gizaki Bitxidunak» hezkuntza-ekimena. Guztira, herriko 448 ikaslek hartu dute parte antolatutako 23 saioetan, giza eskubideen, nahi ez den bakardadearen eta ongizate emozionalaren inguruko hausnarketa sakona egiteko helburuarekin. Beasaingo Udalak eta dar-dar Gizarte Ekimen Kooperatibak elkarlanean bultzatzen duten Nahi Ez Den Bakardadea eta Buru Osasuna egitasmo zabalaren baitan kokatzen da ekintza hau.

Ekimena herriko ikastetxe guztietara iritsi da: Andramendi Ikastolako 73 ikaslek, La Salle Ikastetxeko 139k, Murumendi Eskolako 108k eta Alkartasuna Lizeoko 128k osatu dituzte topaketak. Lehen balorazioak bikainak izan dira, eta saio bakoitzean sortutako elkarrizketak oso aberatsak izan direla nabarmendu dute antolatzaileek.

Antzerkia, elkarrizketak eta hausnarketa sustatzeko giltza

Saio bakoitzak 90 minutuko iraupena izan du, eta «Gizaki Bitxidunak» antzezlana erabili da ikasleekin harremana eta elkarrizketa abiarazteko abiapuntu gisa. Bunyipa, Mariilargi, Julia eta Julio, Tximeleta belarriak edo Bruno – Zorterik gabeko ardia bezalako pertsonaien istorioen bidez, haurrak eta gazteak gertuko egoeretara hurbildu dira: identitatea, ezberdintasuna, bakardadea, bazterketa, errespetua eta taldeko kide izatearen garrantzia lantzeko.

Antzezlanaren ondoren, aktoreak eta dinamizatzaileak elkarrizketa irekia bideratu dute ikasleekin. Horri esker, pertsonaien emozioak, beharrak eta giza eskubideak aztertu ahal izan dituzte hainbat galderaren bidez: «Bakarrik egotea eta bakarrik sentitzea gauza bera al dira?», «Zer behar du pertsona batek taldeko parte sentitzeko?» edo «Norbait baztertuta sentitzen dela ikusten dugunean, zer egin dezakegu?». Pedagogia ibilbide horrek lau ardatz nagusi lotu ditu: esperientzia, hausnarketa, eskubideak eta ekintza.

Ikasleen ahotsa eta ekarpenak, etorkizuneko txostenean

«Gizaki Bitxidunak» egitasmoaren ezaugarri nagusietako bat da haurrak ez direla entzule hutsak izan; haien iritziak eta proposamenak funtsezkoak izan dira. Hori dela eta, saioetan jasotako ekarpen guztiak aztertu ondoren, ondorio nagusiak bilduko dituen amaierako txostena prestatuko da.

Dokumentu hori parte hartu duten ikastetxeei zein Udalari helaraziko zaie, haurren ikuspuntutik ateratako ondorioak etorkizuneko prebentzio-, sentsibilizazio- eta hezkuntza-egitasmoetan kontuan hartzeko. Azken finean, ekimenak argi utzi nahi izan du ez dugula denok berdinak izan behar talde baten parte sentitzeko, eta pertsona guztiek dutela duintasunez tratatuak eta entzunak izateko eskubidea.

Eskualdera zabalduko den egitasmoa

Nahi Ez Den Bakardadea eta Buru Osasuna proiektua 2023an jarri zen martxan Beasainen eta 2024an jarraipen sendoa izan du. Adin guztietako herritarrengana iristeko helburuarekin jaiotako programa hau indartu egingo da aurrerantzean: 2026an, Beasainen egindako lana finkatzeaz gain, Goierriko beste sei herritara zabalduko baita.