Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Udal gobernua

Udalak 2027ko ordenantza fiskalak onartu ditu %2,9ko igoera orokorrarekin eta gizarte-hobariak zabalduz

2026/10/06

Familia ugariez gain, guraso bakarreko familiek eta indarkeria zein kalteberatasun egoeran daudenek % 90erainoko hobariak jasoko dituzte Ondasun Higizezinen gaineko zergan eta prezio publiko gehienak izoztu egingo dira 

Egonaldi turistikoen zerga berria nahiz Plazape tabernaren esleipena aho batez onartu ditu Udalbatzak

Gobernu Batzordeak Gazteleku berriko kudeaketa-zerbitzua esleitu dio Loiri aisialdia eta kirola enpresari, udalerriko azpiegitura eta zerbitzuak hobetzeko beste hainbat neurrirekin batera

Beasaingo Udalbatzak 2027ko ordenantza fiskalei hasierako onespena eman zien urriko osoko bilkuran. Urteko Kontsumorako Prezioen Indizeak %4,5eko igoera adierazi duen arren, udal gobernuaren proposamenak zerga eta tasetan % 2,9ko igoera orokorra aurreikusten du. Erabaki honek EAEko azpiko KPIaren bilakaerari erantzuten dio, erregaiak eta elikagai freskoak kanpoan uzten dituen erreferentzia hartuta, herritarren poltsikoetan eragin handiegirik ez sortzeko asmoz. Udal gobernuaren proposamenak EAJren (9) eta Podemosen (1) aldeko botoak jaso zituen; PSE-EE (2) abstenitu egin zen ordenantza fiskalen inguruan proposamenik aurkeztu gabe eta EH Bilduk (5) aurka bozkatu zuen. Halaber, bilkuran aho batez berretsi ziren egonaldi turistikoen gaineko zerga berria, Plazape tabernaren kudeaketa eta Astigarretako plaza berriari Pepe Mujica izena jartzea.

2027ko Ordenantza Fiskalak: Azpiko KPIa oinarri eta gizarte-babesa helburu

Udal tasen eta zergen berrikuspena urteko erabaki estrategikoenetako bat da, herritarrei zuzen-zuzenean eragiten baitie. Uztailetik uztailera arteko urtearteko KPI orokorra % 4,5ekoa izan den arren (nagusiki elikagaien eta erregaien prezioen gorakadak bultzatuta), Udalak azpiko KPIa (% 2,9) hartzea erabaki du erreferentzia gisa, ezohiko gorakada horiek herritarrengan eragiten duen zama arintzeko.

Igoera orokor horrez gain, gizarte-babesean urrats nabarmena egin da. Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OOHA / IBI) orain arte familia ugariek zituzten hobariak beste kolektibo batzuetara zabaldu dira:

  • Guraso bakarreko familiek, etxeko zein genero-indarkeriaren biktimek eta kalteberatasun-egoeran dauden herritarrek hobariak eskatu ahal izango dituzte.
  • Hobarien ehunekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera kalkulatuko da, eta % 90erainoko muga edukiko du.

Bestalde, genero-ikuspegia eta hizkuntza inklusiboa ordenantza guztietan txertatu dira lehen aldiz, Berdintasun teknikariaren ebaluazio eta eragin-txostenaren bidez. Ordenantza fiskalak GAOn argitaratu ondoren 30 lanegunez egongo dira jendaurrean, eta 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean.

Prezio publiko eta tasa garrantzitsuak izoztuak

Nabarmentzekoa da herritarren egunerokotasunari eragiten dioten zerbitzu eta tasa ugari aldatu gabe (izoztuta) mantenduko direla:

  • Antzizar kiroldegiko eta Usurbe antzokiko sarrera eta zerbitzuak.
  • Errekarga puntuak, OTA zerbitzua eta Etxe Babestuak zein Etxez Etxeko Laguntza.
  • Udalekuak, azterketa tasak, gomazko erraldoiak eta udal argitalpenak.

Tasen atalean berrikuntza gisa, Hilerri Zerbitzuan nitxoetako errotulazio eta identifikazio plaken tasak zehaztu dira, eta Udaltzaingoaren eskariz, garabi zein ibilgailuen ibilgetze tasen egokitzapenak egingo dira.

Turismotik gizarte-sustapenera: Aho batez hartutako erabakiak

Osoko bilkuran proposatutako gainontzeko gai nagusiek udalbatza osoaren adostasuna (aho batez) lortu zuten:

Egonaldi Turistikoen Zerga: Beasaingo ostatu eta establezimendu turistikoetan (150 ohe inguru) egingo diren egonaldiei aplikatuko zaien zerga berria onartu da, Goiekirekin eskualde mailan adostutako gutxieneko baremoak ezarriz.

Plazape Taberna eta Plaza Dinamizatzea: Ardoa eta Azoka S.L. enpresari esleitu zaio zerbitzua 19.000 euroko eskaintzagatik (BEZa barne), bi urteko epealdirako (eta urtebeteko hiru luzapen posiblerekin).

Pepe Mujica Plaza Astigarretan: 2025eko mozioa berretsiz, Astigarretako auzo-plazari Uruguaiko presidente ohiaren izena jartzea erabaki da.

Euskaltegiko Dirulaguntzak eta HABE Hitzarmena: Udal Euskaltegia erakunde laguntzaile izendatu da C1C1 helburu duten 16-18 urte arteko ikasleen eta hasierako mailetako (A0-A2) izen-emateen dirulaguntzak kudeatzeko.

Argiteria Publikoaren Mantenua: Loyola Norte S.A. enpresari urtebeteko azken luzapena ematea onartu da (2027ko martxotik 2028ko otsailera).

Gazteleku berria kudeatzeko zerbitzuaren esleipena eta bestelako neurriak

Gobernu Batzordeak herriko azpiegitura eta zerbitzu sozialak sendotzeko hainbat erabaki garrantzitsu hartu ditu bere azken bileran:

Gazteleku Berriko Kudeaketa Zerbitzua: Gazteleku berrian nerabeei zerbitzua emateko eta eremu hori dinamizatzeko kontratazioa Loiri Aisialdia eta Kirola enpresari esleitu zaio EHBilduren abstentzioarekin, urteko 122.668€-tan (BEZ barne). Kontratuaren iraupena bi urtetakoa izango da beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Banaketa Jasangarria (Txita): Txita enpresari esleitu zaio herrian erosketak etxera edo takiletara banatzeko garraio zerbitzu jasangarria bideratzeko ardura urteko 52.573€-ko proposamenarekin. Egikaritzea epea bi urtetakoa izango da gutxienez, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.

Kalea Argitzeko LED Teknologia (3. Fasea): Herriko kale-argiteria LED sistemara aldatzeko 3. fasea Tecuni enpresari esleitu zaio. Honela, Beasaingo erdigunearen % 80 LED teknologiarantz igaroko da azken aurreko fase honetan. Esleipena 161.974€-tan egin da BEZ barne eta egikaritze epea 16 astetakoa izango da honako eremuetan esku-hartzeak ahalbidetuz: Zaldizurreta kalea Gipuzkoa plaza parean, Jose Miguel Iturrioz 12-16 atzekaldea, Erauskineko aparkalekua, Nafarroa Etorbidea 1-25, Gernikako pasealekua, Nekolalde kalea (7-15 / 17-27 atzealdea eta 18-24), Foru kalea 1-7, Oriamendi 41B - 47, Nabarro Larretegi 1-13, Igartza Oleta 2-12 eta Errekarte kalea 21-39.