Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Herritarrek Beasain seguruago eta irisgarriago bat diseinatzeko lehen urratsak eman dituzte genero-ikuspegidun ko-sorkuntza saioan

2026/06/04

Ekainaren 3an egindako tailer parte-hartzailean, Beasaingo emakume elkarteek eta herritarrek gune kritikoak eta zaintza-mugikortasunaren premiak azaleratu dituzte, udalerriko hirigintza eredu inklusiboa marrazteko bidean

Beasaingo Udalak eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) ikertzaile-taldeak abian jarritako “Genero-ikuspegidun ibilbide eta espazio seguru eta irisgarriak” proiektuak,  mugarri garrantzitsu bat izan du herritarren parte-hartze zuzenari dagokionez, behin inkestaren fasea bete ondoren. Atzo, ekainak 3, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, ko-sorkuntza eta partaidetza tailer emankorra burutu zen Beasaingo Udaletxean eta herriko kaleetan zehar. Saio honen helburu nagusia herritarren, eta bereziki emakumeen, eguneroko bizitza eta zaintza-lanak hiri-diseinuaren erdigunean jartzea izan da, oztoporik eta beldurrik gabeko udalerri bat eraikitzeko.

Ekimenean Beasaingo gizarte-eragile eta elkarte ezberdinetako 23 pertsonak hartu zuten parte aktiboki, herriko aniztasunaren eta mugimendu feministaren ahotsa bertara eramanez. Zehazki, honako elkarte hauek egon ziren ordezkaturik: Besteak beste, Goierri Gorri emakumezko futbol taldea, Beasaingo Berdintasun Kontseilua, Beasaingo Asanblada Feminista, Asmube eta SOS Arrazakeria. Udalaren aldetik, babes instituzional zabala jaso zuen saioak, Ainhoa Arrese Berdintasun zinegotzia eta Adur Ugartemendia Lurraldea arloko batzordeburua bertan izan baitziren parte-hartzaileei laguntzen eta prozesuaren garrantzia azpimarratzen.

Oinezko mugikortasuna emakumeen begiekin aztertzen

Tailerra hiru zatitan egituratu zen, UPMko adituek gidatutako triangulazio metodologikoari jarraituz, eta datu kualitatibo zein kartografiko aberatsak biltzea ahalbidetu zuen:

  • 1. Ariketa: ibilbide-katea: Parte-hartzaileek euren eguneroko ibilbideak, ordutegiak eta erabiltzen dituzten garraiobideak marraztu zituzten banaka. Ariketa honek "zaintza-mugikortasunaren" konplexutasuna erakutsi zuen, emakumeek maiz egiten dituzten bidaia poligonalak edo "kateatuak" (etxea-eskola-lana-erosketak) argitara emanez.

  • 2. Ariketa: Puntu kritikoen identifikazioa (10 min): Bakarkako hausnarketa baten bidez, herrian segurtasun-eza, beldurra edo ikara eragin dezaketen guneak identifikatu ziren, hala nola, argiztapen eskasdun kaleak, tunelak, ikusi ezin diren pasarteak edo jarduera gutxiko eremuak.

  • 3. Ariketa: herritarren pertzepzioen eta ikuspegi kolektiboen mapa (20 min): Taldeka jarrita, tamaina handiko mapetan jarri zituzten euren bizipenak. Espazio seguru eta atseginak berdez markatu ziren, eta desatseginak edota segurtasunik gabekoak, berriz, gorriz, Beasaingo "beldurraren eta zaintzaren" mapa kolektibo baten lehen zirriborroa osatuz.

Esplorazio-ibilbideak

Tailerra amaitu ondoren, behaketa- edo ezagutza-ibilaldiak egin ziren parte hartzaileekin herriko hiru eremu nagusietan: Erdigunean, Ekialdean eta Mendebaldean. Saio hauen helburua gune bakoitzaren irisgarritasuna eta bizitasuna oinez eta bertatik bertara ebaluatzea izan zen, zenbait jarraibide metodologikori argi jarraituz. Hobetu beharreko puntuak identifikatu ahala, argazkiak atera eta geolokalizatu egin ziren. 

Informazio hori guztia hirigintza-softwarean txertatu da, datu subjektiboak (herritarren pertzepzioak) eta objektiboak (neurketa teknikoak) elkarrekin gurutzatzeko.

Tailer honen ostean, proiektuak aurrera jarraituko du datozen asteetan. Behin herritarren ikuspegi eta esperientzia desberdinak jaso eta sakon aztertuta, egungo egoeraren diagnostiko zehatza islatuko da, eta horrekin batera, etorkizuneko esku-hartze eta hobekuntzarako proposamenak mahairatuko dira.

Oinarri teknikoa eta herritarren ahotsa

Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) talde zuzendariak —Patxi Lamíquiz (mugikortasunean aditua), Sonia de Gregorio (genero-hirigintzan erreferentea) eta María Teresa Baquero (hurbiltasunaren hirigintza-ereduetan aditua eta ikertzailea )— azaldu duenez, tailer honetan bildutako diagnostiko soziala eta herritarren pertzepzioak zuzenean gurutzatuko dira egiten ari diren azterketa teknikoarekin. Izan ere, landa-lan objektiboa (espaloiak, rampak eta argiztapenaren neurketa GIS bidez) eta Space Syntax software bidezko ikusgaitasun-analisia paraleloan garatzen ari dira.

genero ikuspegidun hirigintza 4