Uda sasoiko eta udazkeneko lehen produktuak eskainiko dira azokako postuetan
Abuztuko oporren ondotik irailaren 6an ospatuko da berriz ere hileko lehen larunbateko azoka berezia. Loinazko San Martin plaza-azpia berriro ere beteko da bertako ekoizleen produktuez eta sasoiko barazkiez.
Azokan uda garaiko elikagai ugari aurkitu ahal izango dira, besteak beste, tomateak, lekak, piperrak, alberjiniak eta kalabazinak. Aldi berean, udazkenaren lehen seinaleak ere nabari dira, kale azak eta kalabazak agertuz. Barazki hauek osasunerako onurak dituzte: bitaminetan eta mantenugaietan aberatsak izateaz gain, elikadura orekatua eta osasuntsua bermatzen laguntzen dute.
Azoka hau ez da soilik salerosketa gune bat; herritarrentzat topagune sozial eta kulturala ere bada. Bertako produktuak eskuratzeko aukera eskaintzen du, tokiko ekoizleen lana balioan jartzen du eta herriaren ekonomian eta bizitza sozialean ekarpen garrantzitsua egiten du. Barazkiez gain, beste produktu batzuk saltzen dituzten postuak ere izango dira: eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak eta haziak.
Egitaraua
Larunbat honetako azokako egitaraua, hau izango da:
- 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera.
- 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.
- 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.
Bertakoa eta garaian garaikoa bultzatzea
Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean.



