Egoera ekonomiko ahulean dauden familien haur eta nerabeentzako laguntzak (15.000 euro), euskara ikasteko bekak (37.000 euro) eta azokako bonuak (10.000 euro) nabarmendu dira osoko bilkuran.
Antzizar kiroldegiko gimnasioaren hozte- eta klimatizazio-sistema berritzeko proiektua (193.670,87 euro) eta gazteentzako STEAM esperimentazio-gunearen lizitazioa bultzatu ditu gobernu batzordeak
Herritarren ongizatea, gizarte-kohesioa, euskararen sustapena eta tokiko ekonomia indartzeko funtsezko hainbat dirulaguntza-lerroren oinarri arautzaileak onartu ditu udalbatzak azaroan burututako osoko bilkurak. Era berean, Tokiko Gobernu Batzordeak bi egitasmo estrategikori bide eman die: Antzizar kiroldegiko muskulazio-gimnasioa klimatizatzeko gauzatze-proiektuari eta 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako STEAM esperimentazio- eta ikerketa-gunea dinamizatzeko zerbitzuaren kontratazioari. Aipatzekoa da bai osoko bilkuran bai gobernu batzordean jorratutako gai guztiak udal talde guztien aldeko botoarekin, hau da, aho batez onartuak izan direla.
Aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa lehentasun
Onartu diren proposamenen artean, lehentasun berezia izan du egoera ekonomiko ahulean dauden familien 2 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueretan parte hartzea sustatzeko dirulaguntza-lerroak. Ikasturte honetarako 15.000 euroko kreditua bideratuko du Udalak helburu horretara. Eskolaz kanpoko jarduerek adingabeen garapen pertsonalean, sozializazioan eta balioen transmisioan duten garrantziaz jabetuta, diru-sarreren arabera gastuaren % 100, % 75 edo % 50 estaliko da, irabazi-asmorik gabeko elkarteek euskaraz antolatutako ekintzetan gutxienez % 75eko asistentzia egiaztatzen bada.
Bestalde, euskara ikasteko dirulaguntzen oinarriak onartu dira hasita dagoen ikasturterako, 37.000 euroko hasierako aurrekontuarekin (eskarien arabera handitzeko aukerarekin). HABEk homologatutako euskaltegietan matrikulatzen diren 16 urtetik gorako beasaindarrek A1etik C1era bitarteko mailetan matrikularen % 100 berreskuratu ahal izango dute, eta C2 mailan %50. Halaber, langabetuek eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenek %100eko laguntza izango dute, betiere gutxieneko asistentzia-baldintzak (%85 oro har eta %90 langabetuen kasuan) betetzen badituzte.
Ehun urte baino gehiagoko tradizioa duen astearteroko azoka eta hileko lehen larunbateko azoka berezia indartzen jarraitzeko, 2027ko azokako bonuen oinarriak onartu dira. Udalak 10.000 euroko partida bideratuko du hurbileko produktuen zuzeneko kontsumoa sustatzeko. Herritarrek 20 euroko balioa izango duten bonuak (5 euroko txarteletan zatituta) 10 euroan eskuratu ahal izango dituzte —Udalak jarriko ditu gainerako 10 euroak—, gehienez bi bonu pertsona eta eguneko. Salmenta egunak 2027ko otsailaren 2a, otsailaren 6a, martxoaren 6a eta apirilaren 3a izango dira.
Hezkuntza-komunitatearekiko elkarlana sendotzeko bidean, Udalak 60.000 euroko partida bideratuko du 2026-2027 ikasturtean ikastetxeek eta guraso-elkarteek hezkuntzako jarduera osagarriak antola ditzaten. Eskola-orduetan, eskolaz kanpo zein oporraldietan egindako ekintzak lagunduko dira diruz (2026ko irailaren 1etik 2027ko uztailaren 31ra bitartekoak), elkarbizitza, berdintasuna, euskararen erabilera, kulturartekotasuna eta inklusioa sustatzeko.
Taxi-tarifen igoera
Beste gaien artean, Gipuzkoako Taxisten Elkarteak (AGITAX) eskatuta, Goierriko erregimen bereziko eremuan aplikatuko diren 2027ko tarifak % 4,5 igotzea onartu da, aurkeztutako kostuen azterketa eta kontu hartzailearen txostena aintzat hartuta.
Kiroldegiko gimnasioaren klimatizazioa eta gazteentzako STEAM gunea
Tokiko Gobernu Batzordeak, bere aldetik, egun berean burututako batzarrean, herritarren zerbitzuak eta gazteen trebakuntza hobetzeko bi proiektu tekniko bultzatu ditu aho batez.
Antzizar kiroldegiko gimnasioa hozteko eta aireztatzeko proiektua: Lehen solairuko 506,6 metro koadroko muskulazio-gelako klimatizazio sistema osoa berritzeko gauzatze-proiektua landu da, 193.670,87 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Hozgarri naturala darabilen aire-ur bero-ponpa balioanitza eta bero-berreskuragailua duen aireztatze-sistema instalatuko dira estalkian. Esku-hartze honek barne-airearen kalitatea bermatzeaz gain, kiroldegiko gainerako eremuen etorkizuneko klimatizazio-sare nagusiaren lehen urratsa izango da. Helburua, hurrengo udarako martxan egotea da.
Gazteentzako STEAM esperimentazio- eta ikerketa-gunea: 10 eta 16 urte bitarteko gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika (STEAM) sustatzeko gunea genero-ikuspegitik dinamizatzeko kontratazioari hasiera eman zaio. Ekimen honek jakin-mina, sormena, pentsamendu kritikoa eta talde-lana bultzatzeaz gain, nesken bokazio zientifiko-teknologikoak indartu eta emakumezko erreferenteak ikusarazi nahi ditu. Zerbitzuak esperimentazio-talde egonkorrak, 12 tailer tematiko eta herritarrei irekitako ekitaldi komunitarioak bilduko ditu, eta 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan, bi urte eta erdiko iraupenarekin (urtebetez luzatzeko aukerarekin). Prezioa, BEZa barne, 55.511 euro urteko izango da.



