Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Gizakiaren eta naturaren arteko lotura historikoa aztertzen duen Banaezinak erakusketa Beasainen

2026/11/24

Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzitako erakusketa ibiltaria abenduaren 10era bitartean egongo da ikusgai Bonberie aretoan, sarrera doakoa delarik.

Erakundeen arteko lankidetzaren fruitu den ekimen honek jakintza zabaltzea, ondarea eta natura babestea eta gure arbasoen ezagutza ekologikoari buruz hausnartzea ditu helburu.

Beasaingo Udalaren eskutik, Banaezinak. Natura eta gizakia: historia partekatu bat erakusketa ibiltaria zabalik dago Beasaingo Bonberie aretoan, eta abenduaren 10era arte egongo da herritarren eskura. Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzi du proposamen dibulgatzaile hau, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan. Sarrera doakoa izango da, eta herritarrek astelehenetik igandera 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango dute, baita asteburu eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara ere.

Beasaingo Udalaren iritziz, oso garrantzitsua da mota honetako ekimenak aurrera ateratzeko erakundeen arteko lankidetza sustatzea, kasu honetan Udalaren, Foru Aldundiaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artekoa. Udalak azpimarratu duenez, erakusketa honek balio eta ekarpen handia egiten dio herriari, zientzia eta jakintza herritarrengana zabaltzeko aukera aparta eskaintzen baitu. Era berean, gure ondarea eta natura babestearen garrantziaz jabetzeko eta gizakiak ingurunearekin duen harremanaz hausnartzeko tresna ezin hobea dela nabarmendu du Udalak.

Historiaurretik gaur egunera arteko bidaia partekatua

Erakusketaren ardatz nagusia gizakiak naturarekin izan duen harreman historikoa da. Izan ere, naturak bizirauteko oinarrizko baliabideak eskaini dizkigu espezie gisa gaur egunera arte iristeko. Behar horiei erantzuteko —hala nola elikadura, babesa, sinesmenak edo gizarte-antolaketa—, gizakiak ingurunea eraldatzeari ekin zion, paisaia zizelkatuz eta inguruaren bilakaera baldintzatuz.

Lotura estu horretatik abiatuta, gizakiok ezagutza ekologiko zabala garatu dugu. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakintza hori ingurumenaren behaketa zientifikoari esker aberasten joan da, eta funtsezkoa izan da gure arbasoen biziraupenerako. Antolatzaileek adierazi dutenez, Banaezinak erakusketak Historiaurretik gaur egunera arte naturari lotuta egin dugun ibilbideari buruzko hausnarketa sakona izan nahi du; etengabeko harremana izan arren, zenbaitetan naturatik urrun edo hari bizkarra emanda egin dugun bidaia, hain zuzen.

Zientziari eta Gipuzkoako ondareari balioa emanez

Beasaingo Udalak herrira ekarritako erakusketa honek hiru helburu nagusi ditu:

  • Ikertzaileen lana aitortzea: Gure ikertzaileek egiten duten lan zientifikoari behar duen ikusgarritasuna eta balioa ematea.
  • Ondarea ezagutaraztea: Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren bitxikeriak eta balioak nabarmentzea.
  • Zientzia erdigunean jartzea: Zientzia gizartearen garapenaren funtsezko elementu gisa aldarrikatzea.

Pieza zientifiko eta etnografiko esanguratsuak ikusgai

Erakusketaren diskurtso teorikoa material zientifiko ugari duten bitrinekin eta pieza etnografikoekin osatu dute, bisitariari esperientzia aberasgarria eta bisuala eskaintzeko. Bertaratzen direnek, besteak beste, Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte garezur baten erreplika, garai ezberdinetako mikroskopioak, historiaurreko aizkora bat eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako bestelako pieza baliotsuak aurkituko dituzte bertan.