Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kultura

Kultura bizi eta partekatzeko 55 proposamen bildu ditu Udazken Kulturalak

2026/09/21

Egitaraua irailaren 25etik azaroaren 8ra bitartean luzatuko da, adin eta gustu guztietarako kalitatezko kultur eskaintza herriko kale zein aretoetara zabalduz

Bonberie eraikina kultur jardueren erakusleiho eta egoitza berri gisa batuko da udazkenean zehar, Jendaurreko Margo Sariketaren erakusketa hartuz

Beasaingo Udal arduradunek 2026ko Udazken Kulturalaren egitaraua aurkeztu dute gaur goizean. Denera 55 jarduerak osatuko dute aurtengo eskaintza zabala eta, azken urteetako lan-dinamikari jarraituz, bi ataletan banatuta ezagutaraziko da: lehenengoa irailaren 25etik urriaren 23ra bitartekoa da, eta dagoeneko herriko etxeetan banatzen ari dira; bigarren zatia, berriz, urriaren 24tik azaroaren 8ra bitartekoa, zehaztasun guztiak erabat lotu ahala argitaratuko da. Aurkezpenean Leire Artola alkatea eta Amaia Gomez de Segura kultura teknikaria izan dira.

Kultura, komunitate-bizitzaren eta herri-sarearen ardatz

Leire Artola alkateak Udazken Kulturalaren balio sozial eta komunitarioa nabarmendu du bere hitzartzean, kultura ez dela gertakari isolatuen bilduma bat gogoraraziz: “Udazken Kulturala ez da egutegi bateko ekitaldien multzo hutsa; Beasainek kultura bizitzeko duen moduaren erakusleiho nagusia baizik. Kulturak gure herriko eguneroko bizitza aberasten du, topaguneak sortuz eta herritarren arteko kohesioa sendotuz”.

Alkateak herriko elkarte zein kultur eragileen ekarpena goraipatu du, Udalaren egiteko nagusia haien sormena eta lana babestu, lagundu eta ikusgarri egitea dela azpimarratuz. Era berean, belaunaldi berriak zein beasaindar berriak —gure herrira bizitzera etorri direnak— gure ohitura, hizkuntza eta kultur ekitaldietara hurbiltzearen garrantzia gogorarazi du, kultura denontzako ataria baita. Horregatik, herritar guztiak ikusle pasibo izatetik kultur bizitzan aktiboki parte hartzera gonbidatu ditu. Jarraian, hitza kultur teknikariari eman dio egitarauaren zehaztasun praktikoak azaltzeko.

Eskaintza zabala, azpiegitura berriak eta urteurren bereziak

Ondoren, Amaia Gomez de Segura kultura teknikariak egitarauaren xehetasun teknikoak eta jarduera nagusiak aurkeztu ditu. Azaldutakoaren arabera, Usurbe Antzokiko emanaldiak eta Igartzako tailer batzuk izan ezik, gainontzeko jarduera guztiak doakoak izango dira, oztopo ekonomikoak murriztuz eta herritar ororen irisgarritasuna bermatuz. Euskararen presentzia ere ia ekitaldi guztietan bermaturik egongo da.

Aurtengo berritasun eta datu azpimarragarrien artean honako hauek nabarmendu ditu:

  • Egoitza berria kulturarentzat: Bonberie eraikina herriko kultur eskaintzaren gune eta erakusleiho berri gisa gehituko da udazkenean zehar, XXXV. Jendaurreko Margo Sariketaren erakusketa bertan egitea aurreikusten delarik urriaren 18tik azaroaren 1era (betiere obren garapenak ahalbidetzen badu).
  • Gau Beltza eta mitologiaren urteurrena: Ekaitz elkartearen 5. urteurrena eta herriko lehen bi erraldoiak (Mari eta Basajaun) sortu zireneko 40. urteurrena ospatuko dira. Hori dela eta, Mari eta Basajaun erraldoi berrituek beren jatorrizko altuera berreskuratu dute eta aurkezpen-antzezlana egingo da urriaren 16an Loinazko San Martin basilikan. Urriaren 17an, berriz, Buru arin tailerrak, photocall-a eta euskal mitologiarekin lotutako jolasak antolatuko dira Erauskin plazan.
  • Haur, gazte eta familientzako proposamenak: adin ezberdinentzako irakurketa klubak, Eko jolasak tailerra, gazteentzako Archery tag estrategia-jolasa, Euskape room-a, Jon Plazaolaren “AA Aita” bakarrizketa eta Porru kaleko jai giroa nabarmentzen dira.
  • Aniztasuna eta tokiko ondarea: XIX. Mendi Festibala, bertso saioak, kale-antzerkiak (Andante Markeline konpainiarekin), dantza eta musika emanaldiak (Makil hotsak Hika eta Loinatz Abesbatzarekin, edota Trio Zukan + Quasar Saxophone Quartet), Beasaingo Paperak bildumaren 34. edizioa ("Arriaran mendez-mende: 1305-2026") eta Udal Egutegirako argazki lehiaketa berria ("Artea kalean eta kaleko artea").

Ekitaldi guztien inguruko informazio zehatza, ordutegiak eta lekuak Beasaingo Udalaren webgunean (beasain.eus) eta mugikorreko aplikazioan daude kontsultagarri.