Irailaren 24an Beasain aktiboago baten alde Gernika pasealekutik abiatuko dira ibilaldi osasuntsuak, ohiko ordutegian, herritar orori irekitako komunitate-ekimen gisa.
Udalak, Osasun Zentroak, Antzizar kiroldegiko Kirol Orientazio Zerbitzuak eta tokiko elkarteek elkarlana berretsi dute bizi-ohitura osasuntsuak eta herritarren arteko loturak sendotzeko
Beasaingo Udalak eta herriko hainbat gizarte-eragilek jendaurrean aurkeztu dute gaur goizean "Ondo ibili, ondo izan" ekimenaren ikasturte berria. Osasun fisikoa nahiz emozionala zaintzea eta pertsona inaktiboak mugimendura erakartzea helburu dituen programa hau ostegun honetan, irailaren 24an, jarriko da berriz ere abian Gernika pasealekuko frontoi txikiaren ondotik. Udal-ordezkariek, kirol zein osasun-teknikariek eta parte hartzen duten elkarteetako kideek batera nabarmendu dute elkarlan honen balioa, beasaindarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuz.
Komunitatearen ongizatea eta kohesioa erdigunean
Aurkezpen-ekitaldian, Leire Artola Beasaingo alkateak azpimarratu du Udalaren gobernu-jarduerak herritarren ongizatea duela helburu nagusi. Alkatearen hitzetan, "Ondo ibili, ondo izan" bezalako egitasmoek argi erakusten dute osasuna ez dela soilik arlo fisikoari dagokion zerbait, baizik eta pertsonen osotasun emozionalari eta sozialari ere zuzenean eragiten diola. Halaber, gaineratu du halako ekimenek udalerri biziagoa, aktiboagoa eta elkartuagoa eraikitzen laguntzen dutela, bakardadeari aurre eginez eta herritarren arteko hurbiltasuna ereinez.
Ildo beretik, Nagusilan, Asmube, Aita Menni, Urbiberri gizarte-elkartea, Beasaingo Osasun Zentroa eta Udalaren arteko elkarlana goraipatu dute; izan ere, 2012an sortutako ekimen honek astero-astero 30 bat lagun biltzen jarraitzen du, gehienak emakumeak (% 75).
Antolakuntza sendoa, giro bikaina eta irisgarritasun osoa
Elena Ruiz Kirol zinegotziak poz handiz gogorarazi du ibilaldiei irailaren 24an emango zaiela hasiera, goizeko 10:00etan, Gernika pasealekuko ohiko irteera-puntutik. Ruizek bereziki goraipatu ditu urtez urte parte-hartzaileen artean sortzen den giro bikaina, dagoen borondatea eta taldean aritzeko jarrera ezin hobea. "Ibilbideak lauak eta seguruak dira, eta edonoren gaitasunetara egokituta daude; gainera, laguntza osoa eskaintzen dugu mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere arazorik gabe parte har dezaten", azaldu du zinegotziak.
Ariketa fisikoa egiteaz gain, ibilaldiek osasun-etxeko adituen aholkuak eta Antzizar kiroldegiko gidaritza teknikoa uztartuko dituzte. Horri esker, ibilbide bakoitzean ariketa indargarri eta osagarriak egingo dituzte, bakoitzaren egoera fisikoari nahiz patologiei neurria hartuta.
Kirol Orientazio Zerbitzua eta prebentziorako hitzaldiak
Bestalde, Peru Elosegi Antzizar kiroldegiko kirol-teknikariak azpimarratu du ekimen honek lotura zuzena duela Kirol Orientazio Zerbitzuarekin (KOZ). Zerbitzu prebentibo honek sedentarismoari aurre egitea eta ohitura osasuntsuak bultzatzea du xede. Elosegik zerbitzuaren ezaugarri nagusiak gogorarazi ditu, eta azken ekitaldietan antolatutako hitzaldiek nahiz sentsibilizazio-saioek izandako arrakasta handia zein parte-hartze kopuru altua nabarmendu ditu, herritarren artean prebentzioarekiko zein osasunarekiko dagoen interesaren erakusgarri. Ikasturte honetan ere modu eta egun berean azarotik aurrera osasunarekin zerikusia duten hitzaldiak antolatuko dira hilabeteko azken ostegunean. Osasun etxearekin adosteke daude hitzaldien edukiei buruzko xehetasunak.
Kirol Orientazio Zerbitzua Beasaingo Osasun Zentroan eskaintzen da astelehenero, eta edozein herritarrak jaso dezake bertan aholkularitza pertsonalizatua. Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, herritar guztiak gonbidatu ditu ikasturte berri honetako saio eta ibilaldietan parte hartzera. Agerraldian egon diren elkarte ezberdinetako ordezkariek, etxean bakardadean dauden horiek deitu dituzte irteera hauetan parte hartzera isolamenduarekin hausteko eta komunitatean harremantzen hasteko.



