Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Beasaingo ikastetxeek bat egin dute nahi ez den bakardadeari eta buru osasunari buruzko sentsibilizazio ekimenarekin

2026/02/26

Otsailaren 17an abiatu zen LHko ikasleei zuzendutako "Hitzak" proiektua, antzerki emanaldi eta hausnarketa saioen bidez

Ekimen hau herrian burutzen ari den diagnosi komunitario zabalago baten parte da; dagoeneko 429 herritarrek parte hartu dute egindako inkestan

Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak elkarlanean sustatutako proiektu honek gizarte-erronka honi modu parte-hartzaile eta inklusiboan erantzutea du helburu

Beasaingo Udala eta Dar-dar kooperatiba urrats berriak ematen ari dira nahi ez den bakardadearen eta buru osasunaren inguruko kontzientziazioan. Joan den otsailaren 17an, herriko ikastetxeetan LHko ikasleekin lanketa berezia abiatu zen, gazteenen artean adimen emozionala eta prebentzioa lantzeko asmoz.

"Hitzak" proiektua: Gazteak eta emozioak ardatz

Ikastetxeetako ekimena "Hitzak" proiektuaren testuinguruan garatzen ari da. Guztira 28 saio aurreikusi dira, antzerki ikuskizun batekin hasi eta ondoren ikasleekin gaia sakontzeko eta hausnarketa sustatzeko dinamikekin jarraituz.

Saioak herriko lau ikastetxeetan banatuko dira otsaila eta martxoa bitartean:

  • Alkartasuna Lizeoa: Otsailaren 17tik 20ra bitartean burutu dira lehen saioak.
  • Murumendi eskola: Martxoaren 2an eta 3an izango dira saioak.
  • Andramendi Ikastola: Martxoaren 4an eta 6an.
  • La Salle: Martxoaren 13tik 18ra bitartean itxiko da zikloa.

Diagnosi komunitarioa: 429 erantzun eta aniztasun handia

Ikastetxeetako lanketa hau herri mailan egiten ari den ikerketa eta diagnosi zabalago baten baitan kokatzen da. Orain arteko fasean, herritarren errealitatea ezagutzeko inkesta bat zabaldu da, eta emaitzek parte-hartze handia islatu dute: 429 pertsonak erantzun dute.

Ikerketaren ezaugarri nagusia inklusioa izan da:

  • Adin tartea: 18 eta 87 urte bitarteko herritarrek parte hartu dute.
  • Hizkuntzak: Inkesta sei hizkuntzatan zabaldu da (euskara, gaztelera, arabiarra, errumaniarra, ingelesa eta frantsesa), eta guztietan jaso dira erantzunak.
  • Kolektiboak: Kolektibo zaurgarrien (migranteak, adinekoak, ijito komunitatea edo aniztasun funtzionala dutenak) ordezkaritza altua lortu da.

Hurrengo urratsak

Jasotako datu guztiak EHUko psikologia saileko Ainara Arnosok eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoako (GIT) Maribel Pizarrok osatutako aditu taldearen esku daude dagoeneko. Hauek datuak aztertu eta interpretatu ondoren, txostena aurkeztuko dute.

Proiektuaren azken fasean, emaitzak herritarrei itzuliko zaizkie eta, elkarlanean, hautemandako bakardade egoerei aurre egiteko ekintza-plana diseinatuko da. Beasaingo Udalak eta Dar-dar kooperatibak eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten norbanako eta eragile guztiei.