Zero Zabor ereduan aurrerapauso berria emanez, Loinazko San Martin plazako hozkailu adimendunean jantokietako janariak doan eskuratu ahal izango dira 24 orduz
Udalaren, ikastetxeen, Arangoiti egoitzaren eta kale hezitzaileen arteko lankidetzari esker, Beasain aitzindari bihurtu da elikagaien xahuketaren aurkako borrokan
Beasainen beste urrats bat eman da jasangarritasunaren bidean. Gaur goizean aurkeztu da Rexcatering proiektua, jantoki kolektiboetan sortzen diren elikagai soberakinak berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko ekimena. Helburua argia da: janaria ez alferrik galtzea, baliabideak arduraz kudeatzea eta elkartasuna eguneroko praktika bihurtzea.
Aurkezpenean parte hartu dute Alvaro Saiz Rexcatering Zero Zabor Fundazioko ordezkariak, Adur Ugartemendia alkateorde eta Lurraldea arloko buruak, eta Mariola Pascual Herritarrak arloko buruak proiektuan parte hartzen duten eragile guztiekin batera. Hirurek nabarmendu dute proiektua ez dela soilik tresna tekniko bat, baizik eta herri ikuspegi baten emaitza.
Jasangarritasunetik abiatutako apustu estrategikoa
Adur Ugartemendiak azaldu duenez, Rexcatering udalaren jasangarritasun estrategiaren barruan kokatzen da, eta hiru zutabe uztartzen ditu: ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa. Bere hitzetan, “jasangarritasuna ez da hondakin gutxiago sortzea bakarrik; sortzen duguna hobeto aprobetxatzea eta komunitatea indartzea ere bada”. Hala, elikagaien xahuketa murrizteaz gain, herritar guztiei baliabide horiek eskuratzeko aukera ematen zaie, eta, aldi berean, baliabide publikoen erabilera eraginkorragoa egiten da.
Ugartemendiak bereziki azpimarratu du proiektuaren atzean dagoen lankidetza-sarea: Beasaingo ikastetxeak —La Salle, Alkartasuna Lizeoa, eta Murumendi eskola— eta Arangoiti egoitza hasieratik inplikatu dira udaleko kale hezitzaileekin batera. “Ikasleen konpromisoa eta belaunaldi arteko elkarlana dira proiektu honen benetako indarra”, adierazi du.
Zer da Rexcatering eta nola funtzionatuko du Beasainen
Rexcatering elikagaiak berreskuratzeko sistema erraza eta eraginkorra da. Ikastetxeetako eta Arangoiti egoitzako jangeletan soberakin moduan geratzen diren jaki egokiak bildu, ontziratu eta kontserbatzeko prestatzen dira, segurtasun eta higiene berme guztiekin. Ondoren, herritarrek doan hartu ahal izango dituzte.
Ano horiek Loinazko San Martin plazako arkupeetan kokatutako Zero Zabor hozkailu adimendunean egongo dira, eguneko 24 orduetan eskuragarri. Sistema irekia da, erraza eta herritar guztientzat irisgarria estigmatizariorik eragin gabe: janaria berreskuratu, partekatu eta alferrik galtzea saihestuz.
Alvaro Saiz, Rexcatering Zero Zabor Fundazioko ordezkariak, azpimarratu du Beasaingo eredua berezia dela: “Lehen aldiz, udal bat ez da soilik finantzatzaile; zuzenean parte hartzen du eguneroko funtzionamenduan. Horrek proiektuaren eragin soziala handitzen du eta udalerri aitzindari bihurtzen du”. Fundazioa 2018an hasi zen eginkizun honetan eta egun 50 ikastetxek parte hartzen dute orain artean 45.000 razio hilero bataz beste banatuz. Elikagaiak gutxigorabehera hiru ordu terditan agortzen direla ere gaineratu du.
Hezkuntzatik eta komunitatetik eraikitako proiektua
Beasaingo kasuan, proiektuak dimentsio pedagogiko eta komunitario nabarmena du. Ikasleek eurek parte hartuko dute soberakinak jasotzen, ontziratzen eta makinan jartzen, elikagaien balioa eta kontsumo arduratsua praktikan ikasiz.
Era berean, Udaleko kale hezitzaileek Arangoititik datozen anoen garraioan lagunduko dute, gizarte arloa sistemaren parte operatibo bihurtuz. Horrela, elikagaien berreskuratzea eta esku-hartze komunitarioa eskutik doaz.
Ideiatik errealitatera egindako bidea
Proiektuaren ibilbidea ere azaldu du Mariola Pascualek. Kontatu duenez, lehen urratsa 2023 amaieran eman zen, hasierako bilera batekin. “Arangoitin eta ikastetxeetako jangeletan botatzen zen janaria ikusita, beharra argia zen. Horrek interesa piztu zigun eta Zero Zabor fundazioarekin batera hasi ginen lanean, Ongizate sailetik”, adierazi du.
Esperientzia bertatik bertara ezagutzeko, Portugaleteko Astileku ikastetxera bisita egin zuten. “Funtzionamendua ikusita oso balorazio positiboa egin genuen, eta horrek pausoa ematera animatu gintuen”.
Ondoren, proiektua ikastetxeei eta Arangoiti egoitzari aurkeztu zitzaien, eta guztien babesarekin martxan jarri zen lanketa. Joan den irailetik azpiegiturak prestatu dira —hozkailuak eta hutsean ontziratzeko makinak jarrita— eta parte-hartzaileek prestakuntza jaso dute. “Gaurtik aurrera makina betetzen hasiko gara, eta anoak astero berrituko dira”, gaineratu du. Lehen fase honetan makina bat jarri da baina bigarren fase batean eragile gehiago inplikatuz bigarren makina bat jartzeko aukera izango da.
Partekatzea, herria egiteko modu bat
Azken batean, Rexcatering ez da janaria berreskuratzeko tresna bat soilik. Herri gisa antolatzeko eta elkartasuna eguneroko ekintzetan txertatzeko modu bat da. Egoitza, ikastetxeak, kale hezitzaileak, herritarrak eta Udala zirkuitu berean lanean jartzen dituen sare publikoa da.
Helburua sinplea bezain esanguratsua da: gutxiago xahutu, gehiago partekatu eta elkar zaindu. Beasainek, horrela, jasangarritasunaren eta komunitatearen aldeko apustu sendoa berretsi du.




