Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Elikagaien bankuak janari bilketa egingo du maiatzaren 24 eta 25ean Beasainen

2024/05/23

Boluntarioen beharra nabarmendu dute eta telefono zenbakia jarri dute parte hartu nahi dutenen eskura

Beasaingo Udalak, urtean egitasmo honetara 33.338 euro bideratzen ditu elikagaien erosketarako eta hauen garraiorako

Nagusilan, Caritas, Gurutze Gorria, Beasaingo Udala eta Bergarako egoitzako elikagai bankuko ordezkariak, Udaberri garaian egiten den elikagai bilketan parte hartzeko deia zabaldu dute. Bere eginkizuna eta izateko arrazoia, gure inguruko marjinazio, langabezia eta pobrezia arazoetan dauden pertsonei laguntzea da.

Horretarako, elikagai soberakinak edo behar beharrezkoak diren beste artikulu batzuk bildu, biltegiratu eta doan banatzen ditu aldez aurretik homologatutako laguntza zentroen eta ongintza erakundeen bidez.

Boluntarioen beharra

Horretarako maiatzaren 24an eta 25ean, Beasaingo Eroski, Eroski-Ahizpak, Carrefour eta BMn supermerkatuetan egongo dira janari bilketa egiten. Bezeroek euren borondatez emandako elikagaiak biltzen dituzte edo erosketa bonuak eskuratuz.

Nagusilan elkarteko Patxi Plazaola, Joxe Mari Beitia Bergarako egoitzako ordezkaria, Carlos Unanua Beasaingo Caritas elkartetik, Ana Lasarte Gurutze Gorriko tokiko ordezkaritzatik eta Mariola Pascual Beasaingo Udaleko ongizate arloko zinegotziak eskainitako agerraldian, lan hau burutzeko boluntarioen beharra nabarmendu dute. 60 pertsona behar dituzte eta izena emateko 658 750767 telefono zenbakiarekin harremanetan jartzea eskatu dute (deituz edo baita waxapera idatziz).   

Urtean bi bilketa

Elikagaiak biltzeko bi kanpaina egin ohi dira: bata udaberrian orain eta bestea, garrantzitsuena, azaroaren amaieran, bilketa handia. 2023an Beasainen guztira 29.557 kilo janari bildu ziren. Beasaingo udalerrian bi kanpainetan jasotakoaren eta emandako kantitateen arteko aldea 7.433 kilo gutxiagokoa izan zen. Egoera hori arintzeko Gipuzkoako Elikagaien Bankuak produktu-erosketa egin behar izan ditu.

Udalaren konpromisoa

Gurutze Gorriko ordezkariak dira janari banaketaz arduratzen direnak: eskaera, prestaketa eta banaketa egiten dute hilean behin (abuztua ezik). Pertsona guztien ongizatea helburu hartuta eta inor atzean utzi gabe, Beasaingo Udalarentzat pertsona hauei elikadura bermatzea da oinarrizkoena. Elikagai bankuak elikagaiak lortzeko zailtasunak dituzten familiei eta pertsona bakartiei elikadura oinarrizkoa eskaintzen diete. Horrela, haien osasuna babesteaz gain, elikaduraren bidez duintasuna eta ongizatea ere sustatzen dute.

Beasaingo Udalaren kasuan konpromisoa erabatekoa da eta elikagaien banaketan parte hartzen du era honetan:

  • Bergarako elikagaien bankutik datozen elikagaien garraioaren gastua ordainduz.
  • Hilean behin herriko dendetan erosten diren elikagai freskoak ordainduz.
  • Gurutze Gorriari eta Gipuzkoako elikagaien bankuari, elikagaien banaketa  programa aurrera eraman dezaten diruz-lagunduz. Guztira urtean: 33.338€

Bestalde, Udala Gurutze Gorria eta Caritas-ekin koordinatzen da elikagai banaketa programaren onuradunen egoera baloratu eta orientazioak emanez.

Ongizate sailak egindako balorazioen baitan, momentu honetan Beasainen 113 familia daude elikagaien banaketa jasotzen dutenak. 329 heldu eta 0-3 urte bitarteko 15 haur. Denera 344 pertsona.

janari bilketa 20240522 1