Aldaxkak egiten irakatsiko da tailerraren orduan eta herriko ikasleen laguntzarekin sortutako azokako bonuak salgai egongo dira larunbat honetan ere; 10 euro erosi eta 20 gastatu

Bertako eta garaian garaiko produktuak eskuratzeko hileko lehen larunbateko azokak negu sasoiko elikagaien eskaintzarekin jarraituko du. Martxoaren 2an irekiko dituzte ateak hitzordu honetan kokatzen diren postuak.   

Tokiko produktuen azoka sustatzen eta indartzen ahalegina eginez, urtaro honi dagokion barazkiak nagusi izango dira postuetan. Bertakoak eta garaian garaiko, “0” Kilometroko elikagaiak. Hala, besteak beste, baratxuri freskoa, azalorea, aza, azelga eta ziazerbak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

Azokako erosketa bonuek jarraitzen dute

Beasaingo Udala Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeekin batera elkarlanean ikasleek proposaturiko ideiarekin jarraituz, azokan erosketak egiteko ohitura bultzatu eta bertako ekoizleak laguntzea helburu duten erosketa bonuak salgai izango dira larunbat honetan ere. Lau ikastetxeek parte hartu dute Erosketa bonu hauen diseinuan. Bonuak 20 eurokoak dira, erosleak 10 euro ordainduko ditu eta Udalak beste 10 euroak jarriko ditu honela 20 euro gastatu ahal izateko. Bonu bakoitza 5 euroko lau zatitan banatuta egongo da eta pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez.  

Aldaxkak egiten ikasi

Tailer didaktikoa da azokaren inguruan antolatzen den egitarauaren ekimen interesgarrietako bat. Azokan saltzen diren produktuak oinarri hartuta, ekoizleek eskainitako ikastarotxoa izan ohi da ardatz eta oraingo honetan Iñaki Azanza landare-saltzailearen eskutik Aldaxkak nola egin ikasi ahal izango da. 

Aldaxkak egitea lorezaintzako oinarrizko tekniketako bat da. Praktika herrikoia baino gehiago, landare jakin bat zabaltzeko aukera ematen diguna. Hala ere, itxuraz erraza izan arren, aldaxkak arrakastaz egiteko moduak badu bere mamia. Edo, hobeto esanda, bere trikimailuak. Izan ere, landare guztiek ez dute aldaxkak egitea onartzen, eta landare-espezie motaren arabera ere ez dira modu berean egiten.

Begiratu batean, aldaxkak egitea landare bateko zurtoin bat moztea da, beste bat berdin-berdina lortzeko. Horra teoria. Praktika oso bestelakoa da, ebaketak berak erabakitzen baitu gure etorkizuneko landarearen arrakasta. 

Egitaraua

Larunbat honetako azokako egitaraua beraz, hauxe izango da:

  • 10:00 Bertako produktuen azokaren hasiera   
  • 11:30 Aldaxkak (eskejeak) egiten ikasteko tailerra Iñaki Azanza azokako ekoizlearen eskutik
  • 12:00 Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek azoka girotuko dute.       
  • 13:30 Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.       
  • 14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.

Bertako ekoizleen eta baserritarren lana balioan jarri eta  kontsumitzaileek azoka eta bertako produktuak ezagutu eta horiek kontsumitzeak dituen onurak ezagutzera eman eta sustatzea da udalaren helburua. Era berean, bezero gazteak erakartzea eta harremanak sustatzeko topagune izatea ere bada asmoetako bat, azokak berarekin dituen onurek iraupena izan dezaten belaunaldi berrien artean. 

IMG 0774