Mirari mertzeria dendak irabazi du Bareak elkarteak Udalaren laguntzaz antolatzen duen Eguberriko erakusleiho lehiaketa

Lehiaketan bozka eman duten erosleen artean zozketatuko erosketak egiteko txeke-sariak banatu dira eta aurten erretiroa hartu duten merkatariak omendu dituzte 

Gabonetako erakusleihoen lehiaketako sari emate ekitaldia burutu da Beasaingo udaletxean. Honekin batera, lehiaketan bozka eman duten erosleen artean zozketatutako erosketak egiteko txekeak irabazi dituztenen izenak ere jakinarazi dira. Era berean, tokiko merkataritzarekin duen konpromisoari eutsiz, urteetan egindako lanari aitortza egin die 2023an erretiroa hartu duten merkatariei Udalak. 

Sariak ematen  Leire Artola alkatea eta  Elena Ruiz zinegotzia izan dira. Amaitzear den urte honetan udal agintariek sektore honekiko babesa, gertutasuna eta laguntza mantentzen jarraitzeko borondatea berretsi dute. Udal gobernuarentzat, tokiko ekonomia bultzatzeko eta indartzeko garrantzitsua da udalerriko denda eta saltokietan kontsumitzea. 

Tokiko merkataritzaren ezaugarriak balioan jarriz, gertukoa konfiantzazkoa izateaz gain arreta pertsonalizatuarekin lagunduta doa eta herri izaera indartzeko laguntzen du. Herrian kontusmitzea ezinbestekoa dela ere aipatu dute udal agintariek tokiko merkataritza indartsua izaten jarraitzeko.

Merkatari erretiratuei aitortza

Atxikimenduzko hitz hauen ondotik omenaldi eta sari ematearen txanda izan da. Lehenik 2023an erretiroa hartu duten merkatariak deitu eta oroigarri bana eman zaie. Aurtengo omenduak hauek izan dira: Marisa eta Elena Yañez  (Yañez bitxitegia), Jose Antonio Diez (Barrendain plazako estankoa), eta Antonio Jarit (oinetako konpontzailea). 

Eguberrietako erakusleiho lehiaketako sarituak

Bareak elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Eguberrietako erakusleihoen lehiaketako epaimahaia herritarren botoek eta Bareak elkarteko eta Udaleko ordezkari banak osatu dute. Edizio honetan 14 saltokik parte hartu dute eta emaitza hauxe izan da:  

  • 1go saria, Mirari mertzeria
  • 2.go saria, Argi optika
  • 3.go saria, Xalo arropa denda

Hiru sarituek garaikurra jaso dute eta denda irabazleak, hau da lehenengo sailkatuak, urte osorako erakusleihoa apaintzeko doako zerbitzua irabazi du (4 erakusleiho, bat denboraldi bakoitzeko).

Erosketa txekeen irabazleak

Bozketan parte hartu duten herritarren artean egindako erosketa txekeen zozketan hauek izan dira irabazleak: 

  • 200€: Arkaitz Remiro
  • 100€: Julio Higuero 
  • 100€: Manu Insua