Irailaren 14an izango da eta Euskadi eta nazioarte mailan mugikortasunean erreferentzia diren ikerketa zentro, unibertsitate eta adituek hartuko dute parte. Izen ematea zabalik dago Uda Ikastaroen webgunean

Arratsaldean pertsona orori irekitako “15 minutuko hiria” izeneko jarduera-saioa izango da,  espazio publikoaren eta bide-azpiegituren ezinbesteko transformazioaz hausnartu eta mugikortasun ohitura berriak sustatzea helburu duen tailerra

Beasaingo Udala eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren elkarlanari esker, irailaren 14an goizean, Igartzako jauregian burutuko da “Biharko mugikortasunaren gakoak” izeneko Uda ikastaroa. Iaz bezala, gaurkotasun itzela duen gaiari jarraipena emanez antolatu dute bi erakundeek ikastaroa; mugikortasun adimentsu eta jasangarria. Ikastaroan parte hartzeko izen ematea zabalik dago UIKren webgunean. Arratsaldean aldiz, "15 minutuko hiria" jarduera irekia ospatuko da. 

Beasain eta Igartza ezagutzaren topaleku

Uda Ikastaroak erreferente bihurtu dira euskal gizartearen kultura programazioan gizartearen desafioei buruz eztabaidatzeko topagune baitira. Arreta pizten dute eta Beasaingo Udalaren asmoa da Beasain eta kasu honetan Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzaren erreferentzia bihurtzea. Ikastaroak landuko duen gaiaren aukeraketa ez da kasualitate hutsa, Udal gobernuak tinko mantentzen baitu bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako erronkan. 

Azken honen aurrean, ezinbestekoa suertatzen da herritarren eskutik pedagogia egin eta gizarte honek dituen mugikortasun ohiturak aldatzea aukera jasangarriagoen alde egiteko. Uda ikastaro honek eta batez ere, arratsaldeko jarduera irekiak  bide horretan urrats bat gehiago eman nahi du, herritarrak gai honek duen garrantziaz jabetzeko eta gizarte bezala kontzientziazioa sortzeko. 

Etorkizuneko teknologia berriak 

Ingurumenarekin eta etorkizunarekin zerikusi estua duen gaia da mugikortasun adimentsuarena, konplexutasun handiko terminoez jantzi ohi dena. 

Mugikortasun adimentsu, elektriko, partekatu eta autonomoak iraultza bat suposatuko du gaur egungo ereduarekin alderatuta, garraiobide seguruago eta jasangarriagoak eskainiz. Digitalizazioa, Big Data eta 5G bezalako teknologiei esker, gure errepideetan desplazatuko diren ibilgailuak eta errepideak adimentsuak bilakatuko dira, elkarren artean belaunaldi berriko sentsoreen bitartez segundoko milioika datu partekatuz. 

Baina klima aldaketaren aurkako borrokan, hiri diseinuak ere paper garrantzitsua dauka, horregatik mugikortasunarekiko dependentzia murriztu eta oinez edo bizikletaz desplazatzeko erosoak diren hiri eta bide-azpiegiturak ere eskaini beharko dira, gure espazio publikoa birmoldatuz eta hiri-garapen berrietan diseinu irizpide berriak txertatuz.

Beasainen ospatuko den uda ikastaro honetan, mugikortasun sektoreko Renfe, CEIT, Tecnalia eta BasqueCCAM-eko adituak izango dira, baita hiri diseinuan erreferente diren Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (UPM) ikerlari eta CityFocus enpresako adituak ere. 

Mugikortasun ohituren hausnarketarako jardunaldi irekia

Baina teknologia ez da guztia, ezinbestekoa izango da herritarren sentsibilizazioa eta ohitura aldaketa bat ekuazioan sartzea klima aldaketari aurre egin eta benetako iraultza bat osatu nahi badugu. Zentzu honetan, arratsaldean herritar guztiei zuzendutako jardunaldi irekia ospatuko da; “15 minutuko hiria” izeneko saioa. Doakoa den saio honetan parte hartzeko izena eman beharko da hemen.

UPM eta CityFocus-eko ordezkariek tailer teoriko-praktiko bat zuzenduko dute herritarren eskutik, non mugikortasuna ardatz hartuta, gure herri eta hiri diseinuaren talde diagnosi bat egingo den. Ondorio horietatik abiatuta, dinamika desberdinak egingo dira helburu argi batekin: kutsagarriak ez diren garraiobideen aldeko sentsibilizazio eta kultura aldaketa bat sustatzea, beste hitz batzuetan esanda, egunerokoan oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasunaren alde egitea.

2019an Beasaingo Udalak eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) hitzarmena sinatu zutenetik, pandemia tarteko, hirugarrenez antolatu dute Uda Ikastaroa Beasaingo Igartza jauregian. 2019. urtean Alzheimerraren prebentzioari buruzko ikastaroa antolatu zen eta iaz, 2022an eta aurtengo edizioan, 2023an, mugikortasuna izango da hizpide.