Gazteen interesak eta nahiak ezagutu eta elkar lanaren bidez ekintza programa bat egituratzea da asmoa 

Horretarako gazteen partaidetzan aritua den Tinc enpresaren bitartez, inkesta batekin emango zaio hasiera prozesuari gazteen ideia eta proposamenak zeintzu diren ezagutu eta lantzen hasteko

Beasaingo Udalak herriko gazteekin loturak sortu eta bidenabar gazteei zuzendutako ekimenak sortu eta antolatzeko parte hartze prozesu bat martxan jarriko du. Asmoa, gazteekin elkarlanean Udaleko gazteria programa eraiki eta erronkak zeintzuk diren identifikatzea da. Honela, Beasaingo gazteekin batera, gazteei zuzendutako egitaraua irudikatu eta diseinatuko da. Herriko gazteriaren interesak, erreferenteak eta nahiak ezagutu, elkar lanaren bidez ekintza programa bat definitu ahal izateko.

Iaz haur eta nerabeekin

Iaz, 2021an, Beasaingo Udalak herriko haur eta nerabeen inguruan egindako diagnostikoaren ondorioak ezagutu eta herritarren aurrean aurkeztu eta kontrastatu zituen. Udal gobernuak hartutako konpromisoa betez, haur eta nerabeei zuzendutako politikaren oinarrientzako programak eta ekimenak finkatu zituen.

Beasaingo 7 eta 18 urte arteko haur, nerabe eta gazteei zuzendutako zerbitzu eta programak baloratzea helburu zuen diagnostikoak, nerabeen aisialdiaz, kirol edo kultur ohiturez, euskararen erabileraz, edota eguneroko beharrez ere hainbat informazio bildu zituen.

Hiru hilabeteko prozesua

Haren ondotik dator orain gazteekin egingo den lanketa edo prozesua. Denok dakigu nolako garrantzia duen gazteriak gizartean, horregatik eman nahi zaie ahotsa eta balioa.

Beasaingo Udala, TINC gazte-partaidetza prozesuetan espezializatutako enpresarekin lankidetzan, Beasaingo gazte guztiak gonbidatu nahi dira prozesu honetan parte hartzera hurrengo hilabeteetan. Euren artean hainbat gai interesgarri landuko dituzte, ondoren zer jarduera edo gazte-programa garatu nahi duten proposatzeko. Gauzak elkarrekin eginez, modurik onenean gazteei gehien interesatze zaizkien gaiak diseinatu eta landuko dira. 

Guzti honen helburua gazteen ahotsa entzutea da eta horretarako 3 hilabeteko iraupena izango duen prozesu bat jarriko da martxan Beasaingo Udaletik Tinc kooperatibarekin lankidetzan. Prozesuak 3 fase desberdin izango ditu:

Lehenengoan (entzun), inkesta labur baten bidez datuak jasoko dira ondorioak atera ahal izateko eta borondatea azalduko duten gazteak identifikatzeko ondorengo faseetan parte hartu dezaten. Galdetegia zabaldu eta hilabetez egongo da irekia parte hartu ahal izateko. 

Bigarren fasean (sorkuntza), ideazio prozesu bat egingo da. Horretarako, Tinc-eko kideek gidatuko duten prozesu baten bidez Beasaingo gazteei lagunduko diete ideiak eta proposamenak prestatzen ondoren Udalean aurkeztu ahal izateko. Lantaldean arituko dira galderak erantzun eta zalantzak argitzen.

Hirugarren fasean, prozesuan parte hartzen duten pertsonen artean eta aurkeztutako proposamen hoberenentzat sariak banatuko dira eta horretarako ospakizun egun bat antolatuko da amaieran. Egun berezia izango da non bozketa baten ondoren egindako lana eskertuko da. Martxoan izatea espero da prozesu osoaren amaiera. 

Aukera aparte izango da Beasaingo gazteen ikuspegitik herrian zer hobetu daiteken proposatzeko eta hala balitz aurrera eramateko. Beasaingo Udalak bere konpromisoa azaltzen du ekintza irabazleak martxan jartzeko eta gazteak entzun eta baloratzeko.

Proposamenak jaso, prozesuan lagundu, dituzten galderak erantzun, proposamenak landu, lantaldeko lana.