Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Beasain parekide

Neutraltasunik gabeko jarrera aktiboa eta herritarren parte-hartzea indarkeria matxistaren aurka

EUDELen adierazpenarekin bat eginez, gaitzespen hutsetik harago joateko eta eguneroko konpromisoa hartzeko eskatu du Udalak, bereziki negazionismoari eta mezu misoginoei aurre egiteko.

2025ean indarkeria matxistako 81 kasu artatu ziren eskualdean (horietatik 22 Beasainen), eta isilean geratzen direnen aurrean babesa ikusarazteko, Udalak puntu lilak banatuko ditu etxez etxe. 

Azaroaren 25ean, asteazkenean, ekitaldi bateratua egingo da Erauskin plazan, 18:30ean, Beasaingo Asanblada Feministak eta Asmube elkarteak bultzatuta.

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna den honetan, azaroaren 25ean, Beasaingo Udalak bat egin du EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak sustatutako adierazpen instituzionalarekin, indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela berresteko eta horri aurre egiteko konpromiso aktiboa exijitzeko. Errealitate horren larritasuna agerian uzteko, Udalak jakinarazi du 2025ean emakumeen aurkako 81 indarkeria kasu artatu zirela eskualdeko erakundeetan, eta horietatik 22 beasaindarrak izan zirela. Gaitzespen hutsetik harago begiratzeko garaia dela iritzita, Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu erantzukizun pertsonaletik zein kolektibotik jarrera aktiboa hartzera, eta asteazken honetan bertan, 18:30ean, Erauskin plazan egingo den ekitaldian parte hartzera.

Errealitatearen datuak eta puntu lilak etxez etxe

Eskualdean jasotako 81 kasuen eta Beasaingo 22 biktimen datuak mahai gainean jarrita, Udalak ohartarazi du kopuru horiek salatzen diren kasuei soilik dagozkiela, eta asko direla oraindik isilean gertatzen direnak.

Errealitate ikusezin horren aurrean guztion babesa ikusarazteko, Beasaingo Udalak indarkeria matxistaren aurkako sinbolo diren puntu lilak banatuko ditu etxez etxe. Herritar guztiak gonbidatu dituzte ikur hori auzo, atari, leiho eta establezimendu bakoitzean jartzera, gaitzespena adierazteko eta komunitate osoaren elkartasuna eta konpromisoa erakusteko, udalerrian indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa emate aldera.

Gaitzespenetik harago: isiltasuna haustea eta konpromisoa

Beasaingo Udalak bere egin duen adierazpenaren ardatz nagusia ekintzarako deia da. Dokumentuan jasotzen denez, indarkeria matxista desagerrarazteko ez da nahikoa erasoak argi eta garbi agertzen direnean arbuiatzea; ezinbestekoa da eguneroko inplikazioa. Udalak azpimarratu duenez, «indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak».

Testuinguru horretan, aurtengo aldarrikapenak fokua jarri du eguneroko portaera matxistetan, sare sozialen bidez zabaltzen diren mezu edo irudi misoginoetan eta gaur egun indarra hartzen ari den negazionismoan. Horiei aurre egiteko, isiltasuna haustea, harreman berdinzaleak sustatzea eta biktimak entzun, lagundu eta sostengatzea lehentasunezkotzat jo ditu erakundeak.

Era berean, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea den heinean, Udalak hainbat konpromiso zehatz hartu ditu bere gain:

  • Herritarrak kontzientziatzeko sentsibilizazio-kanpainak garatzea eta erantzun publikorako tresnak egikaritzea.
  • Salaketak eta alertak bideratzea, egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatuz.
  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak bultzatzea, prebentzioan eragiteko.
  • Herritarren sareak aktibatzea, biktimei laguntzeko eta, bereziki, gizonak eta mutilak berdintasunaren alde mobilizatzeko.

Arratsaldeko hitzordua Erauskin plazan

Azaroaren 25aren bueltan hilabete osoan zehar garatutako egitarauari segida emanez, aldarrikapena kalera aterako da asteazken honetan bertan. «Ez ginen atzera egiteko jaio / Frente al fascismo feminismo!!» lelopean, hitzordu bateratua antolatu dute 18:30ean Erauskin plazan.

Ekitaldian herriko eragile feministek eta emakumeen elkarteek protagonismo berezia izango dute, Beasaingo Berdintasun Kontseiluaren babesarekin:

  • Beasaingo Asanblada Feminista: «Indarkeria matxistaren gabeko bizitzen alde piztu argi morea!» ekimena gauzatuko du.
  • Asmube elkartea (Beasaingo Emakumeen Elkartea): Indarkeria matxistaren biktimak oroitzeko su-ontzia piztuko du. Horrez gain, Asmube koroaren emanaldia eta Irrikada dantza eskainiko dituzte bertaratzen diren guztien artean.