Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Beasain parekide

Indarkeria matxistaren aurrean komunitatearen indarraren erantzuna

Komunitatea dela babes-sare eta erreparazio gunerik eraginkorrena azpimarratu du Udalak Emakunde, EUDEL eta hiru Foru Aldundiek adostutako adierazpenarekin bat eginez

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren atarian, Beasaingo Udalak bat egin du Emakunde, EUDEL eta hiru Foru Aldundiek adostutako adierazpenarekin. Dokumentuak nabarmendu bezala, indarkeria matxistak beldurra, lotsa eta isiltasuna eragiten ditu, eta sarritan bakardadean uzten ditu indarkeria jasaten duten emakumeak, bereziki egoera ahulagoan daudenak: adinekoak, landa-eremuetan bizi direnak, desgaitasuna duten emakumeak edo migratzaileak, besteak beste.

Adierazpenak gogorarazten du komunitateak direla pertsonak konektatzeko eta babes-loturak sortzeko espazio eraginkorrenak. Auzokideen, lagunen edo koadrilen arteko harreman estuek goiz antzeman ditzakete arrisku-zantzuak, eta komunitate feministak, sororitatean oinarrituta, gorputzez eta emozionalki babestu ditzakeela indarkeria jasaten ari diren emakumeak, betiere haien erritmoak eta erabakiak errespetatuz.

Era berean, komunitateek funtsezko papera dute erreparazioan: kaltea aitortzea, indarkeria salatzea eta biktimari eta bere ingurukoei elkartasuna adieraztea ezinbestekoak dira herri seguru eta bidezko bat eraikitzeko.

Udalaren ardura eta konpromisoa

Beasaingo Udalak azpimarratu du tokiko erakundeek badutela ardura zuzena indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren komunitateak sustatzeko, eta indarkeria pairatzen duten emakumeak hartu, integratu eta babestuko dituen herri-eredua sendotzeko. Horregatik, Udalak hainbat jarduera garatzeko konpromisoa berresten du, dokumentuan jasotako ildo nagusiekin bat eginez.

Konpromiso nagusiak

  • Hurbiltasun-sareak indartu: topaguneak, komunitate-jarduerak eta elkarteen rola sendotuz, bereziki egoera zaurgarrienean dauden emakume eta neskak konektatzeko.
  • Harrera eta integrazio programak garatu, migratutako emakume eta neskengan arreta berezia jarriz.
  • Laguntza-sareak bultzatu hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi eremuetan, bertako talde eta zerbitzu publikoen arteko koordinazioa sendotuz.
  • Sentsibilizazio-kanpainak aktibatu, diskurtso matxistak eta konplizitateak desaktibatzeko.
  • Herritarren mobilizazioa sustatu, indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
  • Jai eta kuadrillekin aliantzak bultzatu, harreman osasuntsu eta bidezkoak indartu eta kode misoginoak eraisteko.
  • Emakumeen mugimenduari babesa eman, haiekin koordinazio estua mantenduz.

Beasain, indarkeria matxistari aurre egiteko komunitate sendo baten alde 

Beasaingo Udalak dei egiten die herritar guztiei indarkeria matxista desagerrarazteko borrokaren parte aktibo izatera, komunitate feministaren ikuspegitik, eta elkartasun, arreta eta zaintza sareak indartzera.

Amaitzeko, Udalak gogorarazi du gizarte osoaren konpromisoarekin posible dela emakume guztiek askatasunez, segurtasunez eta duintasunez bizitzea.

Dokumentu osoa

Panel morea eta elkarretaratzea

Azaroaren 25aren inguruan antolatutako egitarauko ekintzetatik, jada burutu diren jarduerak honako hauek izan dira: azaroaren 5ean Wikiemakumeak dokumentalaren emanaldia eta mahai-ingurua Igartzako jauregian; azaroaren 7an GOAZ antzerki taldearen Lotura Basatiak antzezlana Usurbe Antzokian; azaroaren 10ean Pornoaren aurrean, sexu-heziketa hitzaldia eta SEX! Beasaingo sexu-aholkularitza gune berriaren aurkezpena udaletxeko pleno aretoan; eta azaroaren 14ean Tabuen kutxatik oholtzara bertso-saio solidario musikatu berezia Usurbe Antzokian. 

Azaroaren 25ean, egingo diren jarduerak hauek izango dira: 18:00etan Panel Morearen inaugurazioa egingo da Erauskin plazan, Beasaingo Berdintasun Kontseiluaren eskutik; jarraian, 18:30ean, elkarteratzea izango da leku berean, Beasaingo Asanblada Feministak antolatuta. ASMUBE elkartearen koruak “Canción sin miedo” abestia kantatuko du “Ez gara lorontziak” performancearekin batera.