Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Bestelakoak

Goierriko merkataritza txikiaren etorkizuna bermatzeko eskualdatze zerbitzu berria jarri da abian

2026/09/23

Negozioei erreleboa prestatzen laguntzeko eta ekintzaile berriak martxan dauden establezimenduekin konektatuko ditu ekimenak

Goierriko merkataritza mahaia den BIDARIk eskualdatze zerbitzu berria aurkeztu du gaur, eskualdeko merkataritza txikiaren jarraikortasuna bermatzeko helburuarekin. Ekimenaren bidez, erreleboa behar duten negozioei prozesua planifikatzen eta prestatzen lagunduko zaie, eta, aldi berean, negozio baten ardura hartu edo jarduera berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei dagoeneko martxan dauden establezimenduekin konektatzeko aukera eskainiko zaie.

BIDARI Goierriko merkataritza mahaia da, eta bertan elkarlanean aritzen dira GOIEKI, eskualdeko merkataritza teknikaria, Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko eta Idiazabalgo udalak, eta Bareak eta Ordizian merkatari elkarteak. Elkarlan horren bidez, eskualdeko merkataritza-sarea indartu eta herrietako jarduera ekonomikoari eustea dute helburu.Ekimenaren aurkezpenean izan dira mahaia osatzen duten eragileetako ordezkariak. Bertan azaldu dituzte eskualdatze zerbitzu berriaren helburuak eta xehetasunak.

Goierriko merkataritzaren etorkizunerako tresna berria

Datozen urteetan establezimendu askok erreleboaren erronkari aurre egin beharko diote. Egoera horri erantzuteko sortu da BIDARIren eskualdatze zerbitzua, GOIEKIren, Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko eta Idiazabalgo udalen, eta Bareak eta Ordizian merkatarien elkarteen arteko lankidetzaren emaitza.

Zer eskaintzen du zerbitzuak?

  • Erreleboa prestatzeko laguntza pertsonalizatua
  • Negozio-jabeen eta ekintzaileen arteko bitartekaritza
  • Eskualdatze prozesuaren planifikazioa
  • Konfidentzialtasuna eta diskrezioa prozesu osoan

Nori zuzentzen zaio?

Batetik, datozen urteetan jarduera uztea aurreikusten duten negozioei. Bestetik, martxan dagoen negozio baten ardura hartu edo merkataritza-jarduera bati ekin nahi dioten ekintzaileei.

Herri bizien alde

Merkataritza ez da soilik jarduera ekonomikoa. Herri txikietan, komertzioek gertuko zerbitzuak eskaintzen dituzte, kaleei bizia ematen diete eta komunitatearen kohesioan laguntzen dute. Horregatik, BIDARIk tokiko merkataritzaren jarraipena sustatu nahi du, Goierriko herriek euren nortasuna eta dinamismoa mantentzen jarrai dezaten.

Informazio gehiago

Eskualdatze zerbitzuari buruzko informazio osoa eta harremanetarako datuak eskuragarri daude www.goierri.eus webgunean.