Egindako diagnostiko komunitarioak agerian utzi du bakardadearen eta osasun mentalaren arteko lotura estua, eta herri-estrategia zehatzak diseinatzeko oinarriak ezarri ditu
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatibak nahi ez den bakardadeari eta osasun mentalari buruzko diagnostiko komunitarioaren emaitzak aurkeztu dituzte herrian, Adinberriren Hariak estrategiaren testuinguruan, etorkizuneko herri-estrategia zehatzak diseinatzeko helburuarekin
Osasun mentala eta bakardadea, errealitate ezagunak dira Beasainen. Aurkeztutako azterlanak adostasun sozial handia erakutsi du herritarren artean: biztanleen % 77,2k uste du bakardadeak eragin handia duela osasun mentalean. Gainera, % 35,5ek bakardade-maila handia duela adierazi du, eta horrek fenomeno hau eguneroko ingurune hurbilean oso presente dagoela berresten du. Azterketak adierazten duenez, herritarren % 90ek uste du osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek ohikotasunez bizi dituztela bakardade-egoerak, isolamendu emozionalaren edo bazterkeriaren ondorioz.
Beasaingo udaletxean egindako diagnostikoaren emaitzen aurkezpenean, Leire Artola Beasaingo alkateak azpimarratu duenez, udal gobernuaren lehentasun nagusia pertsonak eta beasaindarren bizi-kalitatea dira, eta bizi-kalitate hori ezin da neurtu baliabide materialekin soilik. "Gaur argazki zintzo bat daukagu esku artean, baina orain dator politena eta garrantzitsuena: ekintza programa parte-hartzailea", adierazi du Artolak, lortutako emaitzak herriari itzuliko zaizkiola eta guztion artean nahi ez den bakardadeari aurre egiteko herri-estrategia zehatzak diseinatuko dituztela gaineratuz.
Herritarren parte-hartzea motor nagusi
Iker Zinkunegik aurkezpenean azaldu duenez, diagnostiko-prozesu honek balio izugarria du komunitateak berak eraiki duelako. Duela ia bi urte hasitako bide honetan, azken hilabeteetan herritarren, eragile sozialen, hezkuntza-komunitatearen, osasun-arloko profesionalen eta udaleko zerbitzuen inplikazio zuzena jaso du proiektuak. Parte-hartze zabal, anitz eta inklusibo honekin hasierako helburuak bete dira, herritarrak bidaide izan direlarik.
Proiektuaren ibilbidean sentsibilizazio aktiboa burutu da "Zulo Beltza" eta "Hitzak" ekimen artistikoen bidez. Horiei esker, ehunka helduk zein herriko lau ikastetxeetako ikasleek gaia landu, tabuak hautsi eta ekarpenak egin zituzten. Diagnosia osatzeko inkesta herritarrek eurek berrikusi eta findu zuten udaletxean egindako saio irekietan. Udalaren eta Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatibaren arabera, herritarren konpromiso hori gabe ezinezkoa izango litzateke udalerriaren errealitatea hain modu sakonean eta zintzoan ezagutzea.
Laguntza-sareak sendotzeko eta estigma gainditzeko erronka
Diagnostikoak agerian utzi du laguntza-sare komunitarioak sendotzeko beharra. Izan ere, familia da herritarren sostengu nagusia, eta komunitate-, auzo- zein erakunde-sareek balorazio txikiagoa jaso dute. Harremanak egiteko orduan, herritarrek traba emozionalak (beldurra edo segurtasunik eza), traba sozialak (ulermenik eza edo estigma) eta egiturazko mugak aipatzen dituzte. Ikerketaren gidaritza eraman duten Ainara Arnoso (EHUko Psikologia fakultateko irakasle eta ikertzailea) eta Maribel Pizarro (Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoko zuzendaria) adituekin batera, Edurne Elorriagak (EHU) ere parte hartu du zuzendaritzan, eta prozesu guztia Dar-Dar gizarte ekimenezko kooperatibak koordinatu du. Aditu hauek izan dira emaitzen ondorio eta interpretazioak azaltzen aurkezpenean.
Adinari dagokionez, bakardadea bizi-etapa guztietan hautematen bada ere, eragin handiagoa du adinekoengan, eta nerabezaroa une bereziki sentikorra dela ondorioztatu da. Gazteek maizago identifikatzen dituzte bakardade-egoerak eta estigma bezalako oztopoak; adinekoek, berriz, ondoez emozionalarekin lotzen dute gehiago. Diagnostikoaren azken ondorioak argi utzi du nahi ez den bakardadeari modu komunitarioan heldu behar zaiola, guneak indartuz, ekintzak adinaren arabera egokituz eta estigma murrizteko sentsibilizazioarekin jarraituz.
Aurkezpen saioan, 28 pertsona bildu dira, Beasaingo 7 elkarte eta 2 ikastetxe, ordezkatuz. Bertan, emaitzen eman dutenaz hitz egiteko aukera izan dute.
Hemendik aurrera aurreikusitako ekintzak
Iraila eta urria bitartean, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan sentsibilizazio-saioak egingo dira. Saio horiek antzerki-emanaldiak eta parte-hartze dinamikak izango dituzte ardatz, nahigabeko bakardadearen eta buru-osasunaren inguruko hausnarketa sustatzen jarraitzeko adin tarte honetan.
Zulo Beltza ekimenaren saioak gaztelaniaz eskainiko dira, herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten.
Ainara Arnoso eta Maribel Pizarroren gidaritzapean, herritarrekin lan-mahai parte-hartzaileak eratuko dira. diagnostikoan jasotako ondorioei ikuspegi komunitariotik erantzutea eta etorkizuneko ekintza-programa parte-hartzailea elkarrekin diseinatzea izango da helburua.
Prozesuaren eta diagnostikoaren datu nagusiak
-
429 herritarrek erantzun diote inkestari, 18 urtetik hasi eta 87 urtera bitartekoak.
-
6 hizkuntzatan jaso dira erantzunak, herriko kultur aniztasuna eta kolektibo zaurgarrienen errealitatea bilduz.
-
% 77,2k uste du bakardadeak eragin handia duela osasun mentalean.
-
% 35,5ek hautemandako bakardade-maila handia du gaur egun.
-
% 90ek uste du osasun mentaleko arazoak dituztenek ohikotasunez jasaten dutela bakardadea.
-
Lau ikastetxek eta ehunka herritarrek hartu dute parte sentsibilizazio-saioetan.
-
Bi urteko bidea: Proiektua duela ia bi urte hasi zen, legealdi planaren eta ekintza politikoaren zutabe nagusi gisa.



