Inkesta berria zabalduko da herrian. Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak bultzatutako proiektua bere ikerketa fasean sartzen da, herritarren parte hartzea ardatz nagusi hartuta
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak azken urtean herrian garatu duten “Nahi ez den bakardadea eta Buru Osasuna” proiektuak aurrerapauso garrantzitsua eman du eta diagnosi- eta ikerketa-fasera igaro da. Fase honen barruan, herritarren iritzia jasotzeko inkesta bat jarriko da martxan, Beasaingo errealitatea modu zehatzagoan ezagutzeko helburuarekin.
Zergatik inkesta bat?
Orain arte egindako lanek agerian utzi dute bakardadeak, estresak eta tristurak adin guztietako herritarrengan duten eragina, eta egoera horiek sakontasun handiagoz aztertzeko beharra dagoela. Inkestaren bidez jasotako informazioak aukera emango du diagnosi zehatzagoa egiteko eta, horren arabera, laguntza- eta prebentzio-neurri eraginkorragoak diseinatzeko.
Nondik dator ekimena?
Inkesta hau Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak elkarlanean bultzatutako proiektu zabalago baten baitan kokatzen da, herritarren ongizatea erdigunean jartzen duen politika publikoaren parte gisa. Antolatzaileen arabera, “herritarren ahotsa ezinbestekoa da egoera hauen benetako dimentsioa ezagutzeko eta Beasaingo ongizate komunitarioa sendotzeko”.
Nori zuzenduta dago eta nola parte hartu daiteke?
18 urtetik gorako herritarren iritzia jasotzeko, inkesta labur bat erabiliko da, eta Udalak adin horretatik gorako biztanle guztiak animatzen ditu bertan parte hartzera, euren iritziak eta esperientziak partekatuz.
Inkesta online zein paperean bete ahal izango da, eta sei hizkuntzatan egongo da eskuragarri: euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz, Beasaingo biztanle guztiek, jatorria edo hizkuntza-ohiturak edozein direla ere, parte hartzeko aukera izan dezaten.
Parte-hartze irisgarria eta lagundua
Inkesta betetzeko laguntza behar duten pertsonen parte-hartzea bermatzeko, herriko eragile desberdinen kolaborazioarekin inkesta betetzeko saio kolektiboak antolatuko dira.
Gainera, adin txikikoen parte-hartzea modu egoki eta seguruan bideratzeko, ikastetxeetan lanketa espezifikoak egingo dira, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean eta adinari egokitutako dinamikak erabiliz. Horrela, haurren eta nerabeen ikuspegia ere txertatuko da diagnosian.
Inkestaren zabalkundea herrian
Datozen egunetan, herriko eragile desberdinen laguntzarekin, inkestaren onlineko bertsioa zabalduko da e-mailez, WhatsApp taldeetan eta bestelako komunikazio bideen bidez. Halaber, kartelak jarriko dira herrian zehar, QR kodearen bidez inkestara zuzenean sartzeko aukera eskainiz. Udalak herritarrei eskatzen die inkesta betetzeko eta beren kontaktuekin partekatzeko.
Paperean betetzeko puntuak
Inkesta paperean betetzeko aukera ere jarriko da martxan datozen egunetan, eta 13 espazio egongo dira inkestak jaso eta uzteko, hainbat erakunderen kolaborazioari esker:
- Beasaingo bost farmaziak
- LHko ikastetxeak: Lizeoa, La Salle eta Andramendi Ikastola
- IGunea
- Antzizar kiroldegia
- Osakidetza, osasun etxea
- Urbiberri
- Eta beste zenbait gune
Informazio anonimoa, helburu komun baterako
Inkestaren bidez jasotako informazioa erabat anonimoa izango da, eta diagnostikoaren oinarri nagusietako bat bihurtuko da. Udalak herritarrei parte hartzeko deia egin die, azpimarratuz:
“Inkesta betez eta zabalduz, aldaketa positibo baten parte izango zarete. Zuen ekarpenak lagunduko du Beasain zainduago eta sendoago bat eraikitzen”.



